Espainiako Senatutik Kongresurako bidea egitera doa Maribel Vaquero (Urnieta, Gipuzkoa, 1970). EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak garrantzia kendu die inkestei, eta, gobernuan dagoena dagoela ere, haren alderdiak «autogobernua» eta «naziotasuna» defendatuko dituela hitzeman du.
Inkestek ez dituzte emaitza onak islatzen EAJrentzat. Kezkarik baduzue?
Inkestak inkestak dira. Aurreko bozetan esaten zuten boto kopuru jakin bat izango genuela, eta ez zen horrela izan. Beraz, inkesten balioa asmatzen dutenaren arabera finkatu behar da, eta ikusteko dago uztailaren 23an zer gertatuko den. Galdeketek joera bat finka dezakete, baina nik neuk ere ez dut asmatzen askotan. Ematen den botoa, hautetsontzian dagoena, hori da benetan balio duena.
Maiatzeko bozetan, milaka boto galdu zituen EAJk. EH Bilduk Gipuzkoan lortu duen nagusitasuna egonkortuko ote duen aintzat hartzen hasi zarete?
Hauteskunde desberdinak dira, eta bestelako gakoak dituzte. Bitxia da, baina Espainiako Gorteetarako bozetan abstentzio apalagoa izaten da. Posta bidezko botoa nola ugaritu den ikusita, horrek oinarria eman dezake pentsatzeko abstentzioa txikiagoa izango dela orain. Gobernatzen ibiltzen garenok, pandemia tarteko, higadura pixka bat izan dezakegu beti, baina oraingo bozak bestelakoak dira. Abstentzio hori aktibatzea da gure helburua orain. Maiatzeko hauteskundeen ostean, [Andoni] Ortuzarrek berak esan zuen jaso dugula mezua, eta aurrera egin nahi dugula gogoz.
Pedro Sanchez eta Alberto Nuñez Feijooren arteko lehiak boto asko bereganatu ditzake Euskal Herrian. Zaila da abertzaleek mezuak iritsaraztea polarizazio giro horretan?
Ez da erraza, Sanchez ala Feijoo, hori baita leku askotan eskaintzen den guztia. Baina badago beste aukera bat: EAJren alde bozkatzea. Izan ere, Euskadiri beste gako batzuekin bozkatzea komeni zaio. Azkenerako, Espainiako bi alderdi nagusi horien euskal ordezkariak Madrilera joaten dira, eta hango dinamikan sartu: alderdi horien nagusien mende egoten dira. Gu bitartekaririk gabe goaz: Euskadiren ahotsa eramaten dugu Madrilera, zuzenean, bestelako mendekotasunik gabe; eta ez daukagu bestelako motxilarik ere, iraganeko motxilarik, alegia. Gure iparrorratza Euskadi da.
EAJk esan dezake PP ez duela babestuko egoera aritmetikoa edozein dela ere?
PPk marra gorri guztiak gainditu ditu Voxekin itunak egitean. Demokrazia atzera egiten ari da, eta mehatxuka ari dira, zenbait lege baliogabetuko dituztela esaten. Horren harira, guk tinko jardungo dugu; beraz, guk hura babestea utopia bat da. Guk Euskadiren aldeko programa bat dugu Madrilera eramateko, giza eskubideen aldekoa, eta ez dugu inboluziorik onartuko. Lidergoa dugu giza eskubideen aldeko lege horietan, eta gure botoa ez diogu emango horren aurka doanari. Hau da, proposatzen duzun aukera hori oso urrun dago errealitatetik. Gure autogobernua zalantzan jartzen duenari ezin diogu babesik eman.
PPk eta Voxek gobernua osatuko balute, EAJren estrategia nolakoa litzateke? Autogobernua, euskara eta naziotasuna sendoago defendatuko lituzke?
Gogor gabiltza jada horretan, eta urte askoan. Autogobernua sarritan aipatzen da, eta, hain zuzen, kanpaina honetan autogobernuaren balioa azpimarratzeko ahalegina egiten ari gara. Euskal herritarrentzat, kohesioa, ongizate soziala eta justizia soziala da autogobernua. Ezinbestekoa da gure eskubide historikoak, foruak eta autogobernua bermatzea. Horiek defendatu ezean, Madrildik egiten duten higadurak herri gisa dugun botere hori galaraziko digu. Eta lege proiektu ugarik eragin dute azken urteotan higadura hori, sarritan salatu dugun moduan. PSOEk eta Podemosek proposatutako legeak izan dira, argi. Hau ez da, beraz, eskuin-ezker ardatz bat: Madrilen, eskuinak eta ezkerrak bat egiten dute euskal eskumenak higatzeko. Podemosek ez du ulertzen estatu plurinazionala zer den. Higadura horri, neurri batean edo bestean, aurre egin ahal izan diogu azken legegintzaldian, baina, batzuetan, ez da posible izan.
Etxebizitza legeari buruz ari zara? EH Bilduk hari babesa eman izanaz?
Bai, etxebizitza legean ezin izan dugu gure eskumenen higadura galarazi, ERCk eta EH Bilduk baiezkoa eman baitiote. Ez da beste alderdi abertzaleok horrela nahi izan dugulako gertatu: BNGk ez du onartu, CUPek ere ez, eta Juntsek eta PDeCATek ere ez. Alderdi independentista horiek ahalbidetu dute eskuduntzen inbasioa gertatu izana.
Gizarte Segurantzaren eskuduntza eskatzen ari zarete. Uste duzue Espainiako Gobernua prest egongo dela kutxa bakarra haustearekin lotzen duten erlauntz horretan sartzeko?
Orain arte ez dira prest egon; ez da egia, ordea, elkartasun kutxa hori hautsiko litzatekeela. Kontzertuarekin ere argi ikusten da gu solidarioak garela beste erkidegoekin, baina geurea geuk kudeatu nahi dugu. Ez gara besteena eskatzen ari. Badakigu Euskadik kudeatzen duenean emaitza hobeak daudela, eta hori garrantzitsua da ongizatea bermatzeko.
Aldiriko trenen transferentzia ez da gauzatu. Noiz arte egon daiteke EAJ estatutua betetzeko eskatzen, estrategia subiranistagoa abiarazi gabe?
Euskaldunok dugun erabakitzeko eskubidearen alde hitz egiten du gure programak. Eta argi dugu naziotasunaren auziari buruz hitz egin beharra dagoela. Ez dugu bakarrik Gernikako estatutua betetzeko eskatzen. Aurrerantzean ere exijituko dugu bete dadila onartua dagoen lege organikoa, baina mahai gainean dago beste eskaera ere.
Euskararen aurkako eraso judiziala gero eta bortitzagoa da. Zer egin dezake zure alderdiak Madrilen?
Kezka oso handia dugu, eta hala salatu dugu kanpainan. Auzitegi Konstituzionalean gehiago dira epaile progresistak kontserbadoreak baino, eta, hala ere, eraso hori gertatzen ari da. Irakurketa ezin da ezker-eskuin parametroan egin, beraz. Badago mehatxu bat euskararen aurka, eta mehatxu hori garrantzitsua da. Aurre egin beharko diogu, bai Europan, bai Espainian, eta bai hemen ere. Batu egin beharko dugu gure hizkuntza defendatzeko.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Maribel Vaquero. Espainiako Kongresurako EAJren Gipuzkoako zerrendaburua
«PPk marra guztiak gainditu ditu: guk hura babestea utopia bat da»
EAJko ordezkariak «bitartekaririk gabe eta beste motxilarik gabe» doaz Madrilera, Vaqueroren arabera, herritarren «ongizatea» defendatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu