PPk azken hauteskundeetako gainbehera eten du, eta, aspaldiko partez, gora egin du hala eserlekuetan nola boto kopuruan. Zazpi ordezkari izango ditu legebiltzar berrian, duela lau urte Ciudadanosekin batera lorturikoak baino bat gehiago. Boz kopuruari dagokionez, orduan baino 35.000 gehiago lortu ditu.
«Gure lehen helburua zena lortu dugu: boto kopuruan, portzentajean eta eserlekuetan haztea. Suspertzea hasi da».
JAVIER DE ANDRESPPren lehendakarigaia
Javier de Andres lehendakarigaia pozik agertu zen atzo, eta nabarmendu zuen «lehen helburua» lortu dutela, arlo guztietan «hazi» direlako. Hori bai, ez ditu helburu guztiak bete: gobernuaren osaketan erabakigarria izan nahi zuen PPk, eta ez da izango. EAJk eta PSEk akordioa berritzen badute, ez dute izango haren beharrik.
2020an hondoa jo zuen PPk. 60.000 boto lortu zituen, 2016an baino 47.000 gutxiago (bederatzi eserleku), eta 2012an baino 70.000 gutxiago (hamar eserleku). Oraingoan suspertu egin da, baina ez du 100.000 botoren langa igaro, eta eta 2016ko datuetatik 12.000 botora gelditu da. Ordezkaritzari dagokionez, lau eserleku lortu ditu Araban, duela lau urte baino bat gehiago. Bi lortu ditu Bizkaian, eta bat Gipuzkoan.
LEGEBILTZARKIDEAK
- Araba. Javier de Andres, Laura Garrido, Ainhoa Domaika eta Ana Morales.
- Bizkaia. Esther Martinez eta Alvaro Gochi.
- Gipuzkoa. Muriel Larrea.