Pradales Washingtonen: «Trump eta haren eldarnio inperialistak baino gehiago dira AEBak»

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eskatu dio AEBetako euskal diasporari «zubi lana» egin dezala EAE eta Ipar Amerikaren arteko «lotura ekonomiko, politiko eta kulturalak» indartzeko.

Imanol Pradales lehendakaria, Washingtongo euskal komunitatearekin. JON RODRIGUEZ BILBAO
Imanol Pradales lehendakaria, Washingtongo euskal komunitatearekin. JON RODRIGUEZ BILBAO
xabier martin
2025eko martxoaren 11
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales AEBetan da, eta Washingtongo euskal disporarekin topaketa bat egin berri du. Bertatik bertara eskatu die han bildutako enpresari, politikari eta beste eragile batzuei ahalegin berezi bat egin dezatela «Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Ipar Amerikako herrialdearen arteko lotura politiko, ekonomiko eta kulturalak indartzeko», egungo egoera garrantzitsuan: «Zuen ekarpena behar dugu. Ordezkatzen duzuen euskal diaspora berriaren bultzada behar dugu. Hemen gure antenak izatea nahi dugu, eta bidean sortzen diren aukerak guri identifikatzen laguntzea».

AEBetara egin duen lehen bidaia ofizialean, Pradales aho bilorik gabe aritu da hango presidente Donald Trumpen muga zergen politikaren aurka. «Demokrazia, bakea, askatasuna, segurtasuna, berdintasuna eta justizia soziala» defendatu ditu, eta ziurtatu du «Europako Batasunaren balio horiekin ere bat datorrela herri amerikarra ere». Izan ere, Pradalesen arabera, «Trump eta haren eldarnio inperialistak baino gehiago dira AEBak».

Finean, «harreman atlantikoa indartzeko aliantza» berrien bila joan da Jaurlaritzako gobernuburua AEBetara; Pradalesek helarazi du sare politiko eta enpresa sare berriak josi behar direla; nazioarteko akordio komertzialak defendatu ditu «protekzionismo basatiaren aurrean», eta «guztientzako onura indartsuenaren legearen aurrean».

Bilera Guggenheimekin

Pradales agenda bete-betea izaten ari da AEBetako bidaian eta gaur Guggenheim fundazioko ordezkariekin bildu da New Yorken. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia alboan izan du, eta, besteak beste, Miren Arzallus Bilboko museoko zuzendari berria aurkezteko baliatu du bilera.

Hizketagai nagusia, baina, ez da Bilboko museoa izan, Urdaibaikoa baizik. Jaurlaritzak publikoki onartu du haren aldekoa dela eta bere asmoaren xehetasunen berri eman zion fundazioari. 

Pradalesek esan du Bilboko museoaren «arrakasta» ukaezina dela eta haren efektu positiboa Bizkaiko beste gune batera zabaldu nahi duela. Halaber, eta aurkako iritzien aurrean, egin beharreko azterketa guztiak egingo dituela iragarri du. Fundazioko arduradunek, haien aldetik, ere nabarmendu dute azterketa propioak egingo dituztela kokapena egokia den jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.