Udal eta foru hauteskundeak

PPren prezioa: Guardia eta Bastida

Iturgaizek esan du EAJri eta PSE-EEri gobernuak osatzen lagunduko dietela, baina ohartarazi die egonkortasuna zailduko dietela baldin eta Arabako Errioxako bi alkatetzak lortzen ez badituzte.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidente Carlos Iturgaiz, aurreko astean, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko ekainaren 7a
11:59
Entzun

«Ekainaren 17an bozkatuko da nork aginduko duen, baina gero lau urte etorriko dira». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidente Carlos Iturgaizek mezu argia helarazi du gaur: PP prest dago erakundeetan EAJren eta PSE-EEren alde bozkatzeko, gobernuak osatu ditzaten, baina hasiko den legealdiaren egonkortasuna beste kontu bat da. Nabarmendu du PPk duela «egonkortasunaren giltza», eta EAJri eta PSE-EEri ohartarazi die Guardiako eta Bastidako (Araba) alkatetzak direla egonkortasun horren prezioa.

Radio Euskadi irratian egindako elkarrizketa batean, Iturgaizek berretsi du helburua duela EH Bilduk erakundeetangoberna ez dezan: «PPk EH Bilduri atea ixteko giltza du, eta ahal dugun leku guztietan egingo dugu hori». Izan ere, EAJk eta PSE-EEk Alderdi Popularraren babesa behar dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean gehiengoa lortzeko, besteak beste. Iturgaizek adierazi du PPk gobernua osatzen lagunduko diela, baina «arrazionaltasuna eta kongruentzia» eskatu dizkie EAJri eta PSE-EEri, eta PPk hauteskundeak irabazi dituen udalerrietan gobernatzen uzteko.

Hori da Arabako Errioxako Guardia eta Bastida herrietako egoera: PP izan da lehen indarra, baina EAJk eta EH Bilduk gehiengoa dute. Guardian, Raul Garcia Ezkerro alkate eta alkategai jeltzaleak jakinarazi du hautagaitza aurkeztuko duela alkate izateko, eta oraingoan ere bermatua dauka EH Bilduren babesa. Izan ere, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azaldu zuen indar subiranistak bere botoak emango zituela PP ahalik eta erakunde gehienetatik kentzeko.

Hala ere, ez dago oso argi Garcia aurrerantzean ere alkate izango den edo ez. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek RNE irratian esan du Araba Buru Batzarrak erabakiko duela jeltzaleen jarduna Guardian eta Bastidan. «Maila nazionala eman diote Arabako Errioxako bi herrixkatako egoerari. Lupa jartzen badiegu, kiskali egingo gara», esan du Ortuzarrek.

Dena den, Iturgaizek EAJri eta PSE-EEri ohartarazi die jeltzaleek Guardiako eta Bastidako alkatetzak lortzen badituzte —EH Bilduren babesarekin— PPk ez diela bermatuko erakundeetako egonkortasuna. Nabarmendu du EH Bildu «kanporatuko» dutela erakundeetatik, baina, gero, «egonkortasunaren giltza» izango dutela: «EAJk eta PSE-EEk pentsatu beharko dute nola onartuko dituzten aurrekontuak, arauak eta proiektuak gutxiengoan gobernatuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.