Espainiako politikaren harrabotsa Euskal Herrira iritsi da. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Barakaldon izan da Europako hauteskundeetako kanpaina ekitaldian, eta gauza bera egin du Iruñean Alberto Nuñez Feijoo oposizioburuak. Sanchezek esan du «irrikan» dagoela PP eta Vox garaitzeko, eta ohartarazi du bataren zein bestearen aldeko botoa «zaku berera» doala. PPk, berriz, Iruñeko udaletxe aurrean egin du mitina, «bertan gauzatu baitzuen PSOEk iruzurrik handiena».
Ezinbestean, goizeko Amnistia legearen bozketa izan dute hizpide biek. Sanchezek Barakaldon bildutako militanteei galdetu die zer gertatuko zen goizean «oihuka eta irainka izan diren horiek» Madrilgo gobernuan baleude. «Etengabeko konfrontazioan geundeke», erantzun du. Feijook, berriz, aldarrikatu du urtebetean lege bakarra baino ez duela aurrera atera PSOEk: «Ustelkeriari amnistia eta zuzenbide estatuaren aurkako erasoa».
EAJ
EAJko Oihane Agirregoitiak Zallan egin du goizean ekitaldia, Bizkaian, alderdiburuez inguratuta. Trenak zeharkatzen du Zalla, eta oinezkoen hamabi pasabide lur azpitik pasatzeko akordioa lortu zuten jelkideek Espainiako Gobernuarekin, aurrekontuetan. Agirregoitiak esan du hori dela jelkideen jarduteko modua, «euskaldunen aldarrikapenak defendatuko ditugu Madrilen, Bruselan eta behar den tokian. Pertsonen bizimodua hobetzeko lan egingo dugu». Amaia Arrizabalaga Geroa Baiko hautagaiak, hirugarrena CEUSen zerrendan, eskatu du euskara ofizial izan dadila Nafarroa osoan eta Europako Parlamentuan. Horren alde egingo dutela esan du Iruñean.
Arratsaldean, berriz, Elgoibarren egin du ekitaldia. EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek garrantzitsutzat jo ditu bozak, Europan erabakitzen direlako kontu ugari, eta gogora ekarri du Debabarrenean «are garrantzitsuagoak» direla, «konexio handia baitu Bruselan erabakitzen denarekin».
EH Bildu
EH Bilduk uste du gero eta ozenago entzuten direla Europan gastu militarra handitzeko eskaerak, eta hori gizarte politiken kalterako izango delakoan dago. Horregatik defendatu du Pernando Barrena zerrendaburuak gastu sozialean murrizketarik egingo ez duen Europa bat. Laudion egin dute ekitaldia, Araban, Oihana Etxebarrietak eta biek. Baliabideak eskatu ditu kalitatezko osasun politikak garatzeko, eta politika «austerizidak» salatu. Etxebarrietak gehitu du lorpen feministak arriskuan egon litezkeela eskuin muturraren gorakadaren ondorioz. «EH Bilduren botoa feminista da, eta ez du utziko Europa haitzuloetara eramaten».
EH Bilduk gogora ekarri du 1986an Euskal Herriak ezetz esan ziola NATOri, eta ezezko hori eramango duela Europara: «Ez dugu nahi Estatu Batuen interesen mende dagoen Europa bat, Ukrainan zein Palestinan bakearen alde funtzio aktibo eta erabakigarria jokatzeko gai ez dena. Irtenbidea ez da etorriko gastu militarra handituz, ez kasu batean ez bestean», esan du Unai Urruzunok goizean Bilbon egin duen ekitaldian.
Alderdi Sozialista
Barakaldon egindako ekitaldian, Eneko Anduezak, PSE-EEko idazkari nagusiak, gogora ekarri du Europako etorkizuna «jokoan» dagoela ekainaren 9an: «Aurrera egitea edo atzera egitea dago jokoan. PSOE da PP-Voxen aurkako alternatiba bakarra». Haren atzetik, Pedro Sanchezek gogora ekarri du PP «eskuin muturraren zaldi gainean» igota doala eta bien diskurtsoak «elkar nahasten» direla. Deigarria egin zaio nola justizia sozialaren aurka eginda «demokraziaren eta proiektu europarraren kontra» egin duten. Palestinako estatua aitortzeagatik harro agertu da, «nazioarteko ordenaren eta giza eskubideen aldeko erabakia baita».
PP
Alberto Nuñez Feijook hanka sartze txiki batekin hasi du ekitaldia, estatutu deitu baitio Foru Hobekuntzari. PPko buruzagiak adierazi du «haserretuen ahotsa» izan nahi duela PPk, eta horretarako galdegin du beste aukeren alde ez egitea: «Sanchezek hori nahi du: zatitu, berdintzeko». Haren irudiko, Espainia «anomalia bat» da EBn. Feijooren arabera, urtebetean Madrilgo gobernuak «ez du ezer egin». «Euren buruen zerbitzura besterik ez daude».
Podemos
Irene Montero Podemoseko zerrendaburuak Bilbon adierazi du Europako Legebiltzarrean «ahots sendo bat» izan nahi dutela, «bakea, genozidioaren amaiera eta gizarte eskubideak» defenditzeko. Palestinaren aurkako bonbardaketa eta setioa ardatz harturik, salatu du ezin dela palestinarren alde egin eta gero Israelgo Estatua «lagun gisa» hartu. Esan du militarizioaren alde ematen den euro bakoitza osasungintzari, hezkuntzari eta beste gizarte gastuei kentzen zaiela.
Sumar
Estrella Galan da Sumarreko zerrendaburua, eta gaur Guardian izan da, Araban. Esan du nekazarien eskubideak defendatzea bateragarria dela klima aldaketari aurre egiteko legeekin. Kritikatu du PSOEk «men» egin duela ingurumenaren mesederako ziren zenbait neurritan Nekazaritza Politika Bateratuaren negoziazioan. Esan du nekazaritza ustiategi txiki eta ertainen mesedetan jardungo dutela, haiek entzunez, eta burokrazian dituzten zailtasunetan lagunduz. Merkataritza libreko tratatuak ere kritikatu ditu, dauden moduan ustiategi handien mesederako daudelako. «Ez da posible makroproiektuen irabaziak handitzea eta nekazariek egindako lana haientzat errentagarria ez izatea». Iruditzen zaio hori guztia bateragarria dela itun berde batekin eta klima aldaketari aurre egiteko neurriekin.