D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketara joan bezperatan, egin duenarekin eta egin ez duenarekin oso lasai dago Arantza Urkaregi Etxepare (Donostia, 1954).
Ostegunean hasiko da hamahiru euskal herritarren aurkako epaiketa, tartean zure aurkakoa. Zergatik epaituko zaituzte?
Akusazioa da 2009ko martxoaren 1ean izan ziren hauteskunde autonomikoetarako D3M plataforma antolatzea eta legezkoa zen Askatasuna alderdia ere boz horietara aurkeztea. Esaten dute hori ETAren aginduz egin zela. ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea akusatzen digute.
Eta zuk zergatik uste duzu epaituko zaituztela?
Alde batetik, proiektu politiko zehatz baten alde lan politiko bat egitea epaitu nahi dute; zehazki, proiektu independentista eta ezkertiar bat hauteskundeetan presente egoten saiatzea. Legez kanporatzeen ondorioz, Batasuna ilegala zen, eta ezin zuen bozetan parte hartu. Horregatik antolatu zen hauteskunde plataforma bat. Hori da delitua. Aukera politiko bat hauteskundeetan egotea galarazi nahi da. Era horretan, demokrazia hankamotz geratzen da; indar politiko bat presente egoteko aukera ukatu zen.
ETAko kide izatea egozten dizute.
Dena ETA dela dioen tesia Garzonek asmatu zuen aitzakia ederra da. Horren pean ehunka pertsona daude auzipetuta edo kartzelan, eta argi dago gauza ez dela ETAko kide izatea edo ez; inoiz ez da izan, eta are gutxiago orain. ETAk armak utzi ditu, baina estatuaren erasoek aurrera jarraitzen dute, eta hemen dagoen sentsibilitate politiko bati ez dio politikan aritzeko aukera ematen. Askotan entzun dugu «bonbak ala botoak» aukeratu behar zirela. Baina bonbak gelditu egin dira, eta guri, botoa eskatzeagatik, 109 urteko kartzela zigorra eskatzen digute denera.
Zuri bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu dizute. Nola hartu duzu?
ETAko kide izatea egotzita eskatu didate bederatzi urteko zigorra. Nik ez diet horrenbeste begiratzen bederatzi urte horiei, akusazioari baizik. ETAko kidea izatea. Hau da, lan politiko bat egiteagatik esatea ni ETAko kidea naizela eta ETAren aginduetara ari naizela. Bederatzi urteena horren ondorioa da. Hori desmuntatu behar dugu. Hemen badago aukera politiko bat, eta horrek ere eskubide osoa izan behar du defendatua eta gauzatua izateko. Hor dago gakoa. Eta, tira, beldurra, ba bai. Bederatzi urte esaten dizutenean… Nik 58 bete berri ditut, eta pentsatzen jarrita... erretiratuta aterako naiz kartzelatik!
Uste duzu kartzelara joango zarela?
Tira, ezetz espero dut, baina lehenengo egunean zein panorama dagoen ikusi nahi dut. Euskal Herrian, egoera berri batean gaude, eta aldaketak ikusten ditugu arlo askotan. Baina, noski, Madrilera goaz. Espainiaren muinera. Hor PP dago, eta, oraingoz behintzat, politika zaharrei, salbuespenezkoei eusten die. Auziak juridikoki ez dauka inolako oinarririk, baina kontua ez da juridikoa; politikoa da. Eta PPk orain arte ez du inolako urratsik egin nahi izan. Uste dut epaiketa hau izan daitekeela froga bat ikusteko ea PPk betiko moduan jarraitzen duen inolako mugimendurik egin gabe edo zerbait egiteko prest egongo den. PPk geroari begira urratsik egingo duen erakuts dezake epaiketa honek. Zigorra etortzen bada, argi dago PP mugiarazteko oraindik askoz indar metaketa handiagoa beharko dugula. Baina, tira, nik absoluzioa espero dut, jakinda burua prestatuta eduki behar dugula.
2009ko hauteskundeetan D3M plataformaren bidez bozetan aurkezteko saioagatik iritsi zara egoera honetara. Zergatik erabaki zenuen hauteskundeetara aurkeztea?
