Senarra hil zioten urtetik, Madrilen bizi da Ana Iribar (Donostia, 1963). Semeak hamalau hilabete zituen Ordoñezen aurkako atentatuaren egunean, eta orduko girotik aldendu nahi izan zuen semea. Egunotan sorterrira itzuli da, ohi baino lanpetuago: erakusketa bat prestatu dute Miramar jauregian. Gaurtik apirilaren 30era egongo da ikusgai.
Zer moduz zaude, hilketaren 25. urteurrenaren atarian?
Urte gogorra izan da: Gregorio gogoratzeko eta errepasatzeko erakusketa antolatzen aritu naiz. Gogorra izan da, baina, aldi berean, interesgarria. Urtero da gogorra; esfortzu bat egiten dut, baina gogorra egiten zait oraindik ere
Erakusketa bat antolatu duzue. Nondik abiatu da ideia?
Instituzio publikoei, norbanakoei, enpresei, Gregorio ezagutu zutenei... Guztiei iruditu zaie inportantea kontatzea nor zen Gregorio, zer baldintzatan gauzatzen zuen bere zeregin publikoa. 1983an, Alianza Popularreko zerrendaburu aurkeztu zenean, pentsa zein garai gogorrak ziren: ETA erakunde terrorista oso aktibo zegoen, APk ia ez zuen afiliaturik eta irudi txarra zeukan... Aukerarik okerrena hautatu zuen, unerik okerrenean. Eta, hala ere, oso argi zuen zer egin nahi zuen eta nola, ez zuelako konplexurik. Berak defendatzen zuen euskal herritarra izateko ez dela zertan abertzalea izan, bertan lan egiten duen oro dela euskal herritarra. Bestalde, zerbitzu publikorako bokazio handia zuen, eta oso garrantzitsua izan zen berarentzat udalean aritzea. Eskuinekoa eta kontserbadorea zen, eta AP izan zen bere jarduera politikoa garatzeko aukera.
Zer eduki bildu dituzue?
Hiru gune bereizi ditugu. Aurrenekoa atentatutik abiatzen da. Ikusgai daude Iñaki Artetak zuzendutako hiru ikus-entzunezko eta argazkiak, egunkari zatiak eta duela 25 urte bidali zizkidaten eta zabaltzeke nituen gutunak. Material zoragarria da, eta, atal horretan, ETAk Donostian hildako guztiak omendu nahi izan ditugu, herritarrek jakin dezaten ETAk zenbat lagun hil dituen. Nik ETAz hitz egiten dut soilik, hori delako nire istorioa. Bigarren zatian, Gregorioren ibilbide publikoa eta aldi berean hiri honetan maila sozialean, kulturalean... gertatzen zena azaltzen da, 1983tik hil zuten arte. Azken aretoa biografikoa da, Gregorioren bizitza azaltzen duena.
Irakurri gabeko gutunak aipatu dituzu; milaka jaso zenituen, eta jendetza elkartu zen hil kaperan. Gizarteak babestuak sentitu zineten?
Ni ez naiz oso kontziente egun horretan gertatzen ari zenaz. Ezin nuen sinetsi; autoan hileta auto baten atzetik gindoazenean jabetu nintzen gertatutakoaz. Hil kapera dut gogoan: jendetza han, ezagutzen ez nuen jendeak besarkatzen ninduen... Ni oinazearen beste maila batean banengoen ere, momentu hartan bertan jabetu nintzen atentatuak zer inarrosi zuen, zer esangura politiko izan zuen Euskal Herrian eta Espainia osoan. ETAk arerio politiko bat hil zuen.
ETAk hildako hautetsietan lehenbizikoa izan zen. Gerta zitekeenaren beldur zen?
Oso ausarta izan zen, inork ez zuelako zerrendaburu izan nahi. Jendeak ez zuen jendaurrean esaten APko kide zenik. Oso une zaila zen, ez soilik ETArengatik, giro sozialarengatik baizik, AP frankismoarekin lotzen zelako. Gregoriok hautsi egin zuen frankismoarekiko lotura hori.
Valentin Lasarte izan zen atentatuan parte hartu zutenetako bat. Gerora, damua azaldu zuen. Lagundu al dizu jarrera aldaketa horrek?
Erreparazioa eman didan gauza bakarra izan da erasotzailea atxilotu, epaitu eta zigortzea. Horrek baino ez dit kontsolamendurik eman. Damutzea edo ez... hil duenaren kontzientziak ez nau batere kezkatzen, baina bai zigorra osorik betetzeak: batez ere, terrorismo delituak direnean. Sarri pentsatzen dut 300dik gora familia daudela ikerketarik eta epaiketarik gabe, ezer jakin gabe. Injustizia bat da.
Biktimen erabilera politikoa salatu dute batzuek Espainiako inbestiduraren harira. Nola bizi duzu?
Gregorio Ordoñez hil zuten, PPkoa izategatik, gauzak argi esateagatik eta mundu abertzalearentzat mehatxu bat izateagatik. Beraz, normala da bere alderdikideentzat erreferentea izatea. Biktimen erabileraz hitz egiten da, baina noiz edo noizdenek erabili dituzte, eta noiz edo noiz, biktimoi ere ongi iruditu zaigu. Halere, nire bandera Gregorioren memoria da, ez naiz sartuko alderdiek egiten edo esaten dutenera.
Ana Iribar. Ordoñezen alarguna
«PPkoa zelako hil zuten Gregorio; argi hitz egiteagatik»
Egileek zigorra osorik betetzeak arindu dio senarraren hilketak eragindako oinazea, eta ez haien damuak: «Hil duenaren kontzientziak ez nau batere kezkatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu