Pradalesek eskatu du Itun Ekonomikoa «errespetatzeko»

Itun ekonomikoa defendatu du, eta agerian utzi du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari ordaintzen diona jasotzen duena baino gehiago dela.

IMANOL PRADALES EAJ-REN LEHENDAKARIGAIA
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, Gasteizen. EAJ
gurutze izagirre intxauspe
2024ko martxoaren 20a
16:53
Entzun

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak itun ekonomikoa eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren finantzaketa sistema izan du hizpide gaur. Espainiako Antena3 katean egin diote elkarrizketa goizean, eta arratsaldean agerraldia egin du elkarrizketan hizpide izandako gai bat lehen lerrora ekartzeko: finantzaketa.

Kataluniako Gobernuko presidente Pere Aragonesek atzo aurkeztu zuen Kataluniarako finantzaketa sistema eredu berri bat, «Nafarroak eta EAEk dutenaren tankerakoa», eta proposamen hori aletzeko orduan aditzera eman zuen Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin duen itun ekonomikoa ez dela «solidarioa». Hori irauli nahi izan du Pradalesek, datuekin. Pradalesen arabera, Espainiako Estatuko biztanle kopuruaren %4,6 bizi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta baliabideen %6,25 ordaintzen du Eusko Jaurlaritzak, kupo bidez. Esan du barne produktu gordina %5,9 izanda ere %6,24 ordaintzen dela. «Lurralde eta erkidegoen funts bat dago, elkartasunerako, eta erkidego bakoitzak funtsetan dirua jartzen du, eta hortik ez dugu ezer jasotzen». 

Horrez gain, Jaurlaritzak kudeaketaren «arriskua» bere gain hartzen duela gogoratu du; dirua faltaz gero, ez dio Espainiako Gobernuak jartzen. Gogoratu du itun ekonomikoari esker «herri politikak» ordaintzen direla, hala nola industria politikak, hezkuntzarenak, osasun sistemarenak, gizarte politikak eta beste. Horrenbestez, «errespetua» eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.