Pablo Sanchez-Valverde. Ginekologoa

«PPren asmoak Europako azken postuetan utziko gaitu abortuari dagokionez»

Andreen eskubideetan «aitzindari» izan diren herrialdeetan epekako legeak dituzte abortatzeko, Pablo Sanchez-Valverdek ohartarazi duenez; hortaz, kritikatu egin du baldintzen legera itzultzeko asmoa.

jon olano
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
2010eko Abortuaren Legeari PPkjarritako helegitea ez du ebatzi oraindik Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, baina Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak iragarri du udazkenerako egitekoak diren lege proposamenaren neurrietako bat: umekiak formazio arazoak izatea ez da irizpide izango haurdunaldia eteteko.

Emakumeen autonomian atzerapauso handia izango dela uste du Pablo Sanchez-Valverde ginekologoak (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1950). 1985eko legearekin Nafarroan abortuak egiten hasi zirenetako bat da, eta nabarmendu du emakume haurdunak ordukora baino egoera makurragora eramango dituela PPren neurriak.

Ruiz Gallardonek iragarri du abortuaren lege berriak ez duela baimenduko haurdunaldia etetea umeki malformaziodunen kasuan. Zer deritzozu?

Sexuaren eta ugalketaren inguruan PPren gobernua hartzen ari den erabaki guztiak emakumeen eta bikoteen eskubideen murrizketaren ildotik doaz. Abortuaren kasuan, epekako lege baten ordez baldintzen lege bat izango dugu, baina 1985ekoa baino arau murriztaileago bat, umeki malformaziodunak babesteko argudiopean.

Ruiz Gallardonek adierazi zuen «etikoki ulergaitza» dela umeki horien abortua baimentzea.

Oso eztabaidagarria da etikaren izenean emakume bati haurdunaldia jarraiaraztea, jakinik fetu horrek malformazio larriak izan ditzakeela.

Malformazioez ari garenean, zertaz ari gara?

Legeak, gaur-gaurkoz, babesten du formazio arazo larriak eta bizitzarekin bateragarriak ez diren kalteak dituzten fetuen abortua. Badirudi kasu horietan aintzat hartuko dutela andre haurdunaren egoera psikologikoa, eta hori baliatuko dute emakume askok haurdunaldia eteteko, 1985. urtearen aurretik egiten zuten bezala. Orduan, kliniketara abortatzera joaten ziren gehienek argudiatu behar izaten zuten arrisku psikologikoa zegoela umedunarentzat.Azken batean, emakumeen autonomiaren aurkako eraso bat da, eta autonomia printzipioa oso garrantzitsua da edozein pertsonarentzat.

Zer iritzi duzu 2010eko Abortuaren Legeaz?

Bi abantaila ditu: lehen asteetanemakumeek ez dutela abortatzeko arrazoirik eman beharrik eta haurdunaldia etetea doan dela. Horrela izateak unibertsal bilakatzen du, emakume guztien eskura dagoelako. Hortaz, berdintasuna ere bermatzen du, ez baitago ahalmen ekonomikoaren menpe. Hori desagertu egingo da orain; erabakitzeko eskubidea kenduko zaie andreei, eta, gainera, ez du osasun zerbitzu publikoak finantzatuko. Gerta liteke abortatu nahi duenak atzerrira joan behar izatea, duela hamarkada batzuk gertatzen zen bezala. Emakumeen eskubideetan oso atzerapauso handia izango da.

Zein zen andreen egoera 1985eko legearen aurretik?

Abortua orain ere ez da legezkoa; zigorgabetuta dago. Baina 1975 baino lehenago, abortu oro legez kanpokoa zen. Haurdunaldia eten nahi zuen edozein emakumek Londresko edo Herbehereetako kliniketara joan behar zuen. Gero, 1985ean, baldintzen legea egin zuten —bortxaketa, umekiak formazio arazoak izatea eta andre haurdunaren osasuna arriskuan egotea—. Baina orain proposatzen ari diren legeak ez ditu hiru kasu horiek aintzakotzat hartuko. Abortatu nahi duten emakumeek zirrikitu bat topatuko dute, baina arauak autonomia kenduko die, sendagileen txostenek ebatziko baitute aborta dezaketen edo ez. 1985etik atzera goaz, eta hori huts bat da, baina ohikoa Eliza katolikoaren eragin hain handia duten alderdietan.

Zein egoeratan geratuko dira abortatu nahi duten emakumeak?

Autonomia kenduko diete. Haurdun geratzen direnetik, ezingo dute erabaki, eta zirrikituak bilatu beharko dituzte abortatu nahi izanez gero. Nik uste dut horrek guztiak eztabaida piztu duela PPn bertan, mendekotasuna izango duten haurrak izatera derrigortuko dituztelako eta, era berean, mendekotasun laguntzak ezabatu. Sektore integrista kristau batzuek aplikatuko lituzketen neurriak ari dira ezartzen. Europan, berriz, eztabaida hori gaindituta dago.

Zein da abortuaren egoera kontinentean? PPren asmoek non uzten gaituzte, Europako herrialdeekin alderatuz gero?

Azken postuetan, Irlanda eta Poloniaren pare, adibidez; alegia, Eliza katolikoak eragin handia duen herrialdeen pare. Herrialde gehienetan epekako lege bat dute, edo baldintza gehiago onartzen dituen arau bat. Eskandinaviako herrialdeek, Frantziak, Ingalaterrak, Alemaniak eta, oro har, emakumeen eskubideetan aitzindari izan diren herriek epekako araudiak dituzte. Leku horietan autonomia printzipioa onartzen diete emakumeei; andreek ez diote bere erabakia inori zuritu edo jakinarazi beharrik. Guk baldintzen araberako lege bat izango dugu, eta, gainera, murriztuta.

Eztabaida hori gaindituta zegoela pentsatu al duzu inoiz?

Guztiz gaindituta zegoen, baita PPko emakume askoren partetik ere. Gizarte hitzarmen bat zen ia-ia. Agian, ez zegoen horren barneratua osasun arlo publikoan, eta horrek izan behar du hurrengo urratsa: egoera normalizatzea eta zerbitzu hori beste osasun zerbitzu batzuk bezala ematea. Batzuek uste dute umeki malformaziodunak dituztenak abortatzera bultzatzen ditugula, baina ez da egia; gertutasun handiarekin egoeraren berri ematen diegu gurasoei, eta hartzen duten erabakia babestu; hartzen duten erabakia hartzen dutela. Kontua da umeki malformaziodunak dituzten gehienek abortatzea erabakitzen dutela. Guztiek ez, baina gehienek bai.

Sendagile zaren aldetik, zer deritzozu paperik gabeko etorkinei osasun arreta publikoagatik 710 euro kobratu nahi izateari?

Kontzientzia eragozpenaren aldeko manifestua izenpetu dutenetariko bat naiz. Guk gaixo guztiak artatzen jarraituko dugu, eta ez gara egongo «kobrantza katean». Astakeria bat iruditzen zait; diskriminazio izugarria etorkinenganako. Gainera, osasun zerbitzu publikoarentzat ere irtenbide txarra da, eri horien osasuna larriagotu egingo delako. Hortaz, lege horren eragozle izango naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.