Bigarren hezkuntzako Gasteizko Salburua institutuan irailean abiatu zuten ikasturtea, baina gaur egin dute inaugurazio ofiziala Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Ikastetxeko zuzendari Andres Etxebarriak lagunduta bisitatu dute ikastetxea, goizean. Lehendakariak nabarmendu duenez, hezkuntza azpiegituretan inbertitzea «ikasleen ongizatearen alde» egitea ere bada: «Hezkuntza sistemaren kalitatearen, ekitatearen eta iraunkortasunaren alde egitea da. Eta horrek guztiak zuzenean eragiten du motibazioan eta arrakastan».
Ikasleei «tresnarik onenak» ematearen alde mintzatu da Pradales, eta, halaber, irakasleei eta ikasleei eskatu die «autoexijentziaz» joka dezatela. Ikastetxeko bisitarekin lotuta, institutuko Eskola Kontseiluko kide diren hiru ikaslek azaldu dute ikastetxeak zer ezaugarri dituen; horrez gain, ikastetxeko ikasle guztiek idatzi dituzten gutunak jaso, denboraren kapsula batean sartu eta institutuko lorategi batean lurperatu dituzte.
Pradalesek gogoratu du Salburuko ikastetxea legealdi honetako inbertsiorik garrantzitsuenetako bat dela. Proiektua Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren barruan dago, eta, hain zuzen, estrategia horren bitartez lortu nahi den ikastetxe guztiak gune «modernoak, irisgarriak eta jasangarri» izatea eta «metodologia pedagogiko aurreratuenekin» bat egitea. Egitasmoak 750 milioi euroko aurrekontua du hezkuntza azpiegituretan inbertitzeko, eta, azaldu dutenez, 250 «esku hartze» baino gehiago egingo dituzte harekin lotuta.
Irakasleen ezinegona
Institutuko irakasleek, ordea, aldarrikapenerako baliatu dute bisita. Argazki gutxiago eta baliabide gehiago leloa hartuta, ezinegona adierazi dute protesta bat eginez. Salatu dute ikastetxeak baliabideak falta dituela, eta ohartarazi ez euskaraz ez gazteleraz ez dakiten ikasle iritsi berriak «abandonatuta» daudela. Besteak beste, psikologoak galdegin dituzte, baita ikasleen askotariko beharrei erantzuteko profesionalak eta iritsi berri diren ikasleek hizkuntza ikasteko «plan errealak» ere.

Bide beretik, eredu pedagogikoa garatzeko «denbora eta baliabide gehiago» eskatu dituzte, eta «burokratizazio gutxiago». Hezkuntza komunitatearen erabakiak aintzat hartzea galdegin diote Jaurlaritzari, eta gogorarazi protestan jarraituko dutela ikasleentzat «kalitatezko hezkuntza» lortzen den arte.