Arabako Alderdi Popularra zain zegoen foru gobernuak datorren urteko aurrekontuetarako zer proposatuko, eta gaur mugitu du fitxa. Iñaki Oiartzabal bozeramaileak esan du ez dutela baztertzen 2025. urteko aurrekontuak babestea, baina aldaketak egiteko eskatu dio Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari. «Proposatutako aurrekontuei ezin diegu babesik eman PPren proposamenik jaso ezean».
EAJren eta PSE-EEren arteko foru gobernuak gutxiengoan gobernatzen du. 24 ordezkari dituzte, eta gehiengo osora iristeko beste bi babes behar dituzte. Horren jakitun, PPk bere bederatzi ordezkariak aurkeztu ditu, baina kondizio batzuk ere jarri ditu.
Gobernuari «jarrera aldatzeko» eskatu dio, arabarren interesak ez dituztelakoan defendatzen. «Arabarentzako proiektu bat ikusi behar dugu, eta ez dugu halakorik antzematen. Gobernuak Eusko Legebiltzarrean borroka egin behar du inbertsioak Arabara ekartzeko, baina inbertsio guztietatik aparte uzten gaituzte». Halaber, dirua modu eraginkorrean erabiltzeko eskatu du. «PPren azken foru gobernuak [2011tik 2015era] 400 milioiko aurrekontua zuen, eta orain 700 milioikoa da. Zer eragin du aldundiaren politiketan? Arabarrok gero eta gehiago ordaintzen dugu, eta zerbitzu okerragoak ditugu», salatu du.
Gobernua eta PP, bazkideak
Popularrak eta foru gobernua ados jarri ziren ekainean, ia 10 milioi euroko egokitzapena egiteko 2024. urteko aurrekontuetan. Gainerakoan, 2023. urteko aurrekontuen luzapenarekin egin du Arabak urtea, azken orduan zapuztu egin baitzen gobernuak eta Elkarrekin Arabak lortutako akordioa.
Gonzalezek esana du aurten ez duela halakorik espero. Ahaldun nagusiak aurreko astean esan zuen Elkarrekin-ekin egindako negoziazioak aurreratuta daudela eta EH Bildurekin ere hitz egiten ari direla.