PPk helegitea jarriko dio hizkuntz eskakizunen dekretuari

De Andresen ustez, dekretuak «kontu ideologikoak eta identitarioak» lehenesten ditu langileen merituen aurretik.

ESPAÑA ELECCIONES PP
Javier de Andres PPren lehendakarigaia, aurreko astean, Donostian egindako ekitaldi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 1a
17:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzak berriki onartutako hizkuntz eskakizunen dekretuaren aurkako helegitea aurkeztuko du PPk EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Javier de Andresek, PPren lehendakarigaiak, gaur adierazi du dekretu horrek «kontu ideologikoak eta identitarioak» lehenesten dituela langileen merituen aurretik, eta horrek «kalte» egiten diela «meritudun langileei» eta gizarte osoari. Euskara sustatzeko neurri administratiboen kontrako oldarraldi judizial betean eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian jakinarazi du PPk helegitea aurkezteko asmoa.

Otsailean onartu zuen Jaurlaritzak sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu berria. «Malgutasuna» eta «progresibotasuna» dira dekretuaren ardatzak, eta aukera emango du hautaketa prozesuak euskaraz eginda hizkuntz eskakizunak egiaztatzeko. Hori bera arautzen duen 39. artikuluaren aurka egin du PPk, besteak beste: «Enplegu publiko bat lortzeko probak ezin dira hizkuntza azterketa bat bihurtu. Ez da hizkuntza maila jakin bat ziurtatzeko proba bat, baizik eta deialdi jakin bateko lanpostu jakin bati dagozkion zereginak betetzeko pertsonak daukan gaitasuna zehaztekoa».

Dekretuaren «arriskua» hau da PPrentzat: oposizioetako emaitzak «guztiz baldintzatzea» proba egiten ari direnen euskararen ezagutza mailak, eta ez «ezagutza teknikoek». Dena den, 39. artikuluak ez ditu ezertara behartzen oposizioetara deitzen duten administrazioak: langileak hautatzeko prozesuak abiatzen dituztenean, euskaraz lan egiten duten erakundeek aukera izango dute hautagaiei proba bat edo probaren zati bat euskaraz egiteko, gaztelaniarako biderik eman gabe. Aukera. Espainiako Estatuan dauden antzeko esperientzia ugariei erreparatuta ebatzi dute berritasun hori, guztiz egingarria dela iritzita. Dekretuan propio zera jartzen du: probak euskaraz egin «ahalko» direla.

De Andresen ustez, ordea, aukera horrek «kalte» egiten die langileei eta administrazioaren zerbitzuak jasotzen dituzten herritarrei. «Nire konpromisoa da euskal erakundeetan lan egin nahi duten eta horretarako merituak dituzten guztiak babestea», nabarmendu du.

Lege irizpideak

Jaurlaritzak nabarmendu izan du lege irizpide guztiak betetzen dituela dekretuak, eta berariaz idatzita dagoela kontrako auzibideak saihesteko. Hizkuntz eskakizunak malguagoak izango dira, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio osoaz gain, hezkuntza arloak, osasun arloak, Ertzaintzak eta justiziaren eremuak ere dekretuak zehaztutako irizpideen arabera egin beharko ditu euskara planak.

Gainera, dekretuaren bidez, enpresa pribatuek ematen dituzten zerbitzu publikoetan ari diren langile subrogatuek egun funtzionarioek dituzten laguntzak eta baliabideak izango dituzte euskalduntzeko. 

Finean, udal esparruan finkatutako hizkuntza irizpideak sektore publiko osora zabaldu dira dekretu honekin.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.