Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri duenez, adituen batzorde bat jarri dute martxan, «hezkuntza sistema ebaluatzeko eta hobetzeko». Izan ere, uste du badagoela zereginik: «Euskal gizarteak eta Eusko Jaurlaritzak bat egiten dugu gure hezkuntza sistemaren emaitzak hobetzen jarraitzeko erronkarekin». Pradales bera eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua gaur bildu dira batzorde horretako kideekin, Gasteizen. Azaldu dutenez, adituen talde independente bat da, eta ospe handia dute ikaskuntzaren, ikerketaren eta hezkuntza berrikuntzaren arloan.
Lehendakariak jarraitu beharreko gidalerro nagusien berri eman die. Nabarmendu duenez, jakin badaki «arazo konplexuak» ezin direla «erantzun sinpleekin» konpondu. Horregatik, eskatu die bost «gai garrantzitsu» buruan izanda lan egiteko: balioak kontuan hartzeko, autoexijenteak izateko, askeak izateko, ebidentzia zientifikoak errespetatzeko eta ausart jokatzeko. Halaber, haien esana ere aintzat hartuko dutela ziurtatu diete: «Gure konpromisoa da zuen ikuspegia gure estrategian txertatzea, emaitzak hobetzeko helburua lortze aldera».
Horretarako, finkatu dituzte taldeak izango dituen helburu zehatzak ere. Batetik, ebaluazioari buruzko ikuspegiak partekatzea, «ikuspegi ireki eta enpatiko batetik». Bestetik, hezkuntza sistemaren ebaluazioei eta adierazleei buruzko diagnostikoa egitea. Horietaz gainera, «ebaluazioaren erronkei» erantzuteko lan ildoak identifikatzea nahi dute, baita ebaluazioarekin lotutako «lehentasunezko proiektuak» zehaztea ere, «epe laburrean Hezkuntza Sailetik bultzatzeko».
Proiektu zehatzak
Jarraibideak ematearekin batera, zenbait proiektu ere nabarmendu dituzte. Besteak beste, hauek: hezkuntza programak ebaluatzeko eredu bat definitzea; irakaskuntza ebaluazioren erronkari aurre egiteko eredu bat definitzea; eta programa bat diseinatzea, ikastetxeak ebaluazio diagnostikoen emaitzen interpretazioari, erabilerari, komunikazioari eta balioari buruz kontzientziatzeko, prestatzeko eta laguntza emateko.