Mitin-festa egin dute jelkideek Bilbon, arratsaldean, segurtasunari eta zaharren zaintza ereduari buruzko mezua helarazteko. Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak hartu du hitza Errekalde auzoan, eta, lehenik eta behin, auzoen izaera aldarrikatu nahi izan du. «Auzoek herria egiten dute», esan du. Baina hizpide nagusiak segurtasuna eta zahartzaroa izan ditu.
Poliziek armak eramatearekin lotu du segurtasuna. «Batzuek poliziak desarmatzeaz dihardute», esan du. Hain zuzen, gaur goizean, Julen Arsuaga EH Bilduko Bizkaiko zerrendako hirugarren eta koalizioaren Askatasun Demokratikoen idazkariak polizien «desmilitarizazioaz» hitz egin du. Pradalesek esan du segurtasuna «lehentasuna» dela EAJrentzat, eta desarmatzekotan «delitugilea» desarmatu behar dela, ez udaltzainak edo Ertzaintza: «Delitugilea desarmatu behar da, ez euskal Polizia».
Segurtasunaren auzia zahartzaroarekin lotu du, eta lau proposamen aletu ditu: batetik, zahar gehienek etxean bizitzen segitu nahi dute ahal duten arte, eta hori errazteko elkarlana agindu du Jaurlaritzatik udalekin eta aldundiekin; bestetik, zahar etxera joan behar izatekotan horiek etxeen antza izan dezaten lana egiten ari direla esan du; hirugarrenik, zehaztu du programa bat ondu dutela nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko; eta, azkenik, esan du badutela belaunaldien arteko harremanak estutzeko programa bat ere.
Segurtasuna eta auzoen izaera aldarrikatuz amaitu du mitina Pradalesek, Bilbon, dozenaka alderdikidez inguratuta.