Ni zinegotzia izana nintzen Bilbon. Ilegalizazioa zinegotzi izanda bizi izan nuen, eta oso argi nuen legez kanporatzea onartezina dela ikuspegi demokratiko batetik. Nik beti lan egin dut eskubide guztiak pertsona guztientzat lortu nahian eta proiektu politiko guztiek gauzatzeko aukera izan dezaten. Beraz, nire asmoa lan politikoa egitea zen. Leporatzen didate hainbat prentsaurreko egin nituela eta guztietan esaten nuela hauteskundeetan presente egongo ginela. Hori esaten nuen pentsatzen nuelako gure eskubidea zela. Egin dudan guztia izan da ahal izan dudan heinean lan politikoa egitea. Kasu batzuetan, instituzioetan, eta, besteetan, instituzioetatik kanpo. Baina hori da nik egin dudan delitu bakarra. Oso argi daukat: nik ez dut besterik egin.
Euskal Herrian bestelako egoera batean gaudela dator epaiketa. Bazegoen modurik eteteko?
Modua zen fiskalak erretiratzea akusazioa. Eteteko aukera egongo litzateke Espainiako Gobernua, hemen gatazka politiko eta armatua konpontzeko aukera zabaldu dela ikusita, bide horretan urratsak egiteko prest egongo balitz. Argi dago epaiketa hau politikoa dela. Lan politikoa zigortzen da, ez baitago besterik. Beraz, borondate politikoa da behar den bakarra, eta PPk ez du oraindik.Bestetik, uste dut ezker abertzaleak hartu duen bideak noraezean utzi duela Espainiako Gobernua. PPk badaki zerbait egin behar duela, baina denbora irabazi nahi du. Denbora irabazte horretan, egurra ematen jarraitzen du, eta gu gara horren adibide.
Zer esan nahi diezu epaileei?
Esango diedana da nik egin dudana lan politikoa izan dela. Baita ere esango diet hemen eskubideak dituen herri bat dagoela eta guk nahi duguna gure proiektu politikoa aurrera eraman ahal izatea dela: herri moduan erabakitzeko eskubidea izatea eta ezkerreko ikuspegitik bestelako jendarte bat eratzea. Hori bideratzea da guk egin duguna, eta, kasu zehatz honetan, hauteskundeetan presente egoten saiatzen.
Espainiako gizarteari zer esango zenioke?
Guztiontzat onuragarria izango litzatekeela hainbeste urtetan sufrimendua sorrarazi duen gatazka politiko eta armatua gainditzea. Aukera dagoela, eta haiek ere aukera baliatu behar luketela sufrimendu guztiak benetan amaitzeko.
Eta euskal gizarteari?
Ezin dugula onartu beste epaiketa politikorik, ezin dugula onartu eskubide urraketa gehiagorik eta guztiok egin dezakegula zerbait. Norberak bere neurrira, baina guztiok dugu zerbait egiteko. Uste dut euskal herritarrengan itxaropena piztu dugula eta benetan ikusten dugula bide onetik goazela. Badakigu oztopoak izango ditugula, baina guztiok egin dezakegu zerbait daukagun helburu hori lortzeko: Euskal Herri libre bat eta justizia sozialean oinarritua. Bide horretan, Eleak-ek antolatuta larunbatean Bilbon egingo den nazio manifestaziora joateko deia egiten dut.
Nola begiratzen diozu etorkizunari?
Baikor naiz. Epaiketa honetan gertatzen dena gertatzen dela, uste dut euskal jendartean oinarri sendoak jarri ditugula indar metaketa lortzeko eta gero eta jende gehiagok ikusiko duela egoera aldatzeko beharra, bai politikoa eta bai soziala. Inoiz baino argiago dago PPk egiten dizkigun erasoak ez direla bakarrik ildo politikokoak; ekonomikoki eta sozialki onartezinak direla. Eta uste dut hiru urte hauetan euskal herritarrok urrats handia egin dugula etorkizunean beste era batera antolatzeko; era demokratikoan eta justizia sozialean oinarritutako bestelako Euskal Herri bat irudikatzeko.
Arantza Urkaregi Etxepare. D3M sustatzeagatik auzipetua
«PPk urratsik egingo duen erakuts dezake epaiketa honek»
Epaitzear dute Urkaregi irakaslea; hark argi du: politika egiteagatik epaituko dituzte 13 lagun. Epaiketa politikoa da, eta zigorrak ere erabaki politikoen menpe egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu