Javier Maroto Espainiako PPren Gizarte Politiketako idazkariorde eta Gasteizko alkate ohiari «ulergaitza» egiten zaio Euskal Herriko agenda politikoan presoen gaiak duen pisua. Uste du tokiko alderdiek ematen dioten garrantzia ez datorrela bat euskal gizarteak ematen dionarekin, eta azpimarratu du beste batzuk direla herritarren «lehentasunak». Marotorentzat, «iraganeko kontu bat da presoena», eta uste du euskal gizartea geroz eta argiago ari dela erakusten hori.
Horiek hala, PPkoak ez du beharrezkoa ikusten gaia lantzeko batzorde edo lantalde berezirik sortzea Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduko Arnaldo Otegik proposatu moduan. Koalizio subiranistak ez beste talde guztiek berdin pentsatzen dutela uste du, gainera, PPko legebiltzarkideak, eta azpimarratu du presoen egoera aldatzeko ardura «presoena beraiena dela soilik». «Presoek badakite zer egin behar duten euren familiengandik gertu egon nahi badute: legea bete dezatela,eta ETA desager dadila. Eta ez badute egiten da ez dutelako nahi,edo ez dietelako uzten. Presoen eta euren familien arazo bat da hori, baina inolaz ere ez euskal gizartearena». Espainiako Gobernuaren jarrerari buruz, berriz, Marotok berretsi du PPk ez duela presoen eskubideekin loturiko ezer «negoziatuko». «Gizarteak ez luke ulertuko hori egitea».
PPkoak, halaber, salatu ditu duela bi aste kartzelan hildako Kepa del Hoyori eta azken asteetan aske geratu direnei eginiko «omenaldiak». Horren aurrean beste alderdiek jarrera «irmoagoa» agertu ez izana kritikatu du:«Iraganera lotuak daude».
PP: «Ulergaitza da presoek euskal politikan duten pisua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu