Pradales gaur izendatuko dute lehendakarigai, EAJren lehen hauteskunde ekitaldi handian

Ezohiko Aberri Batzarrak belaunaldi erreleboa egingo du Durangoko Landako gunean. Zenbait legebiltzarkide historiko ez dira egongo afiliatuek onartuko dituzten zerrendetan.

(ID_13380328) ESPAÑA PARTIDOS PNV
Iñigo Urkulluren eta Imanol Pradalesen arteko besarkada, artxiboko argazki batean. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2024ko urtarrilaren 27a
05:00
Entzun

EBBren proposamenak alderdikideen oniritzia jasoko du gaurr, ezohiko Aberri Batzarrean, eta Imanol Pradales EAJko lehendakarigai izendatuko dute modu ofizialean. Durangoko (Bizkaia) Landako gunean egingo du batzarra EAJk; hortaz, Eusko Legebiltzarrerako bozetarako lehen ekitaldi handia izango da —afiliatuak «ekitaldi garrantzitsuan» parte hartzera deitu ditu zuzendaritzak—, eta Bakartxo Tejeria ere Eusko Legebiltzarreko presidentegai bihurtuko dute han, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste zerrendakideekin batera. Halaber, Europako Parlamenturako hautagaia ere jakinaraziko dute.

2024ko Aberri Batzarra erreleboarena izango da, nolanahi ere. Zenbait buru jeltzaleren agurra berretsiko dute zerrendek, eta orain arte Gasteizko ganberan egon ez diren beste hainbaten iritsiera ere bai. Izan ere, Iñigo Urkullu ez doa bakarrik: kide historiko batzuek ere parlamentua utziko dute harekin batera. Hasteko, Joseba Egibarrek. GBBko presidenteak agur esango dio legealdi honetan Eusko Legebiltzarrari, 34 urteren ondoren. Alderdiaren buruzagitzan Xabier Arzallusen lekukoa hartzetik hurbil egondako politikariak GBBko presidente gisa jarraituko du urte bukaerara bitarte, batzorde exekutiboa berritzeko prozesua amaitzen den arte. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia dago haren tokia hartzeko hautagaien artean. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburua da Gipuzkoako EAJren zerrendan azaltzen ez den beste kide historiko bat. 2012ko abendutik izan da sailburu, Urkulluren deiak Espainiako Kongresuan zuen eserlekua uztera behartu zuenetik; ordutik, haren sailbururik sendoenetakoa izan da.

Sailburu gehienen agurra

Tapia ez da agur esango duen sailburu bakarra, alderdian egingo den erreleboak Jaurlaritza berritzea ere eragingo baitu, betiere EAJk gobernatzea lortzen badu. Izan ere, Nerea Melgosa baizik ez da azaltzen biharko batzarrak berretsiko dituen zerrendetan. Hura izan zitekeen Arabako zerrendaburua, baina oinarriek Joseba Diez Antxustegi hautatu dute ezustean, orain arte Urkulluk betetzen zuen toki hori betetzeko; Pradales Bizkaiko zerrendaburu gisa doa. Legebiltzarreko kide izateko hautagaien ordena EBBk erabakiko du, azkenerako.

Joseba Egibarrek agur esango dio Eusko Legebiltzarrari legealdi honetan, 34 urteren ondoren. GBBko presidente gisa jarraituko du urte bukaerara bitarte.

Edonola ere, Bingen Zupiria, Pedro Azpiazu, Gotzone Sagardui, Olatz Garamendi eta Jokin Bildarratz sailburuak ere ez daude zerrendetan, baina aurreko bozetan ere ez zeuden. Hau da, baliteke baten batek gobernuan jarraitzea, EAJk Jaurlaritza eskuratuz gero. Josu Erkoreka Segurtasun sailburua ere ez da hautagai izango, eta aurreko bozetan zerrendan zegoen.

Arabako zerrendan eserleku bat lortu zutenetako batzuk ere ez dira egongo zerrenda berrietan; lehen-lehenik, Jose Antonio Suso ABBko presidentea. Alderdi barruko kargua ere luze gabe utziko duela iragarri zuen iaz. Rakel Molinak eta Unai Grajalesek ere ez dute jarraituko. Izen berrietako batzuk dira, berriz, Jonathan Moreno, Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiaren aholkulari izan zena, eta Laudioko alkate ohi Ander Añibarro.

Olano eta Barandiaran

Gipuzkoari dagokionez, eskarmentu handiko hautagai batzuk azaltzen dira badoazenen hutsuneak betetzeko. Markel Olano eta Xabier Barandiaran nabarmendu daitezke zerrendan; biak ala biak EAJko ildo subiranistenaren ordezkari dira. Halaber, Maria Eugenia Arrizabalagaren izena ere badago hautagaien zerrendan, baita Olatz Peonena, Elena Leterena eta Garikoitz Mendizabalena ere.

Bizkaian, berriz, orain arteko legebiltzarkide batzuek eserlekuan jarraitzeko aukera asko dituzte; adibidez, Jon Aiartzak, Maitane Ipiñazarrek, Mikel Arruabarrenak eta Jon Andoni Atutxak. Iñigo Iturratek ez du jarraituko. Europako Parlamenturako hautagaien zerrenda ere jakinaraziko du EAJk, Durangon. Izen ugari eman ditu alderdiak, baina zerrendaburuak bakarrik izango du Izaskun Bilbaoren lekukoa hartzeko aukera. Zerrenda horretan azaltzen dira, esate baterako, Daniel Innerarity eta Xabier Ezeizabarrena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.