PP negoziazio mahaitik altxatu da, eta osoko zuzenketa aurkeztuko die Jaurlaritzaren aurrekontuei

De Andresek salatu du Jaurlaritzak ez duela handitu nahi Segurtasun eta Osasun sailen aurrekontua. Orain EH Bildu soilik ari da gobernuarekin negoziatzen.

Javier de Andres, artxiboko irudi batean. L. RICO
Javier de Andres, artxiboko irudi batean. L. RICO
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 26a
12:50
Entzun

EH Bildu soilik geratzen da negoziazio mahaian. Joan den ostiralean, Sumarrek iragarri zuen ez zuela aukerarik ikusten Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat ixteko 2025erako aurrekontuen inguruan, eta iragarri zuen osoko zuzenketa bat aurkeztuko ziela. Gaur, erabaki beraren berri eman du EAEko PPko presidente Javier de Andresek.

De Andres atzo bildu zen Eusko Jaurlaritzako Ogasun Saileko ordezkariekin, baina ez zitzaion gustatu haiek proposatutakoa: «Atzo izan genuen azken bilera, eta eskaintza ez zen eskatutakoaren neurrikoa». Azaldu duenez, PPk Ogasun Sailari proposatu zion %4,7 areagotzea «oinarrizkotzat» jotzen dituen bi sailetarako —Osasunerako eta Segurtasunerako— jarritako aurrekontuak, baina hark ez du onartu: «Guretzat oinarrizkoa zen Osasunerako eta Segurtasunerako diru sailak handitzea, gutxienez aurrekontuak handituko diren neurri berean».

Ondorioz, adierazi du aurrekontuei osoko zuzenketa bat ezarriko diela, eta kritikatu egin du EAJk eta PSE-EEk hartu duten bidea. De Andresen arabera, jeltzaleek eta sozialistek, «agian», EH Bildurekin itxi nahi dute akordioa. Hori argudiatzeko, gogoratu du gobernua babesten duten zenbait kidek adierazi dutela akordioa «errazagoa» izango litzatekeela koalizio subiranistarekin. Haietako bat PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza izan zen.

Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxena izan da PPren erabakiari erantzuten lehena, eta «nahigabea» adierazi du. Halere, berretsi du Jaurlaritzak «borondate osoa» duela akordio «zabal» bat lortzeko, eta «zintzotasunez» ari direla hizketan: «Oraindik alderdi politiko bat geratzen da negoziazio mahaian, eta elkarrizketari aukera eman nahi diogu».

Hain zuzen, EH Bildu da Noel D’Anjou Ogasun sailburuarekin negoziatzen jarraitzen duen talde bakarra. Hain zuzen, negoziazio horiek hizpide izan zituen atzo Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiak. Hark D’Anjouri eskatu zion aukeratzeko ea norekin lortu nahi zuen akordioa, eurekin edo PPrekin, bi talde horien jarrerak «antagonikoak» direla iritzita. Era berean, koaliziotik azaldu dute datozen orduak «giltzarri» izango direla akordio bat posible ote den ikusteko; besteak beste, etxebizitza arloan «politika publiko ausartago» batzuk martxan jartzeko.

Eusko Jaurlaritzak aukera bakarra du akordioa ixteko: EH Bildu. Halere, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute Eusko Legebiltzarrean, eta, beraz, bi alderdi horien botoak nahikoa dira aurrekontuak aurrera ateratzeko. Hala gogoratu du D’Anjouk ere bere agerraldietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.