Kongresua

PPk irabazi ditu hauteskundeak, baina ez zaio nahikoa Feijoo gobernuburu izendatzeko

Alderdi Popularrak 136 diputatu lortu ditu. PSOE 122rekin geratu da; Vox, 33rekin, eta Sumar, 31rekin. Feijook esan du "gobernatzeko saioa" egingo duela. Sanchezek talde abertzaleen beharra izango du (26 aulki) Espainiako presidente segitzeko; Juntsek du giltza. PSOEko buruak adierazi du "bloke atzerakoiak porrot" egin duela. PP eta PSOE nahikoa parean geratu dira botoetan. Atzerriko botoa, larunbatean; Madril, Kantabriako eta Guadalajarako (PPren alde) eta Tarragonako (PSC) aukerak daude.

Alberto Nunez Feijóo PPren presidentegaia eta haren alderdikideak, bart gauean, Madrilen. JAVIER LIZON, EFE
enekoitz esnaola
2023ko uztailaren 23a
20:23
Entzun

PPk irabazi ditu Espainiako Kongresurako hauteskundeak, 136 diputaturekin, baina ez zaio aski izango Alberto Nuñez Feijoo Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko. Izan ere, PP Kongresuan gobernuburuaren inbestidura saioan Voxekin (33 aulki) eta UPNrekin (1) elkartuko balitz, ez du gehiengo osoa izango. Hiru alderdien artean 170 aulki dituzte, eta, gutxienez, 176 behar dira gehiengo absolutua eskuratzeko —gehiengo sinplearekin lor daiteke gobernuko presidendetza—. Coalicion Canariaren babesa ere (eserleku 1) ez zaio aski PPri.

Espainiako ezkerreko blokeak, berriz, 153 diputatu dauzka: PSOEk 122, eta Sumarrek 31. Ondorioz, Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiak Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi abertzaleen sostengua beharko luke gobernuburua izendatzeko saioan; 26 aulki dituzte ERC, Junts, EH Bildu, EAJ eta BNGren artean. Azkeneko legealdian PSOE eta Unidas Podemos egon dira gobernuan, eta talde abertzaleen beharra izan dute Kongresuan gehiengoak osatzeko.

PPk PSOEri hamalau diputaturen aldea atera dion arren, botoetan 300.000rena baino ez dio atera, eta 1,3 punturena. Ez du garaipen argirik erdieitsi.

Abertzaleen artean, batez ere, ikusteko dago zer egingo duen Juntsek, denek estutuko duten arren Sanchez. «Guk ez dugu Sanchez presidente egingo hutsaren truke», esan du gauean Miriam Nogueras Juntseko hautagaiak. Sanchezen aurka bozkatzen badute, berriro izango dira hauteskundeak, hilabete batzuk barru. PP-Vox-UPN-CC blokeak (171 aulki) baino aulki bat gehiago du PSOE-Sumar-ERC-EH Bildu-EAJ-BNG blokeak (172), baina Juntsek inbestiduran ezezkoaren alde bozkatuko balu, Sanchezek aurkako boto gehiago lituzke baiezkoak baino, eta, gehiengo sinplerik gabe, ez litzateke gobernuburu izango.

Eskuineko blokeak 171 boto batuta, PSOEko buruak gutxienez bere aldeko 172 boto behar lituzke presidente izateko aurkeztuko balitz Kongresuan. Beraz, gutxienik, Juntsen abstentzioa beharko luke, betiere beste talde abertzaleak bere alde bozkatuz gero. Katalunian, Gabriel Rufian ERCko hautagaiak Juntsekoak baino leunago hitz egin du.

Konstituzioaren arabera, Espainiako erregeari dagokio hautagai bati gobernua osatzeko elkarrizketak hasteko ardura ematea.

Atzerriko botoa, larunbatean; Madrilgo, Kantabriako eta Guadalajarako (PPren alde) eta Tarragonako (PSC) aukerak

Datorren larunbatean atzerriko botoak kontatuko dituzte, eta orduan bihurtuko dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzak behin betiko. Ikusi beharko da eserlekuetan aldaketarik badagoen ala ez. Bart gaueko emaitzak aztertuta, ematen du aldaketaren bat egotekotan hiru probintziatan leudekeela: Madrilen, Kantabrian eta Guadalajaran eta Tarragonan.

Madrilgo erkidegoan, PSOErentzat izan da D'Hondt sistemaren banaketako azkeneko diputatua (herrialdeko 37.a), baina PP 1.749 botora baino ez da geratu. PPk 15 aulki erdietsi ditu han, eta PSOEk 11; kasik 13 punturen aldea egon da bien artean. Ikustekoa izango da larunbatean atzerriko botoa.

