Pradalesek adierazi du «aldebiko harreman berri» baterako garaia dela

Lehendakariak kontzertu ekonomikoaren eredua baliatu nahi du aldebiko harreman hori arlo instituzionalean eta politikoan garatzeko.

Pradales lehendakaria, gaur goizeko ekitaldian. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU
Pradales lehendakaria, gaur goizeko ekitaldian. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko irailaren 11
11:35
Entzun

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren helburu ekonomiko eta politikoak izan ditu hizpide Forum Europak antolatutako ekitaldian. Hartan, egungo autogobernua «bermatzea eta berritzea» jarri du helburu, eta, horretarako, EAEko erakundeen eta Espainiako Estatuaren arteko «aldebiko itun politiko berri bat» babestu du. Kontzertu ekonomikoaren defentsa ere egin du, Kataluniako finantzaketaren inguruko eztabaida politikoak hartan izan dezakeen eraginak «kezkatuta».

Pradalesek zehaztu du euskal erakundeen eta estatuaren arteko «aldebiko harreman berri» horrek izan beharreko ezinbesteko bi elementu direla «errealitate nazionalaren aitortza» egitea eta «autogobernuaren berezitasuna» onartzea. Gainera, defendatu du adostutakoa betetzen dela ziurtatzeko «berme sistema bat» ere ezarri behar dela, eta horretarako kontzertu ekonomikoaren eredua baliatzearen alde egin du: «Ekonomia itunaren ereduak aukera paregabea irekitzen digu Euskadiren eta estatuaren arteko harreman instituzional eta politikoan ate berri bat zabaltzeko, aldebikotasuna bermatzeko».

Halere, Pradalesek esan du ez dela Eusko Jaurlaritzaren eginbeharra bide horri ekitea. Hala adostu zuten EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioan, eta, ondorioz, jeltzaleek bere gain hartu zuten prozesuaren lehen zatiaren gidaritza: Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak aste hasieran azaldu zuen irailaren amaieran edo urriaren hasieran hasiko duela afera horren inguruko bilera erronda bat gainerako alderdiekin. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren lana izango da lan «diskretu» horiek «giro onean» egiten direla sustatzea, Pradalesen beraren esanetan.

«Ekonomia itunaren ereduak aukera paregabea irekitzen digu Euskadiren eta estatuaren arteko harreman instituzional eta politikoan ate berri bat zabaltzeko»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Hain zuzen, lehendakariak uste du «Euskadin zein estatuan ahalik eta kontsentsu handiena» eskuratzea izan behar dela helburua, eta uste du horretarako «aukera aparta» dagoela egungo jokalekuan, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek «errealitate plurinazionalaren aitortzaren» alde egin ostean: «Ausartak izateko ordua da. Iritsi da garaia Euskadiren etorkizunerako itun handi bat adosteko, 1979ko akordioaren dimentsioa, anbizioa eta irismena gaindituko dituena». Era berean, baina, Pradalesek Gernikako Estatutua betetzean egin du indar, hura 2025erako osatu dadin. Hala adostu zuten EAJk eta PSOEk Sanchezen inbestidurarako akordioan.

Autogobernuaren auzia baztertu gabe, Pradalesek kezka azaldu du Kataluniako finantzaketa ereduak EAEko kontzertu ekonomikoaren gain izan dezakeen eraginagatik ere, uste baitu «asmo txarreko» mezuak zabaldu direla, «elkartasunik eza» argudiatuta. Horren inguruan, baina, lehendakariak adierazi du «solidarioa, eraginkorra eta gardena» dela, eta Espainiako Konstituzioaren eta Europako Batasuneko erakundeen babesa duela. «Akatsak oso garesti ordainduko genituzke. Hemen ez dugu salba gaitzaken aita estaturik», gaineratu du.

Adostasun bila

Euskal Herriko eta nazioarteko jokalekuaren interpretazioa egiterakoan, Pradalesek «Europa jotzen ari den olatu antidemokratikoa» aipatu du, eta «muturrei» eta «demagogia populistari» egin die erreferentzia. Horrekin lotu du jardun politikoan «gizalegez» aritzeko egindako itun proposamena.

Hain zuzen, alderdiak hasi dira gaiaren inguruko proposamenak aurkezten, eta horren inguruan galdetu diote Pradalesi. Haren esanetan, berak aurkeztutako testuaren xedea da «oinarrizko joko arauak» ezartzea, baina orain alderdiei dagokie haren gaineko proposamenak aurkeztea eta «adostasun zabal bat» lortzea. «Sakondu eta zabaldu badaiteke, ongi etorria izango da».

«Garrantzitsuena da ea zergatik 2024. urtean Euskadik ez duen abiadura handiko trenik. Erabaki onena hartzeko beharrezko xehetasun guztiak izateko informaziorik gabe jarraitzen dugu»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Bolo-bolo dabiltzan beste bi gai ere jorratu ditu lehendakariak: euskal Y-aren eta Iruñearen arteko lotunea eta Osakidetzarako ituna. Lehenari dagokionez, ez du sartu nahi izan Arabako eta Gipuzkoako arduradun politikoen arteko xextran, eta esan du, besterik gabe, AHTa lehenbailehen iritsi behar dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoara: «Berandu goaz». Kulpa, baina, Madrili egotzi dio. «Garrantzitsuena da ea zergatik 2024. urtean Euskadik ez duen abiadura handiko trenik. Erabaki onena hartzeko beharrezko xehetasun guztiak izateko informaziorik gabe jarraitzen dugu», adierazi du. Eta gehitu du egin gabe daudela Burgos eta Gasteiz lotzeko bidea eta Hendaiatik Europa iparralderanzkoa ere.

Osasun itunaz galdetuta, Pradalesek azaldu du eragileen arteko hurrengo bilkura hilaren 25ean egitekoa zela, baina zenbait parte hartzailek hura atzeratzeko eskatu dutela, Osasun Sailak aurkeztutako dokumentazioa irakurtzeko eta proposamenak egiteko. Era berean, ELAri mintzatu zaio, eta esan sindikatu hark «bere burua baztertzea» erabaki zuela, «euskal gizartearen eskaera nagusiari» erantzuteko mahaian parte hartu beharrean: «Aulkia gordeta dago etorri nahi badu; espero dugu laneko arropa janztea».

Industria, «motorra»

Arlo ekonomikoan «erabaki ausartak» hartzeko ordua dela azaldu du Pradalesek, eta hiru ardatz lantzeko beharra azaldu: industria politika, inbertitzeko gaitasuna eta aurrekontu berriak. Azaldu du industria dela «Euskadiren motorra», eta helburua dela «ekonomia dinamiko eta irekiago baterako» egitasmoak garatzea: «Euskadiren eraldaketa teknologiko eta industrialean jauzi kualitatibo bat egin behar dugu, eta orain egin behar dugu». Era berean, azaldu du Eusko Jaurlaritzak urriaren 29ko gobernu kontseiluan onartu nahi duela 2025erako aurrekontu proposamena. Hura ere «jauzi kualitatibo bat» egiteko xedez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.