Espainian, hauteskunde kanpainaren azken orduetan eragina izan dezakeen ustezko akordio baten berri eman du Gasteizko Udal gobernuko zinegotzi Beatriz Artolazabalek. EAJko kideak salatu du Gasteizko EH Bildu eta PP ados jarri direla udaleko batzorde guztien presidentetzak banatzeko. «Itun» horren arabera, koalizio abertzaleak sei batzorde gidatuko ditu, eta beste bostak PPren esku geratu dira. Bien artean hamahiru boto elkartu dituzte, udal gobernua osatzen duten alderdiek (PSE-EE eta EAJ) baino bat gehiago. Elkarrekin Gasteiz koalizioak, bi botorekin, ez du galarazi batzordeen banaketa hori.
Salaketa horren ostean, ordea, PPren ukoa iritsi da. Eskuineko alderdi horrek ez ditu edukiko batzordeetako presidentetzak, azkenean. Atzera egitea erabaki berri du, «gertaeren inguruko nahasmena» eragin dutelako, haren ustez.
Gasteizko Udaleko batzordeen presidentetzak oposizioko indarren artean banatu izan dira azken urteetan, udal gobernuan dauden alderdien oniritziarekin. Oraingoan, EH Bilduk eta PPk beren artean banatzea adostu dute, nahiz eta PPk ez dituen izango, azken orduko erabakia dela medio.
Koalizio abertzaleko zinegotzi Rocio Vitero alkategaiak lortu zuen boto gehien maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, baina bigarren indarreko hautagai Maider Etxebarriak (PSE-EE) lortu zuen aginte makila, EAJrekin akordioa egin eta PPren babes erabakigarria lortuta. PPk, ordea, ohartarazi zuen gehiengo hori soilik alkatea izendatzeko zela, eta esan zuen aske zela aurrerantzean nahieran aritzeko udalean.
Batera edo bestera, Artolazabalek salaketa argia egiteko baliatu du Gasteizko batzordeen banaketa, eta ikusteko dago salaketa horrek zer bide egingo duen kanpainaren azken orduetan, batez ere Espainian. PPren ukoak zulo hori estaltzeko helburua luke, izan ere. «Gaur, udal honetan, EH Bilduk eta PPk negoziatzeko, adosteko eta itunak egiteko izan duten lehen aukeran, hori bera egin dute», esan du Artolazabalek. Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohiak Gorka Urtaran alkatearen lekukoa hartu zuen aurreko bozetan, EAJk aginte makilari eusteko aukera hobeak izango zituelakoan, baina laugarren indarra bihurtu zen EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PPren atzetik.
Artolazabalek «ezker abertzalearen zinismoa» kritikatu du, azken asteetan elikatu egin duelakoan EAJk «Feijooren PPrekin» akordioa egin dezakeelako ideia. «Kanpaina osoa darama gu PPrekin ados jarri garela esanez, baita Voxekin ere, hori gezur borobila dela dakiten arren, jende guztiak bezala». EAJko kideak nabarmendu du EH Bilduk eta PPk «negoziazioetatik kanpo utzi» dituztela gainerako alderdi politikoak: «Alderdi bi horiek, gainerakoak kanpoan utzirik, eseri egin dira, ados jarri, eta elkar babestu dute udal batzordeen presidentetza guztiak bien artean banatzeko. Guztienak. Agiri bat egin dute, besteokin kontrastatu gabe. Ez dira akordioa lortzen saiatu. Ez digute informaziorik eman», adierazi du.
PPk, berriz, esan du gertaerak ez direla horrela izan, presidentetza horiek oposizioko indarren artean banatu izan direla, eta oraingoan ere gainontzeko alderdiak ados zirela; hain zuzen, Artolazabalek esandakoaren aurkakoa defendatu du. Horiek horrela, PPren esku zeuden presidentetzak EAJ eta PSE-EEren esku geldituko dira. Artolazabalen salaketak berehalako ondorioak izan ditu, beraz, eta ikusteko dago Espainian zulorik eragingo ote dion PPri.