Arabako Foru Aldundiko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, akordio bat egin dute PPrekin, 2024ko aurrekontuak osatzeko. Hala jakinarazi du PPk gaur. Zehazki, aurrekontuari 9,8 milioi euro gehitzea ahalbidetzen duen foru araua onartuko dute. EH Bilduk, baina, deitoratu egin du jeltzaleen eta sozialisten foru gobernuak «PP aukeratu izana bazkide».
EAJk eta PSEk ez dute gehiengorik Arabako Batzar Nagusietan; horregatik, aurrekontuak osatzeko neurriak aurrera egin zezan, beste alderdiren baten babesa behar zuen. Atzo, bilkuran, atzera bota zuten Voxen osoko zuzenketa, eta oposizioko gainerako alderdien zuzenketa partzialei egin behar zieten aurre EAJk eta PSE-EEk. PPk, baina, neurria babestu du, aurretik aurkeztutako hemezortzi zuzenketak ziurtatu ostean. Zuzenketek aurrekontuei 2,7 milioi euro gehitzea ahalbidetu dute —9,8 milioi euroren barruan daude—. Alderdi Popularrak jakinarazi duenaren arabera, gazteek etxebizitza eskuratzeko, adinekoei arreta emateko, merkataritzari laguntzeko eta landa eremuetako zerbitzuak eskaintzeko erabiliko dira funts horiek. Oposizioko gainerako alderdiek, baina, ez dute uste bera.
EH Bilduk deitoratu egin du jeltzaleen eta sozialisten erabakia, uste baitu horrek eskuinaldera lerratzen duela gobernuaren jarduera. Eva Lopez de Arroiabe bozeramaileak esan du datorren ikasturtean «eztabaida sakonak» daudela egiteko, eta ez dela abiapuntu ona «PPk baldintzatzea Arabako zerga politika eta aurrekontuak». «PPrekin, Araba eta arabarrak dira galtzaile», helarazi du koalizio subiranistako eledunak.
Azaldu du PPrekin egindako akordioa bera ez dela onuragarria, «ez baititu oinarrizko gaiak jorratzen: adibidez, herritarrek etxebizitzarekin dituzten arazoak eta zaintzaren pribatizazioa». Akordioan ez dago «ikuspuntu global eta estrategikorik», Lopez de Arroiaberen arabera. «Foru arau horrek ez du helburu argi bat; loturarik gabeko diru sailak dira, epe luzera begiratu gabe onartuak».
Aurrekontuak handitzearen xedeetako bi dira ardoaren campusa eta Mercedesen fabrikazio aurreratuko zentroa bermatzea. Eta horrelako proiektu «elitistak» kritikatu egin ditu Elkarrekin Podemosek; are gehiago, alderdiko bozeramaile David Rodriguezen ustez, «proiektu elitistak benetako beharren gainetik» jartzen ditu arauak. Gainera, Arabako Foru Gobernuari eskuinera egin izana leporatu dio: «Penagarria iruditzen zaigu ganberan [Batzar Nagusiak] ezkerreko gehiengoa izanik eskuinera begiratzea».
Erkoreka, Bizkaiko Aldundira
Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu ohi Josu Erkoreka kontratatu du, Eldiario.es-ek jakinarazi duenez. Asteartean utzi zion sailburu izateari, eta gaur bertan jakin da aurrerantzean Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanoberen kabineteko kide izango dela. Foru aldundiko iturriek esan dute Erkorekak «ezagutza zabala» duela, eta «esperientzia eta eraginkortasuna» ekarriko dituela legealdiko plana garatu dadin. Erkorekak 64 urte ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundian ere EAJ eta PSE daude gobernuan, EH Bilduren bozen garaipenari gailentzea lortu baitzuten, PPren botoei esker. Han, baina, balantzea bestelakoa da. Eider Mendoza ahaldun nagusiak esan du gobernuaren helburua dela «alderdi guztiekin akordioak egitea», baina urtebete joan da foru gobernua abiarazi zutenetik, eta Mendozak ez du lortu aurrekontu berriak onartzea. Haiek luzatu ondoren, negoziatzen jarraitzen duela ziurtatu du, aurrekontuak osatze aldera.
Kazetarien galderei erantzunez, adierazi du Araban lortu duten aurrekontu akordioaren antzera Gipuzkoan ere saiatu zela gobernua itun bat egiten oposizioarekin, 2024ko aurrekontuak onartzeko, baina «hauteskundeen atarian» egin behar izan zuela saio hori, eta testuinguru horrek negoziazio guztiak baldintzatu zituela. Gero, exekutiboak ikusi ei zuen «aurrekontu onenetan bigarrena» zuela luzapenarekin, nahiz eta 27 milioi geratu diren helburu zehatzik gabe, «diru sarrera handiagoak» egon baitira azken urtean.