PPk lege bat aurkeztuko du presoei harrera egitea debekatzeko

Javier Marotok azaldu du «berehala» aurkeztuko dutela proposamena. Tapiak «giro politikoa berotu» nahi izatea leporatu dio Casadori

Pablo Casado EAEko alderdikideekin, igandean, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Azken asteetan, PP euskal presoen auzia eta presoak Euskal Herrira gerturatzeko aukera baliatzen ari da Espainiako Gobernuari kritika egiteko. Atzo, esaterako, Javier Maroto PPko Antolakuntza idazkariordeak azaldu du Alderdi Popularrak lege bat aurkeztuko duela euskal presoei harrera egitea debekatzeko, eta iragarri «berehala» jarriko dutela martxan egitasmo hori. Lege proposamena defendatzeko Marotok erabili duen argudio nagusia «biktimen memoria babestea» izan da. Esan du garrantzitsua dela kontakizuna «nola» egiten den, eta «horrelako» omenaldiek hurrengo belaunaldiek ikasitakoa baldintza dezaketela.

Marotok telebista kate batean atzo eginiko elkarrizketan izan zuen hizpide presoen auzia. Haren iritziz, gertatutakoa ez da berdinen arteko gatazka bat izan: «Ez da biren arteko gatazka bat; biktimak eta borreroak daude». Ikuspuntu hori kontuan hartu beharrekoa iruditzen zaio, eta salatu du presoei egindako harrerek ez dutela hala egiten. Presoen gerturatzeko aukeraren inguruan, Marotok uste du Sanchezek espetxe politika aldatuko duela EAJri eta EH Bilduri «zor dien mesedearengatik»; PP Espainiako Gobernutik kanporatzearen alde bozkatzeagatik.

Raquel Gonzalez PPko Bizkaiko arduraduna ere presoak gerturatzearen aurka azaldu da. Esan du EAJk espetxe politika berri bat proposatu duela, eta PSOE hura betetzeko prest dagoela, «biktimen umilazioa kontuan hartu gabe». Gonzalezen iritziz, presoek «justiziarekin elkarlanean» aritu behar dute «benetan gizarteratu nahi badute».

Pablo Casado PPko presidenteak Gasteiz bisitatu zuen joan den asteburuan. Datorren urte politikorako proiektuaz hitz egitekoak ziren, eta presoen gaiak izan zuen tarterik. Casadok adierazi zuen PPk ez duela onartuko presoen aldeko harrerarik. Haren esanetan, «300 atentatu argitzen lagundu nahi izan ez duten hiltzaileek» ez dute merezi inolako «onurarik». Sanchezen gobernuari ohartarazi dio «kontu handiz ibiltzeko» kontu horrekin. Arabako hiriburura egindako bisitan herritarren txistuak jaso izana salatu du PPk.

Gainera, Casado kritiko agertu zen PSOEren gobernuak kendu egin duelako PPren gobernuak jarritako helegite bat, Poliziaren indarkeriaren bikitmen Euskal Autonomia Erkidegoko legeari jarri ziona: «Espainian ez da egon abusu polizialik, baizik eta ETAk hildako poliziak eta guardia zibilak». ETAk hildako Juan Maria Jauregiren alaba Maria Jauregik erantzun zion sare sozialetan: «Nor engainatu nahi duzu? Nola egin ditzakezu halako adierazpenak?».

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburua Casadoren jokabidearen kontra agertu da, eta leporatu dio «interesa» izatea «ezegonkortasun politikoa» sortzeko: «Ez dezala hainbeste berotu giro politikoa legearen ezarpena era alderdikoian erabiliz».

«Balizko» 4.000 «biktima»

Igandean, Santiago Arrospide euskal presoa irten zen Topaseko espetxetik (Salamanca, Espainia), kartzelan 30 urte igaro ostean, guztiak lehen graduan. Hori dela eta, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak agindu zuen Arrospideren herriratzea zelatatzeko, jakiteko ea «deliturik» egiten zen. Arrospideri, ordea, ez zioten harrera publikorik egin. Egun hartan bertan zenbait mobilizazio egin zituzten Euskal Herriko zenbait hondartzatan, Etxerat euskal preso eta senideen elkarteak deituta. Urrunketa politikaren amaiera exijitu eta euskal preso eta iheslariak «etxean eta bizirik» nahi dituztela aldarrikatu zuten. Azaldu zuten presoen senide eta lagunak —4.000 baino gehiago— «balizko biktimak» direla, eta asteburuero bizia «arriskuan» jartzen dutela. Hortaz, premiazkotzat jo zuen presoen auzia konponbidean jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.