Egun batean batek iradoki eta hurrengoan besteak eskua luzatu. Bi alderdietako buruzagiek azkenengo egunetan esandakoek agerian utzi dute Nafarroan UPNk eta PPk elkarren beharra dutela. Noiz, zertarako eta nola. Hori guztia zehaztea falta zaie, baina jadanik batzuek eta besteek ez dute ezkutatzen datozen hauteskundeetan batera joateko asmoa. Maiatzeko bozetan UPNren lehendakarigai izandako Jose Javier Esparzak herenegun proposatu zuen alderdiko afiliatuen esku uztea udazkenean egingo diren Espainiako Gorteetarako bozetan koalizioan joan edo ez erabakitzea. Eta atzo Nafarroako PPren Kudeaketa Batzordeko presidente Pablo Zalbak eskua luzatu zion UPNri, Espainiako hauteskundeetarako koaliziotik haratago, harreman «iraunkor eta egonkor» bat osatzeko.
Bi alderdiak berritze prozesu batean daude, eta hori baliatu nahi dute 2008ko banaketarekin irekitako zauriak ixteko. Hala adierazi dute bi alderdietako buruzagi batzuek, tartean Yolanda Barcina UPNren egungo burua. Alderdi horren kontseilu politikoa irailean bilduko da zuzendaritza berria aukeratzeko eta estrategia berritzeko. Barcinak jada jakinarazi du ez duela bere burua berriz aurkeztuko UPNko buru izateko, ezta Espainiako bozetan diputatu eta senatari aukeratua izateko ere. Luis Zarraluki Nafarroako Sustapen kontseilari izandakoak, zeharka bada ere, agertu du asmoa alderdiko presidente izateko; Esparzak ere ez du baztertu aukera hori.
Horiek hala, Zalbak atzo esan zuen Nafarroako PPkoek eginiko eskaintza ez dela ofiziala oraindik, baina bi alderdiek harremanak bideratuko dituzten itxaropena agertu du, bereziki Esparzaren hitzak entzun ondoren: «Berak ere aitortu du hauteskunde orokorretan PPren aldekoa dela boto baliagarri bakarra». Zehatzago mintzatu da harekin batera agerraldia egin duen Javier Maroto Gasteizko alkate ohi eta egun Espainiako PPren Sektore Politiketako idazkari dena: «Nafarroako botoak giltza izan daitezke Podemos eta Pedro Sanchezen [PSOE] gobernua eragozteko».
Azken bozetan banatuta aurkezteak ez dio mesede egin bietako inori. Nafarroako Gobernutik kanpo geratzeaz gain, udal ugari galdu ditu UPNk —biztanle gehien duten 20 herrietatik bakarra gobernatzen du—. Zalbak ere aitortu du «mesedegarria» izan daitekeela haientzat UPNren boto-emaileen babesa Espainiako bozei begira. 2011n kongresurako eta senaturako zerrenda bateratuak osatu zituzten, baina UPNk baldintza gisa jarri zuen bere diputatuak talde mistoan arituko zirela, zenbait gaitan autonomia izateko.
2008an banatu ziren bi alderdiak. PPren nafar adarra 1989. urtean sortu zuen UCDrekin Nafarroako presidente izandako Jaime Ignacio del Burgok, eta 1991n desagertu zen UPNren parte bihurtuz. 2008an birfundatu zuten. Behin-behineko batzorde batek gidatzen du egun, 2014an Enrique Martin de Marcos presidenteak dimisioa eman zuenetik
Espainiako Gobernuaren (orduan PSOE) 2009ko aurrekontuetan izandako ika-mikak irudikatu zuen haustura. UPNko diputatua abstenitu egin zen eta Nafarroako PPko Santiago Cerverak kontra bozkatu zuen, Madrilgo aginduak betez. Desadostasunak, baina, aurretik zetozen, eta bereziki orduan UPNren eta Nafarroako Gobernuko presidente zen Miguel Sanzek bultzatu zuen haustura.
PPk eskua luzatu dio UPNri, koalizio «egonkor eta iraunkor» bat osatzeko
Pablo Zalba Nafarroako popularren buruak uste du bi alderdientzako «aukerarik onena» dela.UPNko Esparzarentzat, afiliatuen esku utzi beharko litzateke bozetan batera joan edo ez erabakitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu