Alderdiak

PPko zuzendaritzak Javier de Andres proposatu du Carlos Iturgaiz ordezkatzeko

Alderdiko afiliatuek azaroaren 4ko batzarrean berretsi beharko dute erabakia. Bizkaiko PPk idazkaritza nagusia eskatu du.

Oiartzabal, Tellado, De Andres eta Iturgaiz, hauteskunde kanpainan. DAVID AGUILAR / EFE
2023ko urriaren 4a
11:01
Entzun

EAEko PPko presidente Carlos Iturgaizek atzo jakinarazi zuen «erreleboa» emateko garaia iritsi zaiola, eta badu jada nork ordezkatu: Arabako ahaldun nagusi ohi eta Espainiako Kongresuko diputatu Javier de Andres da Genovakoen oniritzia duen hautagaia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPkoek azaroaren 4an egingo dute erabakiari oniritzia emateko batzarra, Gasteizen.

EAEko PPko zuzendaritzak gaur goizean egin du bilkura, eta bertan izan da Espainiako PPko Lurralde Antolaketako idazkariorde Miguel Tellado ere. Iturgaiz ordezkatzeko zenbait hautagairen izenak plazaratu badira ere, Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, Madrilen De Andresen alde egin dute jada. 2018an aldendu zen hura politikako lehen lerrotik, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritza utzi ostean. Halere, PPk uztaileko Espainiako Gorteetarako bozetarako berreskuratu zuen, Kongresurako Arabako hautagaia izan zedin; hirugarren indarra izan zen PP, eta, gaur egun, diputatua da. Litekeena da, beraz, De Andres bera izatea datorren urtean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako aurkeztuko duten lehendakarigaia. Izan ere, PPkoen helburua da batzarrera hautagai bakar bat aurkeztea, nahiz eta nahikoa abal dituzten alderdikideek horretarako aukera izan.

De Andresek zuzendaritzako kideak hautatzeko baimena izango du. Halere, Bizkaiko PPk idazkaritza nagusia bere esku uzteko eskatu dio alderdiari, duten «pisuagatik». Horretarako, Eduardo Andrade proposatu dute, Bizkaiko PPko egungo idazkari nagusia. Hori guztia afiliatuek berretsi beharko dute azaroko batzarrean. Izan ere, EAEko PPren zuzendaritzak erabaki du militanteentzako batzar ireki bat egitea, botoa konpromisario batzuen esku utzi gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.