PP ituna lortzen saiatuko da EAEko kontuen onarpena «errazteko»

Osoko zuzenketarik ez die aurkeztuko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei.EH Bilduk «murrizketa eredua» hitzartzea egotzi die EAJ eta PSEri, eta osoko zuzenketa aurkeztu du

Joseba Egibar (EAJ) eta Anton Danborenea (PP), iazko urtarrilean, Eusko Legebiltzarrean. JUNANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2014ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
PPk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Eusko Jaurlaritzaren 2015eko aurrekontu proiektuari. «Akordioari aukera bat» eman nahi dio taldeak, eta kontuen onarpena «errazten» ahaleginduko da. Aurrekontu proiektuaren kontra egonagatik, aurkako botorik ez dute emango popularrek, eta gobernuarekin kontuak «hobetzea» ekarriko duen akordio bat lortzen saiatuko dira, Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak jakinarazi duenez. Horretarako, berrehun milioi euroko balioa duten 648 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte, gehienak «enplegua» sortzeko.

PPren eta Jaurlaritzaren arteko elkar ulertzea ez da berria. Joan den urtean, kasurako, PPk ez zuen osoko zuzenketarik aurkeztu aurrekontu proiektuaren aurka, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak PSEri eta PPri esker lortu zuen bere agintaldiko lehen kontuak aurrera ateratzea. Abstentziora jo zuten bi taldeek, gobernuak haiekin adostutako 28 milioi euro inguruko zuzenketa gutxi batzuen truke.

Aurten ere aurrekontuetan akordioa lortzeko prest dagoela jakinarazi dio PPk Jaurlaritzari, Josu Erkoreka gobernuko eledunak baieztatu duenez. Erkorekaren arabera, bi baldintza jarri ditu taldeak kontrako botorik ez emateko: gizarte zerbitzuei eustea eta suspertze ekonomikoa indartzea. Jaurlaritzak begi onez jaso ditu, eta negoziatzeko ateak irekita dauzkala esan dio PPri.

Nolanahi ere, sozialistekin akordioa itxita dauka Urkulluren gobernuak, eta ez du beste talderen beharrik kontuak aurrera ateratzeko. Jaurlaritzarekin ez ezik, Bizkaiko Aldundiko aurrekontuak onartzeko ere akordioa egina dute PSEk eta EAJk. Hala ere, Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak ohartarazi du bere taldea ez dela «ardatzen laguna» eta beren egitekoa «hiritarren beharrei erantzutea» delako babestuko dutela Urkulluren gobernuaren proiektua. Mendiaren esanetan, kontuak «hobetzen» saiatu dira sozialistak, zuzenketa partzialak aurkeztuta. Gogoratu du Jaurlaritzari baldintza gisa jarri ziola 150 milioi euro sartzea ikerketan, berrikuntzan eta enpleguan, eta gerora beste 35 milioi euroren zuzenketak aurkeztu dituztela. Horrez gain, PSEk gobernuari eskatu dio «ia hilero» bilerak izateko, aurrekontuen garapena «kontrolatzeko».

EAJ, «gero eta urrunago»

EH Bilduren ustez, Jaurlaritzak nahiago izan du PSErekin «murrizketa eredua» hitzartu, eurekin «burujabetza ekonomikoan» eta «gizarte babesean» sakondu baino. Osoko zuzenketa ez ezik, 225 zuzenketa partzial ere aurkeztu dizkio aurrekontu egitasmoari: guztira, 702 milioiko balioa dute. Leire Pinedo, Dani Maeztu eta Unai Urruzunok salatu dute gobernuaren aurrekontuak «gero eta urrunago» daudela herritarren «oinarrizko beharretatik» eta ulertezina dela lehentasun nagusia defizit muga «zorrotz» betetzea izatea.

UPDk ere osoko zuzenketa jarri die kontuei, eta 326 partzial aurkeztu ditu. Gorka Maneiroren iritzian, aurrekontu egitasmoak badauka «alternatiba».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.