Hauteskunde Legea. PPren erreforma

PPren erreformak bidea itxiko lieke Espainian ezkerreko balizko aliantzei

Eragin txikiagoa luke aldaketak Euskal Herrian, EH Bilduren eta EAJren indarragatik.Gasteiz eta Iruñean mesede egin liezaieke PPri eta UPNri

Hodei Iruretagoiena
2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Inkestak esku artean ditu PPk. Hala dirudi, behintzat, hauteskundeetako joerak eta alkateak aukeratzeko sisteman proposatutako aldaketak alderatuz gero. Hauteskunde Legearen erreformarekin, botorik gehien lortzen duen indarrari gehiengo osoa emateko asmoa du PPk, gainerako alderdiei akordioetarako bidea itxiz. Proposamena gehiago da Espainiara begira egindakoa, Euskal Herrira begirakoa baino. Hala ondorioztatzen da joan den maiatzeko Europako hauteskundeei eta azken inkestei erreparatuz gero: PP lehen indarra da oraindik ere Espainian, beherakada izan arren; Euskal Herrian, berriz, oraindik ere EH Bildu eta EAJ daude buruan, Podemos-Ahal Dugu indartsu sartu arren.

Espainian, ezkerraren gorakada nabarmena izan zen joan den maiatzeko Europako bozetan, bi alderdi nagusien kaltetan; batez ere, Podemos eta IU izan dira horren erakusle. Eta gorantz jarraituko dutela dirudi, inkestei erreparatuz gero. Bien arteko aliantzei buruzko aukerak ere mahai gainean daude. Gaur egungo sistemak ahalbidetzen du akordioak egitea alderdiek, eta aukera ematen du horrela boto gehien jaso duen zerrenda gobernutik kanpo uzteko. Hauteskunde joera horiek kontuan hartuta, ezkerreko alderdien arteko balizko akordioek ekar lezakete PPk Espainiako hiri garrantzitsuak galtzea.

Oraindik ez dute eman egitasmoaren zehaztasunik, eta zaila da ondorio zuzenik ateratzea. Esan dutenez, lehen indarra izateaz gain, gutxieneko ehuneko bat lortu beharko dute alderdiek gehiengo osoa eskuratzeko. Baina ez dute zehaztu zenbatekoa izango den gutxieneko hori.

2011ko udal bozetako emaitzak kontuan hartuta, ez litzateke aldaketa handirik egongo Hego Euskal Herrian. Gaur egun, Bilduk du alkatetza gehien: 123. Duela hiru urteko hauteskundeetan sistema berria indarrean egon balitz, koalizio subiranistak sei alkatetza galduko lituzke, eta EAJk, bi. PSEk eta PSNk aterako lukete etekinik handiena: 25 alkatetzatik, 34ra igaroko lirateke. PPk sei gehiago izango lituzke, eta UPNk, bi gehiago. Baina gauzak asko aldatu dira 2011tik.

Gasteiz eta Iruñea

Europako bozetako emaitzek adierazi dute azkenaldiko joera. Hauteskunde bereziak izaten dira, baina datuak udaletara ekarrita uler liteke PPren jokabidea. Gasteizen, esaterako, lehen indarra da PP, EH Bildutik boto gutxira. Koalizio subiranistak nahikoa luke IU edo Podemosen babesa alkatetza lortzeko. Erreformarekin, ordea, PPk jarraituko luke agintzen, gehiengo osoz. Iruñean ere antzera gertatzen da UPNrekin: han, oraingo sistemarekin, EH Bilduk nahikoa luke Ezkerraren edo Podemosen babesa agintea hartzeko. Bilbon eta Donostian, berriz, EAJk eta EH Bilduk jarraituko lukete gobernuan. Udalerri gehienetan EAJk eta Bilduk jasoko lukete boto gehien, eta orain baino udal gehiago leudeke haien esku.

Bildurik edo EAJrik gabe, baina, Gasteizko eta Iruñeko gauza bera gerta liteke Espainiako leku askotan. Han dago arriskurik handiena PPrentzat botere guneak galtzeko. PSOE, Podemos eta IUren arteko aliantzarik balego, gaur egungo sistemarekin, Rajoyren alderdiak 100.000 biztanletik gorako 28 hiriburu galduko lituzke; urteetan eurenak izan direnak horietako asko. Aldaketa eginda, ordea, horietako gehienek PPren esku jarraituko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.