GASTEIZ. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PPk Ciudadanos alderdiarekin duen koalizioa ez da berriro egingo. Halaxe baieztatu dute Carlos Iturgaitz EAEko PPko presidenteak eta Carmelo Barrio legebiltzar taldeko bozeramaileak komunikabideei egindako adierazpenetan. PPren eta C´s-ren arteko koalizioa «hil» egin dela esan zuen Iturgaitzek herenegun, Correo egunkariari eskainitako elkarrizketan. Haren hitzak berretsi zituen atzo Barriok, eta erantsi datozen hauteskundeetan ez dutela berriro koalizioa egingo: «Ciudadanosek azkenaldian izan duen jarrera ikusita, ez dugu koalizioa errepikatzeko asmorik».
Koalizioan urak nahasita zeuden aspaldi, eta egoerak gainezka egin zuen ostegunean, Luis Gordillo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako koordinatzaile ohiak eta Eusko Legebiltzarreko C´s-eko legebiltzarkideak Ciudadanos utzi eta PPrekin bat egitea erabaki zuenean. Iturgaitzek ohartarazi du Ciudadanosek erabaki «oker» asko hartu dituela, askotan Sanchezen babes bila jo duelako: «Boomerang hori haien kontra bueltatu da, eta gainbehera etorri da: hondoa jo dute». Argi utzi du koalizioaren «heriotzaren» ondotik PP «zentro-eskuinaren proiektu komuna» dela.
PPren eta C´s-en arteko koalizioa ez da berriro egingo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu