Krisi eta aldaketa garaian dago Espainiako Estatua: ekonomia ez ezik, eredu politikoa ere ezbaian da. Ustelkeriak alde guztietatik zipriztindu du PPren gobernua, eta «birsortze demokratikoaz» mintzo da orain. Hainbat neurri proposatu ditu horretarako; azkena, hauteskundeetako joko arauak aldatzea. PSOEk, berriz, 1978ko Konstituzioan aldaketak egitea proposatuko duela iragarri du. Bozek eta inkestek erakutsi dute gain behera doazela Espainiako bi alderdi nagusiak, eta haien ezkerrera ari dela sortzen aldaketarako aukera. Alderdi gehienen iritziz, botereari eusteko jokaldia baino ez du egin nahi PPk: hauteskunde iruzurra.
Alkateak «zuzenean hautatzeko» formula proposatu du PPk, edo hala deitu diote, behintzat. Hau da, hautesleen botorik gehien jaso duen zerrendako hautagaia izatea alkate. Oraingoz, ordea, ezer gutxi zehaztu du. PPko buruzagiek esandakoen arabera, boto gehien jasotzen duen zerrendak ehuneko jakin bat lortzen badu —%40 aipatu dute—, gehiengo osoa luke zuzenean: eserlekuen erdiak, gehi bat. Horretarako bigarren indarrarekiko aldea ere kontuan izango dutela esan dute; adibidez, %5en aldea atera beharko liokeela lehenengoak bigarrenari. Gero, geratzen diren eserlekuak orain arte bezala banatuko lirateke, D'Hont legearekin: boto kopuruaren arabera, proportzionalki.
Lege horrekin osatzen dira gaur egun Hego Euskal Herriko udalbatzak; hau da, bozen arabera erabakitzen da talde bakoitzari dagokion zinegotzi kopurua, proportzionalki. Eserlekuak banatuta, zinegotzi gehienen babesa lortzen duen hautagaia izaten da alkate. Zerrendak itxiak direnez, herritarrek zinegotzien bidez hautatzen dute alkatea.
Hainbat eratan jar daiteke praktikan PPk proposatutako alkateen «zuzeneko hautaketa». Bi modu nagusi daude Europako sistemetan, bakoitzak berezitasunak izan arren: lehena, bigarren itzulia egitea, inork ez badu gehiengo osorik lortu —horrela egiten da Ipar Euskal Herrian—; eta, bigarrena, bonus edo sari bat ematea gehiengoa lortu duenari, hau da, gehiengo osoa ematea gehien bozkaturiko zerrendari. Printzipioz, bigarrenaren alde egin du PPk, negoziatzeko prest dagoela esan arren.
Presaka, adostasunik gabe
Alderdien artean eztabaida handiagoa piztu du proposamena egiteko garaiak eta moduak, neurriak berak baino. Ekainean jakinarazi zuen erreforma egiteko asmoa PPk, eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteak azaldu zuen erreforma indarrean egotea nahi duela datorren urteko maiatzeko udal hauteskundeetarako. Hala berretsi du asteon, PSOEk argi utzi ondoren ez duela halako aldaketarik babesteko asmorik. Egitasmoaren atzean interes alderdikoiak daudela diote oposizioko alderdi guztiek. PSOEk eta IUk udaletan mozioak aurkezteko asmoa dute aldaketari aurre egiteko, eta EAJko europarlamentari Izaskun Bilbaok iragarri du Bruselan salatuko duela aldaketa «antidemokratikoa».
Hauteskunde Legea aldatzeko «adostasun zabala» behar dela gogorarazi du PSOEk, baina Rajoyren gobernuak badu nahikoa gehiengo Diputatuen Kongresuan, hala nahi izanez gero erreforma bere kabuz egiteko. Asmo horretan da PP. Aurreratu dute irailean Kongresuko taldeekin negoziatuko dutela, baina akordioak lortu edo ez aurrera joko dutela, Rajoyk berak iazko otsailean esandakoaren kontra: «Ez dut inoiz aldatuko Hauteskunde Legea gehiengoa erabilita».
«Birsortze demokratikoa» bultzatzeko neurritzat aurkeztu du PPk erreforma, forudunak murriztekoa edo alderdien finantzaketari buruzkoak bezala. Boz sistema aldatuta udalen «gobernagarritasuna» bermatu nahi dutela diote; hau da, gutxiengoan edo alderdien arteko akordio bidez osatutako gobernuak saihestu nahi dituztela. Hala esan zuen Arantza Quirogak asteazkenean: «Geldialdian gaude Espainiako demokrazian: diktadura batetik gentozen, eta demokrazia pausoak emanez joan da, eta orain beharrezkoa da beste bultzada bat». Gaineratu zuen neurriaren alde daudela, «Euskal Herrian Bilduren mesedetan izango den arren». Oraingoz, ordea, bakarrik geratu dira. Bai Espainian, bai Euskal Herrian.
PP izan ezik, proposamenaren aurka agertu dira Euskal Herrikoalderdi guztiak. Lau indar politiko nagusiekin harremanetan jarri da BERRIA, baina EAJk eta PPk erantzun dute jada egindako adierazpenetara mugatzen direla.
Donostiako zinegotzi eta PSE-EEren Politika Instituzionalerako idazkari Enrique Ramosen hitzetan, «hauteskunde iruzur argia» egin nahi du PPk. «Guztiz aurka daude». Batetik, udal hauteskundeetarako hilabete batzuk baino ez direlako falta: «Hori da partidaren arauak aldatzea partida bukatzear dagoela». Bestetik, alkateak hautatzeko modua aldatu baino lehen «beste neurri asko» hartu behar liratekeelako, «demokrazia birsortzea» bada helburua. «Baina kontua da PPk alkatetza garrantzitsuak gal ditzakeela, inkestek dioten bezala». Halako lege bat aldatzeko «gehiengo handi-handi bat» behar dela uste du. Ohartarazpen bat ere egin dio Rajoyren alderdiari: «PPk jakin beharko luke Euskadin eta Nafarroan Bilduri egiten diola mesede».
Zenbakiei baino gehiago sistemari begiratu behar zaiola uste du Lesakako (Nafarroa) Bilduko zinegotzi Ainara Flores Compainsek ere, eta ez zaio zilegi iruditzen aldaketa: «Lesakaren kasuan, 11 zinegotzitik bostek hartuko balute gobernua, herria ez litzateke ordezkatuta egongo». Proposamenaren atzean, gainera, «ezkerrarekiko beldurra» eta alderdi interesak daudela uste du Flores Compainsek: «Ez da herriak nahi duena adierazteko modua».
Bi itzulitarako eredua, hobe
Biek egin dute bi itzuliko ereduaren alde, Iparraldean darabiltena aipatuta. 1998an, PSOEk aurkeztu zuen halako egitasmo bat Kongresuan, eta hauteskunde programan ere sartu zuen 2003an eta 2004an. Ramosek azaldu du sistema horrek aukera ematen duela, lehenengo bueltan botoa alderdi bati eman arren, bigarrenean babesik handiena lortu dutenen artean hautatzeko. Eta babes txikiagoa lortu duten alderdiekin ere akordioak egitea ahalbidetzen duela. «Planteatzen den aldaketarekin, ordea, izan liteke gobernu bat desastre hutsa, eta ezin da ezer egin, legeak berak ematen diolako gehiengoa. Botoen %60k ez dute ezertarako balio. Sistema demokratikoa faltsutzen da».
Harago joan da Flores Compains. «Hagitz kritikoa» da egungo sistemarekin, gehiengo osoa duten arren Lesakan —sei zinegotzi ditu Bilduk; bost EAJk—: «Gehiengo osoek ez dute deusetarako balio. Lau urterako diktadura bat dira». Gainera, boterea banatzeko oraingo moduarekinagintean dagoenak soilik lan egitea gerta daitekeela dio, alderdi interesak sartzen direlako tartean: «11 zinegotzi gara guztira, baina benetan ez gara 11. Hori nabari da lan kargan eta inplikatzeko moduan».
Bi itzulitarako sistema hobetsi du Flores Compainsek ere, baina ez luke gutxieneko mugarik jarriko bigarren bueltara pasatzeko. Eta, herri txikietan behintzat, zerrenda irekiak jarriko lituzke: «Zerrenda bozkatzen baduzu, onartzen duzu jartzen dizutena. Eta herri txikietan, batez ere, pertsona da lan egiten duena». Alkateak dituen eskumenak ere berrikusiko lituzke, pertsona bakarraren botere asko uzten delako oraingo sisteman. Batzordeburuei emango lieke botere gehiago, eta herritarrei aukera eman batzordeburuak bozkatzeko. «Batzordeak sortzen badira, izan daitezela benetan eztabaidatzeko eta eraikitzeko gune. Elkarlanerako modua emango luke horrek».
Hauteskunde Legea. PPren erreforma
PPk hauteskunde iruzurra egin nahi duela salatu dute gainerako alderdiek
Udal hauteskundeetan botorik gehien lortzen duen alderdiak gehiengo osoa izatea nahi du PPk, legea aldatuta.PSOEk eta IUk mozioak aurkeztuko dituzte udaletan, eta EAJk Bruselara joko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu