Lankidetzarako Bitariko Batzordeak badu aurreneko data: azaroaren 6a. Egun horretan bilduko dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales eta Espainiako Gobernuburu Pedro Sanchez Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenen transferentzia bizkortzeko asmoz. Bi agintariak elkartzen diren hirugarren aldia izango da, uztailean Ajuriaenean eta irailean Moncloan batzartu ondoren.
Oraindik 29 eskumen daude Espainiatik Eusko Jaurlaritzaren eskuetara igaro gabe, baina horietatik sei landuko dituzte lehen bilera horretan: kostaldearen kudeaketa, migratzaileen lan baimenak, itsas salbamendua, meteorologia, lan arloko osasuna eta segurtasuna, eta zinematografia babesteko funtsa. Eskumenen «lehen sorta» hori urtea amaitu aurretik eskualdatzea espero da.
Gainerakoak, aireportuena edo portuena kasurako, datorren urtean eskualdatuko dituzte, «bigarren sorta» batean. Gizarte Segurantzarena da guztietan zailena, baina Jaurlaritzak ez dio uko egin nahi. Pradalesen gobernuak legealdi honetan ezinbestean osatu nahi baitu estatutua. Bada, 2025eko amaierarako transferentzia guztiak eginak beharko lukete, EAJk PSOErekin egindako inbestidura akordioari jarraikiz.
Inbestidura itun horretan jaso zuten, hain justu ere, Lankidetzarako Bitariko Batzordea eratzea. Batzordea «iraunkorra» izango dela hitzartu zuten, eta sei hilabetean behin batzartuko dela. Jaurlaritzaren arabera, joan den irailaren 20ko bileran berretsi zuten «konpromiso» hori bi agintariek.
Lankidetzarako Batzordeak aukera emango du eskumenen transferentzia bizkortzeko eta Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko harremanari «bultzada» emateko, Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak adierazi zuenez. Elkarren arteko harremanean «beste dinamika bat ezartzeko» modua ere emango du, sailburuaren esanetan, «eskumenen transferentziak sustatzeko ez ezik, koordinazioa behar duten eta euskal herritarren interesekoak diren beste hainbat gai ere jorratzeko» modua eskainiko baitu.
Jaurlaritzaren asmoa da 2025erako, estatutua onartu zenetik 46 urtera, gai hori ixtea, hurrengo urratsari ekin ahal izateko: autogobernua «gaurkotu eta zabaltzea» ahalbidetuko duen estatus berri baten inguruko eztabaidari, hain zuzen ere.
Pradales lehendakariak behin baino gehiagotan adierazi duenez, aro berri horren ezaugarri nagusiak izan beharko lirateke «nazio aitortza», EAEren eta Espainiaren arteko harremanen «aldebikotasuna», eta berme sistema bat ezartzea aldebikotasun hori ziurtatzeko.