Maiatzean, Nafarroako Parlamentuan PPk eta Voxek trafiko eskumenaren transferentzia ahalbidetzeko Foru Hobekuntzaren erreformaren aurka bozkatu zuten. Orain, Alderdi Popularrak iragarri du Senatuan osoko zuzenketa aurkeztuko duela aldaketa horren aurka. Nafarroako Parlamentuko gainerako taldeek eta Nafarroako Gobernuak eskatu diote atzera egin dezala.
Oraingoz, PPren jarrerak eskumena lekualdatzeko prozesua atzeratu baino ez du egingo. Izan ere, Auzitegi Gorenak trafiko eskumena Nafarroari itzultzeko erabakiaren aurka egin ondotik, eskumen hori Foru Hobekuntzan hitzez hitz jasotzeko aldaketari ekin zitzaion. Prozesu luzearen ostean, orain Espainiako Gorteetan da aldaketa. Irailaren 10ean Kongresuak onartu ostean, Senatura iritsi da, eta han PPk gehiengo osoa du.
Hala, Javier Garcia Nafarroako PPko presidenteak iragarri du osoko zuzenketa aurkeztuko dutela. Maiatzean egin bezala, trafiko eskumena Guardia Zibilarekin partekatzeko borondaterik ez izatea aurpegiratu die Nafarroako eta Espainiako gobernuei, eta egun trafikoan aritzen diren polizia horiek kanporatzeko asmoa izatea aurpegiratu die. Alta, hitzarmen hori gauzatzeak gaur egungo egoeran jarraitzea ekarriko luke, transferentziari zentzu oro kenduz.
Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehen Felix Tabernak eskatu dio «betoa ken» dezala. Erabakiak ustekabean harrapatzen ez badu ere, Tabernaren irudiko, «azpimarragarria eta esanguratsua» da PPren ikuspegia. Nahiz eta PPk aldaketa oztopatzeko aukera izan Senatuan, Tabernak gaineratu du aldaketa hori Kongresura iritsiko dela. Espero du abenduaren hasierarako.
Parlamentuaren Mahaiko bilera osteko agerraldian, UPNko Javier Esparzak salatu du jarrera horrek «Nafarroatik kanpoko interes alderdikoiei» erantzuten diela. PSNko Ramon Alzorrizen arabera, PPk «beste behin agerian utzi du foruen aurka dagoela». Geroa Baiko Pablo Azkonaren ustez, PPk transferentzia eragozteko borondatea erakutsi besterik ez du egin.