PPk luzapena lortu du, baina atzera-bueltarik ez du. Europako Batasuneko estatuetan epaitu eta zigortu dituztenen espetxe zigor urteak Espainiako auzitegiek aintzat hartzeko lege erreforma bozkatzekoa zen atzo, Espainiako Senatuan, halakoetan lege erreformek iragan behar izaten dituzten tramite guztiak igarota. Azken urratsa baino ez zuen falta. PPk, baina, Senatuan duen gehiengoa baliatu du azken tramite hori luzatzeko. Aldeko 143 botorekin eta kontrako 100 botorekin, Senatuko osoko bilkuran eztabaidatzekoa zen erreforma gai zerrendatik kentzea lortu du Alderdi Popularrak. Baina, beranduenez ere, urriaren 14rako Senatuko Mahaira eraman beharko dute berriz ere erreforma hori, eta osoko bilkurara deitu, lege erreforma aurrera ateratzeko. Zerbitzu juridikoen arabera, ez dago hura egokitzeko tarterik jada.
Aurreikusita ez zegoen bozketa bat egitea ahalbidetu du PPk, Senatuan, luzapen hori lortzeko. PSE-EEko Alfonso Gilek eskatu du Senatuan ez zeuden ordezkarien boto telematikorako eskubidea bermatzeko baliabideak jartzeko, baina Pedro Rollan Ojeda Senatuko Mahaiko presidenteak (PP), zerbitzu juridikoen azalpenei erreferentzia eginda, esan du bozketa hori bertan zeudenentzako zela. Horrenbestez, PPk bere gehiengoa baliatu du osoko bilkurako gai zerrendatik ateratzeko lege erreforma. Erreforma horretan jasotzen da Europako Batasuneko araudira egokitzeko aurrekari penalei buruzko informazioa estatuen artean trukatzea eta Europako Batasunean egon diren zigor ebazpen judizialak aintzat hartzea, Europako zuzentarauetara egokitzeko. Harrabotsa eragin du, Frantzian betetako espetxe urteak aintzat hartzeko bidea irekiko dielako euskal presoei, besteak beste.
Uztailaren 31tik
Lege erreforma hori Espainiako Kongresuan onartu zuten irailaren 18an, aho batez; atzo, Senatuko tramitea igaro behar zuen. Prozesu hori eteteko saioa egin du PPk. Izan ere, biktimen bi elkartek, AVTk eta Covitek, ohartarazi diete zenbait euskal preso kaleratzea ekarriko lukeela erreforma horrek. Baina lege erreformek izan ohi duten instituzioetako prozedura jada eginda zegoen. Kongresuko lantaldean onartu zuten erreforma, uztailaren 31n; gero, Justizia Batzordean egin zuen aurrera; osoko bilkuran ere alderdi guztiek egin zuten erreformaren alde; eta behin Senatuko osoko bilkurara iritsita, atzera-bueltarik ez du.
Senatuak urriaren 14ra arte luza dezake eztabaida, baina ez du lege erreformaren testuan aldaketarik egiteko tarterik jada. Ikusteko dago PPk lege zirrikituren bat topatzen duen, baina orain arteko prozedurak aintzat hartuz gero, atzoko osoko bilkuran ez onartuta ere, beranduenez urriaren 14rako osoko bilkurara deitu behar du Senatuko Mahaiak, eta aurrera egin beharko luke lege erreformak. Zuzenean BOEn, Espainiako Aldizkari Ofizialean, argitaratuko litzateke.
Sumarrek sustatu zuen lege erreforma. Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Ekonomia Sozialaren ministroak atzo esan zuen lege erreforma hori Europako zuzentarauaren transposizio bat dela; Kongresuan, gainera, «aho batez onartu zuten denek, eskuin muturrak barne». Felix Bolaños Espainiako Presidentetza eta Justizia ministroak ere ohartarazi zuen PPk eta Voxek babestu egin zutela lege erreforma hori Kongresuan, irailean.
PPk eta Voxek aitortu dute ez zirela ohartu lege erreforma hark izango zuen eraginaz, eta «barkamena» eskatu diete biktimei. Alberto Nuñez Feijook, gainera, Espainiako Gobernuari egotzi dio ondorioen «erantzukizun osoa». UPNk ere lege erreforma erretiratzeko eskatu du, eta Espainiako Gobernua egin du erantzule.
