Abenduan kartzelatik atera zen Iñaki Etxeberria presoari ongi etorri bat egin ziotela eta auzitara jo zuen PPk abenduaren 28an, eta salaketa bat jarri zuen, eta orain salaketa hori zabaldu egin du, Sarek «ETAko presoen aldeko» 200 mobilizazio baino gehiago antolatu dituelako. Manifestazio horiek biktimak iraintzen dituztela iruditzen zaio PPri.
Cuca Gamarra PPren Espainiako Kongresuko bozeramaileak eman du salaketaren berri, Twitter sare sozialean. «Ez dago lekurik pasibitatearentzat eta ezta isiltasun konplizearentzat ere», idatzi du. Larunbatean Euskal Herrian barrena antolatutako mobilizazioetan «ETAko presoentzako kartzela onurak eskatuko dira, eta haietako askok odol delituak dituzte». Horregatik, manifestazioak ikertzeko eskatu dio Espainiako fiskal nagusiari.