Gasteiz

PP makulu hartuta, Maider Etxebarria alkate

Espero bezala, EAJk eta PPk Maider Etxebarriari eman diote botoa, eta PSE-EEren esku utzi dute Gasteizko alkatetza. Rocio Viteroren hautagaitzak EH Bildu eta Elkarrekin taldeen babesa jaso du.

Gasteizko Udaleko zinegotziak kargua hartu berritan. Erdian, Maider Etxebarria alkate berria. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko ekainaren 17a
13:10
Entzun

«Osoko bilkuraren gehiengo osoaren babesa jaso dut, eta, beraz, harro nago». Gasteizko Udaletxearen atarian, aginte makila eskuratu berritan, alderdiak babestuta eta kazetariez inguratuta, pozarren mintzatu da Maider Etxebarria komunikabideen aitzinean. Ordu erdi lehenago, EAJren eta PPren botoei esker, Gasteizko alkatetza eskuratu du PSE-EEkoak. Popularren makulua ezinbestekoa izan da agintea lortzeko, baina babes horri buruz kazetariek egin galderei izkin egin die Etxebarriak. «Hiriaren alde lehenbailehen hasiko naiz lanean», mugatu da esatera.

EH Bildu izan zen garaile maiatzeko hauteskundeetan, botoetan zein eserlekuetan, baina Rocio Vitero zerrendaburuari bidea itxi diote jeltzaleek eta popularrek, eta hautagai sozialistari eman diote aginte makila. Hala, Maider Etxebarriak gidatuko du Gasteizko Udala hurrengo lau urteetan, Gorka Urtaran jeltzaleari lekukoa hartuta.

Bi alkategai izan dira buruz buru Gasteizen, alkatetza lortzeko deman: bozetan boto gehien lortutako zerrenda izan zen EH Bilduren ordezkari Rocio Vitero, eta Etxebarria bera. Ezustekorik gabe egin da saioa. Bederatzi boto jaso ditu Viterok —EH Bilduren zazpi eta Elkarrekin taldearen bi–, eta hemezortzi eskuratu ditu Etxebarriak–PSEren, EAJren eta PPren seina–.

Txaloz hartu dute Etxebarriaren alkatetza PSEko eta EAJko zinegotziek. «Ohore bat da niretzat lehenengo alkate emakumea izatea hiri honetan», adierazi du Etxebarriak bere hitzartzean. «Gaur Gasteizek pauso bat eman du aurrera, baina borrokatzen jarraitu behar dugu. Emakumeak biztanleriaren erdia gara eta emakumeen talentuak tokia irabazten jarraitu behar du. Emakume gehiago behar ditugu», erantsi du aginte makila jaso berritan. Gogoratu du munduko 19 herrialdetan soilik dutela emakume bat gobernuburu, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren kudeaketa postuen %6 baino ez daudela emakumeen esku. «Gauza handia da emakume aurrerakoi bat Gasteizko alkatetzara iristea».

Gobernu ituna, aurki
Gobernabideari begira, berriz, oposizioko taldeei eskua luzatuta jardungo duela agindu du Etxebarriak. Izan ere, Gasteizko alkate berriak badaki hauskorra dela osoko bilkuran jasotako babes zabala, hurrengo lau urteetan ez baititu ziurtatuta izango PPren botoak, eta oposizioaren sostengua bilatu beharko du ezinbestean. Horregatik, bere hitzaldian oposizioaren «konplizitatea» lortzeko nahia behin eta berriz azpimarratu du: «Ziklo berri hau erantzukizun partekatu batean oinarrituta eraikiko da».

Lehen zeregina, baina, jeltzaleekin gobernu akordioa egitea izango da, eta Etxebarriak esan du «lehenbailehen» itxi nahi duela ituna. EAJrekin sinatutako gobernabiderako akordioaren balioa goratu du Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak ere. Etxebarriari babesa ematera joan da sozialisten burua Gasteizera, eta argi eta garbi utzi du PP ez dutela batuko gobernu akordiora. «Guztiz baztertzen dut PPrekin gobernu ituna egitea». Nolanahi ere, «eskuzabal» jokatuko dutela erantsi du, eta agintaldian talde guztiekin «unean uneko akordioak» lortzeko prest egongo direla ziurtatu.

Oposizioko taldeen balorazioa, berriz, gazi gozoa izan da. Irakurketa gazia egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin-ek. Viterok EAJri eta PSEri aurpegiratu egin die herritarrek eskatutako «aldaketa aurrerakoiari» bizkarra ematea eta, gainera, «eskuin atzerakoiena» makulu hartuta egitea. «Haiek jakingo dute zein preziotan». Ziurtatu du EH Bilduk lanean jarraituko duela «ziklo politiko berria sendotzeko» eta uztailaren 23ko hauteskundeetan ere erakutsiko dutela indarra. «Gaur ez da ezer amaitzen. Gaur hasiera baino ez da», esan du.

Garbiñe Ruiz Elkarrekin taldeko zinegotziak salatu du PSEk «Ayusoren PPrekin» elkartzea lehenetsi duela «ezkerreko koalizio progresista» bat lortu ordez. PSEren erabakia «ulertezina eta etsigarria» dela irizten dio Ruizek, eta «ziklo aldaketa zapuztea» egotzi die sozialistei.

Ainhoa Domaika PPren zinegotzia, berriz, pozik azaldu da. Nabarmendu du PPri esker EH Bilduk ez duela Gasteizen aginduko, eta agintaldi berrian ere PP «gakoa» izango dela. «Egonkortasuna» bermatzeko eskua luzatu die EAJri eta PSEri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.