Eusko Jaurlaritzak babestu egin du lege erreforma. Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak gobernu bilera osteko agerraldian esan duenez, Europako zuzentaraua bete baino ez da egiten erreformarekin. Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak ere argi adierazi zuen atzo: «Oraintxe ez dago ezohiko egoerarik, eta preso guztiak berdinak dira, normaltasun osoz eta kontzienteki eman genion baiezkoa lege erreformari».
Horrenbestez, lege erreformak bidea irekiko lioke Espainiako auzitegiek aintzat hartu behar izateari Europako beste herrialdeetan betetako espetxe zigorrak.
44Etxerat-en arabera, egun espetxeratuta dauden 44 euskal presori ez zaizkie aintzat hartu Frantzian betetako espetxe urteak. Espainiaratu ostean, epaitu eta espetxe urteak hutsetik zenbatuta ari dira espetxealdia betetzen.
7/2014 legeak harrotu zituen hautsak onartu zenean ere, 2014ko abenduaren 4an, zigorrak Europako Batasunean modu bateratuan hartu behar direla zioen arau hark. Batasunak 2008an onartutako arau bat dago lege horren oinarrian. Legearen arabera, Europako Batasuneko herrien arteko informazio trukea ahalbidetzea eta elkarren zigorrak aitortzea zuen helburu: estatu batek pertsona bati ezarritako zigorra Europako estatu guztiek aintzat hartzea; Europa osoak herri baten moduan joka zezala, eta delitu bera ez zedila birritan zigortu.
Europak hartutako erabakiak derrigorrez bete beharrekoak dituzte Europako Batasuna osatzen duten estatu guztiek. 2008an erabaki zuen beste estatuetan betetako zigorrak norbere estatuak aintzat hartu eta bateratzea, eta irizpidea betetzeko epea ere jarri zuen: 2010eko abuztuaren 15a. Espainiako Gobernua 2014an hasi zen lege hura bere araudira egokitzen, ordea, eta Mariano Rajoyren PPren gobernuak euskal presoei zuzenean eragiten zieten artikuluak moldatu zituen. Gehiengo osoa zuen, eta hura baliatu zuen.
Beren-beregi espetxe murrizketen aurka
Europako beste estatu batzuetan auzitegiek emandako ebazpenen eraginkortasuna mugatu zuen, eta Espainiako auzitegietan 2010eko abuztuaren 15aren aurretik ebatzitako sententzietan Europako zuzentaraua ez bete behar izatea gehitu zuen. Alegia, euskal presoen espetxealdiak murrizteko aukera ukatzeko moldaketak izan ziren, ukatu egiten baitzuten propio beste estatuetan egindako espetxe urteak aintzat hartzea.
Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak hainbat epai eman zituzten bi norabidetan. Epai batzuetan hartzen zituzten aintzat, Europako Batzordearen 675/2008 zuzentarauari segituz, eta beste batzuetan ez. Frantzian betetako espetxe urteak aintzat hartu ez zituztenen defentsek Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten, Estrasburgora. Baina hark ere Espainiari eman zion arrazoi, 2018ko urriaren 23an argitaratutako ebazpenean.
Hiru euskal presoren helegiteak aztertu zituzten orduan: Santiago Arrospide Sarasola, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika Garmendiarenak. Epaimahaiak ebatzi zuen Espainiak egoki jardun zuela hiru euskal presoei aintzat ez hartuta Frantzian betetako zigor urteak. Epaimahaiak ohar bidez gehitu zuen ez zela haien eginkizuna Europako Batasunak 2008an zigorrak batzeaz emandako zuzentaraua Espainiak zuzen bete ote zuen ebaztea. Horrenbestez, atea itxita geratu zen Frantzian espetxe zigorra betea zuten beste hainbat euskal presorentzat ere.
Aurretik, bai EAJk, bai EH Bilduk, egin izan dituzte saiakerak legea erreformatzeko. 2018an egin zuten saioa, baina PSOEk ez zuen babestu.
Salbuespen lege hori bertan behera uzteko aldarrikatu izan du Sarek, eta eskatu izan du euskal presoei legedi arrunta aplikatzeko. Salbuespenezko legea da 7/2014 lege organikoa, eta baita 7/2003a ere. Lege hark espetxealdi urteak 40 urtera arte luzatzea ahalbidetzen du, eta ia bizi osorako zigor gisa har liteke. Zigorren zenbaketa beti zigor osotik egitea jaso zuten lege hartan, bete beharreko denbora berrikusteko aukerarik eman gabe. Haren arabera, euskal presoek zigorraren erdia bete behar dute hirugarren gradua lortzeko, eta hiru laurdenak baldintzapean aske geratzeko.