Eskuin muturra baztertzea erabaki du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta ez da Voxekin bilduko datorren astetik aurrera alderdi politiko eta gizarte eragileekin egingo duen bilera sortan. Hala baieztatu du Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Pradalesek asteburu honetan Deia egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean iragarri zuen Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin elkartuko zela, Vox barne, «kortesia parlamentarioagatik», eta txikienetik hasita ekingo ziola bilera sorta horri. Baina gaur jakinarazi du Vox txanda horretatik kanpo utzi duela, ez duelako autogobernua babesten eta ez dituelako «oinarrizko printzipio demokratiko eta etikoak errespetatzen».
Eusko Jaurlaritzako hamabost sailburuek gaur egin dute ohiko gobernu bilera, Pradales bera buru izan dutela. Bilerak emandakoaren berri estreinakoz eman du Maria Ubarretxenak, gobernu osteko prentsaurrekoan, eta bertan eman du lehendakariaren erabakiaren berri. Ubarretxenak adierazi du alderdien eta eragileen bilera sortaren egutegi zehatzik ez dutela oraindik, baina bilkurak antolatzen ari direla pixkanaka.
Autogobernu sailburua ere bada Ubarretxena, eta iragarri du, hain zuzen, Espainiako Gobernuari bilera bat eskatu diola Gernikako Estatutua betetzeko falta diren eskumenen transferentziari buruz «lehenbailehen» hitz egiteko. Ubarretxenak adierazi du Gernikako Estatutua osorik betetzea gobernuaren lehentasuna dela, eta falta diren eskumenak bi urteko epean jasotzea dela helburua, EAJk Sanchezen gobernuarekin hitzartu moduan. Bada, Eskumenen Batzorde Mistoa ahalik eta azkarren berriz martxan jartzeko eskatu dio Angel Victor Torres Espainiako Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroari.
Jasotzeko dauden eskumenen artean dago Gizarte Segurantza. Ubarretxenak aitortu du haren transferentzia «konplexua» dela. Horregatik, iradoki du Jaurlaritzak lehentasuna emango diela eskualdatzeko «errazagoak» diren eskumenei, hala nola itsasertzaren edo portuen eta aireportuen kudeaketari. Edonola ere, sailburuak esan du hasieratik «buru-belarri» diharduela lanean eskumen guztiak jasotzeko.
AHTa eta Guggenheim
Abiadura handiko trena ere izan du hizpide agerraldian Ubarretxenak. Izan ere, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak Ezkio-Itsasoko lotunea (Gipuzkoa) «ezinbestekoa» dela esan ondoren, gaur Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu du Gasteiz dela teknikoki biderik aproposena Bilbo eta Donostia Iruñearekin lotzeko. Ubarretxenak ez du aldundien arteko aurrez aurreko horretan sartu nahi izan, ordea, eta adierazi du Espainiako Gobernuaren azterketa teknikoa amaitu arte itxarongo dutela ezer esan aurretik.
Argi mintzatu da, berriz, Urdaibaiko Guggenheim museoaz. Pradalesen hitzak berretsi ditu bozeramaileak, eta esan du Eusko Jaurlaritzak proiektua babesten duela. Ubarretxenak gogorarazi du EAJren eta PSEren arteko gobernu itunean jasota dagoela, eta Busturialdea-Urdaibai suspertzeko plan estrategikoari lotuta dagoela museoa.
Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua ere atera da prentsaren aurrera, eta jakinarazi du sindikatuekin eta patronalekin elkartuko dela bera ere, behin lehendakariak bere bilera erronda amaitu ostean. Hain zuzen ere, Confebaskek, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk, Konfekoopek eta Aslek bilera egiteko prestasuna azaldu diote dagoeneko, adierazi duenez. Bilera horietan hizpide izango dituzte, besteak beste, langabeziaren eta lan baldintzen ingurukoak. Bada, enpleguaren sorrerak udari motel ekin badio ere, datuak «ezin hobeak» direla azpimarratu du, enplegua sortzen jarraitzen delako eta afiliazioetan beste marka bat ezarri delako.
Osasun sailburuaren gutuna
Alberto Martinez Osasun sailburuak Gurutzeko ospitaleko lankide izan dituen profesionalei gutuna bidali die, eta berretsi die «erabateko fedea» duela osasun sistema publikoan. Osasun sailburuak esan du ezagutzen dutenek badakitela hori, eta haren ibilbide profesional osoa Osakidetzan, Gurutzetako erietxean egin izana horren adibide dela esan du: «Inoiz ez dut arlo pribatuan lan egin».
Lankideei esan die ez zuela zalantza egin Pradalesek sailburu izateko egin zion eskaintza onartzerakoan, eta, «koherentzia eta arduragatik», hain zuzen ere, ez duela osasun sistema publikoa utzi pribatuan jarduteko. Osasun sailburuak esan du pertsona «zorrotz eta diziplinatutzat» daukala bere burua, eta hutsik ez egitea espero duela. Aurrera begira, lankide ohiei esan die elkarlanean aritu nahiko lukeela haiekin «oso zaila baina erakargarria» den aro berrian.
Saez de Castillo, Melgosaren ordez
EAJk iragarri du Pedro Saez de Castillok (Gasteiz, 1973) ordezkatuko duela Nerea Melgosaren lekua Eusko Legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu izendatu ondoren etorri da aldaketa.
Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziaduna da Saez de Castillo, eta bi hamarkada daramatza Egibiden lanbide heziketako irakasle gisa lanean. Orain arte, Giza Baliabideak eta Administrazio Publikoa irakasgaiak eman ditu bertan. Eusko Legebiltzarreko Euzko Abertzaleak taldeko kidea da gaur goizetik.