PPk proposatu du Guardia Zibilak jarrai dezala Nafarroako trafikoa kudeatzen, eta Voxek bakarrik babestu du

Nafarroako eta Espainiako Gobernuen artean akordio bat egitea proposatu du PPk, trafiko eskumenak Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren artean partekatzeko.

Foruzain bat, Atarrabian, artxiboko irudi batean. FORUZAINGOA
Foruzain bat, Atarrabian, artxiboko irudi batean. FORUZAINGOA
Isabel Jaurena.
2024ko maiatzaren 20a
15:35
Entzun

Foruzaingoak trafiko eskumena Guardia Zibilarekin partekatzea nahi du Nafarroako PPk. Hortaz, gaurko eledunen batzordean adierazpen instituzional bat aurkeztu du alderdiak, Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko akordio bat proposatzeko. Ordea, alderdi guztiek bozkatu dute kontra, Voxek izan ezik.

Aurreikuspen guztien arabera, datorren ostegunean eztabaidatuko da Foru Hobekuntzaren erreforma; aldaketa horren helburua da trafikoa Nafarroaren berezko eskumen gisa jasotzea. Testu hori gehiengo osoz atera beharko da aurrera, eta handik Espainiako Gobernuaren esku geratuko da. Ministroen Kontseiluak onetsi beharko du, eta Espainiako Gorteetara pasatuko da gero: Kongresutik eta Senatutik.

Popularrei erantzunez, Javier Esparza UPNko bozeramaileak erran du gaur aurkeztutako adierazpen instituzionalak «Nafarroako foru araubidea ez betetzeko aitzakia bat» bertzerik ez direla. «PPk, aspalditik, Nafarroako foru erregimena defendatzearen edo PPren beraren interes alderdikoiak defendatzearen artean aukeratu behar duenean, interes alderdikoiak defendatzea aukeratzen du. Eta horrekin zera egin nahi dute, Pedro Sanchezen aurkako gaitzespen kanpaina bat, Trafikoko Guardia Zibilak Nafarroan lan egiteari utziko diolako eta, aldi berean, UPNk politikoki ordezkatzen duenera hurbildu nahi duten ahalegin horretan justifikazioa bilatzen ari delako», zehaztu du.

Gehitu du Nafarroaren «eskubide historikoak» defendatu behar direla, eta horien alde egiten duela Foru Hobekuntza eraberritzeko erabakiak. Halere, posible dela eskubide horiek Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren artean kudeatzea, ingurumen arloan egiten den bezala.

Inma Jurio PSNko legebiltzarkideak, berriz, erran du PP ez dela inoiz egon «Nafarroaren autogobernuaren alde», eta segurtasun indarrak erabiltzen ari dela politika egiteko. Gainera, beren proposamena ez duela UPNk ere onartu, eta horrek erakusten duela bakarrik daudela autogobernuarekiko duten jarreran. Laura Aznal EH Bilduko bozeramaileak ere bide beretik egin ditu adierazpenak: «Beti defendatu dugu Foruzaingoa polizia integral bat bezala, eta ez dago zalantzarik gure autogobernua defendatzearen alde ote gauden». Hortaz, uste du aldaketa egin eta gero errepide guztien kudeaketa berreskuratuko dela.

Pablo Azkona Geroa Baiko bozeramaileak gisa hartako jarrerekiko «kezka» adierazi du, uste baitu eskumenen gaiarekin «berandu» doala Nafarroa. Miguel Garrido Contigo-Zurekin taldeko kideak erran du PPren adierazpenak beren botoa justifikatzea bertzerik ez duela helburu: «Adierazpenak ez zuen aurrera egiteko asmorik, ostegunean PPk eginen duena justifikatzea baizik, autogobernuaren eta Foru Hobekuntzaren kontrako botoa izanen baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.