Kantabrian Voxentzat izan da azkeneko eserlekua, baina PP 428 botora soilik du. PP izan da lehen indarra (%42, 2 aulki); Vox, hirugarren (%14, aulki 1).

Guadalajaran Voxentzat izan da azkeneko diputatua, eta PP 2.975 botora dauka. PP izan da herrialdeko lehen indarra, %36,3rekin (aulki 1). Vox hirugarren izan da, %19,2rekin (aulki 1). Han zailagoa dirudi PPk azkeneko aulkia bereganatzea.

Juntsek baluke Tarragonako aulkia galtzeko arriskua: azkeneko diputatua jokoan dela, 1.298 botora du PSC; han, bart sozialistak geratu dira lehenengo tokian, botoen %32,9ko babesa jasota (2 diputatu), eta Junts, bosgarren, %11rekin (aulki 1). Gironan ere Juntsena izan da atzeneko aulkia, eta 363 botoren aldea atera dio PPri, baina ez dirudi atzerriko botoak aldaketa ekarriko duenik, bart Juntsek %19,6ko sostengua izan baitu (bigarren, 2 aulkirekin), eta PPk, %9,6koa (bosgarren, aulkirik gabe),

Hego Euskal Herrian, bart gaueko datuak aztertuta, ez dirudi emaitza aldatuko duenik atzerriko botoak.

Feijook elkarrizketa saioari ekingo dio; Sanchezek ez du zehaztu

Gauean, Madrilen PPren egoitzaren atarian, Feijook jakinarazi du elkarrizketa saioari ekingo diola, «gobernatzeko saioa egiteko». Uste du berari dagokiola ekimena hartzea, PP hauteskundeak irabazi dituela eta. Nabarmendu du hiru milioi boto eta 47 diputatu irabazi dituztela 2019ko azaroko bozetatik. Esan du Espainiako hauteskundeetako irabazleak gobernatu izan duela beti, eta beste aldeei eskatu die «ez blokeatzeko». PPren egoitzaren atarian, haren zaleek Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidentearen aldeko ohiuak egin dituzte tarteka —Feijooren ondoan izan da Ayuso, besteak beste—.

Sanchezek bozen ondoren esan du «bloke atzerakoiak porrot» egin duela, eta PSOEk lehen baino babes handiagoa lortu duela (bi eserleku eta milioi bat boto gehiago). «Askoz gehiago gara Espainiak aurrera egin dezan nahi dugunak, eta horrela izango da aurrerantzean ere». Dena dela, ez du zehaztu Moncloan segitzeko ahalegina egingo duen. Emaitzak ikusita, PSOEk oholtza txiki bat prestatu behar izan du egoitza atarian bere ehunka zaleren aurrean ekitaldi bat egiteko; han mintzatu da Sanchez.

Yolanda Diaz Sumarren presidentegaiak esan du gaur «jendeak lo lasaiago» egingo duela. «Demokrazia indartuta atera da. Herri hobea dugu».

Santiago Abascal Voxen presidentegaiak Feijoo zoriondu du, «hauteskundeak irabazi dituelako». Haren ustez, Sanchezek inbestidura «blokeatu» dezake; «are okerrago, presidente izenda dezakete» beste indarrek.

Kongresurako bozetako emaitzak %100 zenbatuta

PP: 136 diputatu (+47 duela azken bozetatik).
PSOE: 122 (+2).
Vox: 33 (-19).
Sumar 31 (-7, Unidas Podemos eta beste talde batzuen emaitzekin alderatuta).
ERC: 7 (-6).
Junts: 7 (-1).
EH Bildu: 6 (+1).
EAJ: 5 (-1).
BNG: 1 (berdin).
CC: 1 (+1).
UPN: 1 (2019an Navarra Suma koalizioak, UPN barruan zela, 2 aulki)
CUP: 0 (-2).
Teruel Existe: 0 (-1).
Geroa Bai: 0 (berdin).

Botoetan, nahikoa parean PP eta PSOE

Botoetan nahikoa parean geratu dira PP eta PSOE. PPk bozen %33 jaso ditu, eta PSOEk, %31,7. PPk 8 milioi boto batu ditu, eta PSOEk, 7,7.

Kongresuan ordezkaritza lortu duten beste taldeen artean, Voxek %12,3 lortu du (3 milioi boto), Sumarrek ere %12,3 (3 milioi boto), ERCk %1,9, Juntsek %1,6, EH. Bilduk %1,3, EAJk %1,1, BNGk %0,6, CCk %0,4 eta UPNk %0,2. Bestalde, Geroa Baik %0,04.

Senatuan, PPk gehiengo osoa

Espainiako Senatuan PPk gehiengo absolutua lortu du. PSOE geratu da bigarren, eta hirugarren indarra EH Bilduren eta ERCren arteko koalizioa izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.