Espainian abiarazitako lege erreforma, Europako Batasuneko estatuetan betetako espetxe zigorrak Espainian ere aintzat hartzeko helburuz egindakoa, polemika iturri da oraindik ere. Atzo horren inguruan eztabaidatu zuten Espainiako Kongresuan, tentsioz beteriko bilkura batean, eta PPk oso kritika gogorrak egin zizkion PSOEri; Miguel Tellado diputatu popularrak irudi bat erakutsi zuen, ETAk eta Komando Autonomo Antikapitalistek hildako 11 hautetsi sozialistaren argazkiekin, eta «duintasuna botoen truke saltzea» egotzi zion Maria Jesus Montero ministro sozialistari. Erronka ere jo zion: «Gauza izango al zara biktima hauen senideei begietara so egiteko?».
Keinuak, baina, biktima horien senideen haserrea piztu du. Atzo bertan, haietako zenbaitek iritzia eman zuten sare sozialetan. Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil izandakoaren alaba Maria Jauregik adierazi zuen «kokoteraino» zegoela «biktimen erabilpen zikina» egiten dutenez.
Antzera mintzatu zen Isaias Carrasco ETAk hildako zinegotzi sozialistaren alaba Sandra Carrasco: «Lotsabako hutsak zarete. Ez dut berriro ikusi nahi nire aitaren argazkirik zure eskuetan», esan zion Telladori. «Gizon honek dioena bost axola zait, eta eskerrak», azaldu zuen Froilan Elespe zinegotzi sozialistaren seme Josu Elespek: «Bestela, nire aitaren irudiari sarraskijale baten moduan nola heltzen dion ikusteak oka egiteraino nahastuko lizkidake barrenak».
Baina gaur polemika ez da amatatu, eta Gregorio Ordoñez zinegotzi popular izandakoaren arreba eta Covite biktimen elkarteko presidente Consuelo Ordoñez oso gogor aritu da Telladoren kontra: «Nire bizitzan ikustea egokitu zaidan irudirik nazkagarrienetako bat da», esan du, Telladoren keinuaz ari zela. «Horrek ezin hobeto adierazten du ETAk hildako gure senideak zer diren zuentzat. Ezinezkoa da nazkagarriagoa izatea. Kendu zuen esku zikinak gure senideengandik!».
Fernando Buesa fundazioak, berriz, «sosegua, sena eta errespetua» eskatu du biktimentzat eta haien senitartekoentzat: «Oso mingarria da ikustea biktimen memoria eta duintasuna hankapean ibiltzen dituztela, interes alderdikoiak direla eta».
PSE-EEren ustez, «arbuiagarria»
Biktimak ez ezik, PSE-EEko ordezkariak ere atera dira Telladoren eta PPren jarrera gaitzestera. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako adierazpen batzuetan, esan du «arbuiagarria» dela «biktimak horrela erabiltzea», eta Telladoren dimisioa eskatu du: «Argi dago biktimak gobernuari jaurtitzeko moduko armak baino ez direla PPrentzat; politikoki, egin daitekeen gauzarik makurrena da hori». Haren ustez, Telladorena «dimisioa merezi duen oker historiko bat» da.
PPko zenbait ordezkari, berriz, Telladoren alde agertu dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko presidente Javier de Andresek esan du Telladok egindakoa «adierazpen askatasunaren esparruan» sartzen dela, «are gehiago kontuan hartuta Espainiako Kongresuan izan dela», eta PP «kriminalizatzeko nahia» leporatu die sozialistei.
De Andresen iritziz, sozialistak dira sortutako polemikaren erantzuleak: «Haiek azaldu beharko dute zergatik presoak ari diren espetxetik ateratzen, damutu gabe, justiziarekin kolaboratu gabe, eta zigorraren bi heren beteta».