Jon Darponek Osasun sailburu jarraitzeak gero eta zailagoa ematen du. Berriki adierazi du karguan jarraitzeko asmoa duela, baldin eta Eusko Legebiltzarrak haren kontrako gaitzespen mozio bat onartzen ez badu. Elkarrekin Podemosek jada aurkeztu du gaitzespen mozioa. Hori onartzeko, ordea, oposizioko alderdi guztien botoa beharrezkoa da: EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP. EH Bilduk dagoeneko kargua uzteko eskatu dio Osasun sailburuari. PPk jarrera lausoagoa mantendu du, baina atzo iritzi aldaketa irudikatu zuen. Twitter bidez ezagutarazi zuen gaitzespen mozioa babestuko duela, aurrez Iñigo Urkullu lehendakariak Darpon kargugabetzen ez badu.
Fiskalaren ikerketaren emaitzak ezagutarazi eta berehala, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk Darponi dimisioa emateko eskatu zioten. PP, ordea, Urkulluri mintzatu zitzaion, eta atzo lehendakariri bidalitako mezua gogortu zuen. «Oraindik garaiz dago erreakzionatzeko eta gure osasun sistemaren izen onari kalterik ez egiteko, ez badu ikusi nahi nola onartzen den Darpon kontseilariaren gaitzespena gure botoekin», idatzi zuen EAEko PPk Twitter kontuan. Bozketa martxoaren 21ean izango da.
Carmen Adan EAEko fiskalburuaren ikerketak hauspotu du aldaketa hori. Aurretik ekinbideak egon dira Legebiltzarrean Osakidetzako lan eskaintzako irregulartasunak direla eta. EH Bilduk ikerketa batzorde bat eskatu zuen. Oposizioko alderdi guztien babesa behar zuen aurrera egiteko. Ordea, Alderdi Popularrak ez zuen babestu. PPko legebiltzarkide Laura Garridok argudiatu zuen bozketa egin zen egunean, abenduaren 12an, bi ikerketa zeudela martxan, fiskalarena eta EAEko Arartekoarena, eta «komeni» zela itxoitea.
Kargua Darponen esku
Joseba Egibar EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Darponen jokabidea babestu du. Radio Euskadiko eztabaida batean oposizioko hiru alderdiek ideia bera defendatu zuten: gaitzespen mozioa heldu aurretik lehendakariak Darpon kargugabetu, edo sailburuak berak dimisioa eman beharko luke. Egibarrek errepikatu zuen sailburuak «egia» esan duela: lan eskaintza publiko «garbia» eskatu zuela. Halaber, aitortu zuen Darpon gertatutakoaren azken erantzulea dela, baina gaineratu zuen erantzukizuna partekatua dela «sindikatu eta medikuekin». Horregatik, defendatu zuen Darponek karguan jarraitu «behar» duela. Edonola zehaztu zuen «ezberdina litzatekeela» Darponek berak kargua utziko balu. Are, hala eginez gero, erabakiak «ohoratuko» lukeela gaineratu du.
PP prest dago Darponen kontrako gaitzespen mozioa babesteko
PPkoen babesarekin onartuko litzateke, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen botoei gehituta. Bozketa martxoaren 21ean izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu