Eusko Jaurlaritzaren euskararen erabileraren inguruko dekretuaren aurkako kanpaina bat hasi du EAEko PP alderdiak. Oraingoz bi bideo labur dira. Lorea izeneko emakume bat da protagonista. Lehenengo bideoan, etxeko atarian sartzen da Lorea, eta han udalaren ohar bat dago. Ura moztuko dutela iragartzen dute. Baina oharra euskara hutsez dago. «EAJ-ren eta PSEren dekretuaren arabera, komunikazioak euskaraz bakarrik egin ahalko dira», salatzen du PPk bideoan. «Loreak ez daki euskaraz, eta, horregatik, ezingo du mozketa aurreikusi». PPkoek, ondoren, «hizkuntza askatasuna» eskatzen dute.
Bigarren bideoan kontatzen dutenez, Loreak zerbitzu enpresa bat du, eta haren asmoa da udal batekin kontratu bat sinatzea. Baina, euskaraz ez dakienez, «ezingo du berdintasunean lan egin tokian tokiko administrazioarekin».
Erreakzioak sortu ditu bideoak. Besteak beste, Gasteizko alkate Gorka Urtaranena. Izan ere, bideoan agertzen den oharrak Gasteizko Udalaren sinadura du. «Bideo hau GEZURRA da», idatzi du alkateak. «Gasteizko Udalak bi hizkuntza ofizialak erabiltzen ditu bere abisuak jakinarazteko. Eta horrela jarraituko du».
Este vídeo es FALSO. El Ayuntamiento de #VitoriaGasteiz realiza todas sus notificaciones en los dos idiomas oficiales. Y lo seguirá haciendo.
— Gorka Urtaran Agirre (@gorka__urtaran) January 22, 2020
Bideo hau GEZURRA da. Gasteizko Udalak bi hizkuntz ofizialak erabiltzen ditu bere abisuak jakinarazteko. Eta horrela jarraituko du. https://t.co/XUdC16cvxP
Ezin esan PPren kanpaina originala denik ere. 2016. urtean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren barruan, orain Jaurlaritzan EAJren bazkide den PSEk antzekoa egin zuen. Orduan, gizon bat zen protagonista. Bideoan, ez zioten tabernan sartzen uzten, ez eta autobusean eta futbol zelaian ere... Dendari txinatarrak ere atea ixten zion. «Egia da: euskaraz ez jakiteagatik sartzen ez uztea ez da inon gertatzen Euskadin», esaten zuen Idoia Mendia Euskadiko Alderdi Sozialistaren idazkari nagusiaren off-eko ahotsak. «Inon ez, leku batean izan ezik: administrazioan». Mendiak agintzen zuen orduan «bidezkoa ez den egoera hori» deuseztatuko zuela, uste zuelako «aukera berdintasuna ere oso gauza euskalduna izan behar dela».
Eztabaida eragin zuen bideoak orduan ere, eta euskararen kontrako mezuak botoak irabazteko trikimailu gisa erabiltzea egotzi zioten PSEri. Irailaren 25ean egin ziren orduko bozak, eta PSEk kolpe handia jaso zuen: zazpi eserleku galdu zituen, eta laugarren alderdi gisa geratu zen, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen ondoren.