ERCko zuzendaritzak Illa presidente egiteko akordioa hitzartu du sozialistekin. Itun hori «positiboa» iruditzen zaio Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, Kataluniako herritarrei aukera ematen dielako «autogobernuaren arloan aurrera egiteko».
Horri dagokionez, erran du atzo «kontzertu ekonomiko» izendatu dutela, baina ez dakiela «marko hori homologagarria den kontzertu ekonomikoarekin edo Nafarroako hitzarmenarekin», kasu horiek «oso zehatzak» direlako, eta, gainera, «konstituzioan aitortutakoak». Halere, uste du akordioak modua ematen duela «Katalunia orain arte eskatzen ari zen bidean aurrera egiteko».
Kataluniako kontzertu ekonomikoa «solidario» gisa ere aurkeztu dute, eta, horri lotuta, lerro artean galdetu diote EAEren ekarpen faltaz. Argi erantzun du, eta baieztatu «solidarioa» dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontzertu ekonomikoa ere. Espainiari ekarpena egiten diola zehaztu du: «80ko hamarkadaz geroztik adostuta dagoen 6,24aren arabera dagokigun zati proportzionalean, zeina, gainera, Euskadiko biztanleriaren pisua baino handiagoa eta Euskadiko BPGak Espainia osoan duen pisua baino handiagoa den».
Nafarroatik, berriz, balorazio gutxi iritsi da: Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak erran du ez duela akordioaren xehetasunen berri, eta, hortaz, ez duela inongo baloraziorik eginen. Ordea, gehitu du Nafarroako sistema «solidarioa» dela, eta Espainiari ekarpenak egiten dizkiola. «Guk Hitzarmen Ekonomikoaren lege bat dugu, Konstituzioan jasoa, eta bertan gauzak alde bietatik negoziatzen dira Espainiako Estatuarekin, eta horrela egiten jarraituko dugu».