Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Imanol Pradales lehendakaria 1937an kolpistek fusilatutako Alfredo Espinosa Oriberen familiarekin harremanetan jarriko dela. Hain zuzen, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak atzo eskatu zion Pradalesi zuzentzeko ekinaldi instituzional bat Espinosari «beharrezko ordaina emateko eta frankismoak kendutako duintasuna berreskuratzeko».
Ikusi gehiago
Jaurlaritzaren arabera, Pradalesek familiari galdetuko dio ea Espainiako Gobernuari eskatu nahi dion Espinosaren kontrako heriotza zigorra deuseztatzeko, eta zehazteko ea «zein pauso eman daitezkeen». Maria Ubarretxena Jaurlaritzako eledunak eman du lehendakariaren erabakiaren berri, Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean. «Lehendakariak bere egiten du Alfredo Espinosaren familiaren mina, baita frankismoaren gainerako biktimena ere».
Ubarretxenak baieztatu egin ditu atzo Giza Eskubideen Behatokiak esanak: Memoria Historikorako eta Demokratikorako legearen arabera, Gogora institutuarena eta, ondorioz, Jaurlaritzaren eskumena dela «franskimoaren biktimen memoria erreparatzea eta berreskuratzea». Eta gaineratu du horretarako konpromiso «tinkoa» duela egungo gobernuak. Espinosari dagokionez, baita haren irudia eta «balio demokratikoak» nabarmentzekoa ere.
Alfredo Espinosa Eusko Jaurlaritzako lehen Osasun sailburua izan zen, kolpistek 1937ko ekainean fusilatu zuten arte. Ekainaren 21ean Tolosatik (Okzitania) Asturiaserako bidea egitekoa zen hegazkinez. Baina Air Pyrenees konpainiako pilotu Jose Maria Yanguasek —aurrez, besteak beste, Jose Antonio Agirre lehendakaria ere garraiatu zuenak— saldu egin zuen, eta matxura baten aitzakiapean Zarauzko hondartzan (Gipuzkoa) lur hartu zuen. Atxilotu eta Gasteizko Karmengo komentuan espetxeratu zuten, eta ekainaren 26an fusilatu.
Horiek hala, Giza Eskubideen Behatokian ekinaldi instituzional baterako urratsak eskatu zizkien atzo Espainiako Gobernuari eta Pradalesi, Espinosa Oriberen ondorengoen babesarekin. «Proposamena egokia iruditu zitzaigun, eta ekinaldia eskertu genien», adierazi zion atzo BERRIAri Alfredo Espinosa Gomezek, Espinosa sailburuaren semeak.
Xedea litzateke Espainiako Gobernuak adieraztea Espinosa heriotza zigorrera zigortu zuen gerra kontseilua «legez kanpokoa eta ez-legitimoa» izan zela, eta hark beharrezko ordaina eta duintasuna berreskuratzea, Espainiako Ministroen Kontseiluan onartutako aitorpen deklarazio batekin.
Horretarako, legea kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Moncloa mugiarazteko ekinaldia zuzentzeko, Espinosa Oribe Jaurlaritzako kide izanik gobernu horri dagokiolakoan Espainiako Gobernuari eskaera zuzentzea. Era berean, Bilboko eta Gasteizko udalei ere eskatu diete Pradales babesteko. Izan ere, Espinosa Oribe bilbotarra zen, eta Gasteizen fusilatu zuten.