Pradales Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin bilduko da gaur

Jaurlaritzako lehendakariak gobernua osatzeko EAJk eta PSE-EEk adostutako programaren ildo nagusiak azalduko dizkie Ajuriaenean egingo duten bilkuran. Hurrengo astean elkartuko da alderdi politikoekin.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, aurreko astean, Ajuriaenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, aurreko astean, Ajuriaenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2024ko uztailaren 1a
10:00
Entzun

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin abiatuko du bilera sorta gaur. Gasteizko Ajuriaenea jauregian hartuko ditu Ramiro Gonzalez, Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza, 16:00etan, eta bertan azalduko die zeintzuk izango diren abiatu berri duen legealdiaren ildo nagusiak.

Aurreko astean iragarri zuen Imanol Pradalesek erakundeetako ordezkariekin, alderdi politikoekin eta gizarte eragileekin bilera sail bat egingo zuela. Aldebiko bilerak izango dira, eta lehendakariak asmoa du, gobernuaren programaren edukia azaltzeko ez ezik, haien iritziak, eskakizunak eta kezkak jasotzeko ere. «Xede nagusia da bitarteko zuzen bat ezartzea; horrela, lehenengo egunetik bertatik, herri lehentasun eta erronkei buruz elkarrekin lan egiten hasteko», adierazi zuen Lehendakaritzak bilera saila iragartzeko argitaratutako oharrean.

Hain zuzen ere, osasunaren aldeko herri ituna da hizpide izango dituzten gaietako bat. Lehendakariaren «lehentasunetako bat» da abiatu berri duen legealdi honetan, eta EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernuak izango duen erronka nagusietako bat. Pradalesek, baina, «erantzun bateratua» eman nahi dio Osakidetzaren krisiari, eta akordio zabal bat lortu nahi du horretarako. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien eta eragile nagusien babesa bilduko luke itun horrek.

Datorren astetik aurrera hasiko da atxikimenduak jasotzen, ordezkaritza tamainaren arabera. Eusko Legebiltzarreko alderdien artean, Voxekin eta Sumarrekin hasiko ditu bilkurak, hain zuzen ere. Baina sindikatuekin, patronalarekin, mediku elkargoekin eta unibertsitateekin ere elkartuko da lehendakaria. «Hurrengo urteetan, Euskadik aurrean izango dituen desafioei erantzuteko ezinbestekoa da elkarrekin lan egitea, elkar ulertzea eta desberdinen artean ados ipintzea, bai eta eragile nagusiek konpromiso hori partekatzea ere, ongizatean hazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.