UPN, PSN eta, orain, PP. Nafarroako foru hauteskundeetarako urtebete baino gutxiago falta dela, zatituta ageri dira alderdi espainiazaleak. Nafarroako PPko presidente Enrique Martin de Marcosen dimisioak azalarazi du azken tirabira. Eta beti ageri da atzean «[euskal] nazionalismoaren» arriskua. «Damoklesen ezpata» deitu dio Martinek. Madrilgo zuzendaritzarekiko harreman eskasa gaitzesteaz gain, alderdikide zenbaiten jarrera ere kritikatu du, haren esanetan, UPNren porrotaz baliatu nahi dutelako luzera begira PP indartzeko. Baita gobernua abertzaleen esku eroriko balitz ere. «Onartezina da hori». Nafarroa estatu arazo izan arren, Nafarroan lekua ezin aurkiturik dabil Espainiako Gobernuko alderdia UPNrekin hautsi zuenetik.
Nafarroako PPko presidenteak dimisioa publiko egin, eta biharamun eguerdirako Iruñean zen Carlos Floriano PPko Antolakuntza idazkaria, Madrildik etorria. Dimisioaren atzean «arrazoi pertsonalak» daudela adierazi zuen PPko buruzagitzak herenegun, eta Martinek airatutako kritikak Florianok ere gezurtatu egin zituen atzo. «Ez dut PPko inor ezagutzen UPNko inor erortzea nahi duenik», esan zuen aurrena. Alderdiko militanteei dimisioaren berri emanez bidalitako gutunean, Martinek salatu zuen PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalek ez zuela kontuan hartzen, eta hori ere ukatu zuen Antolakuntza idazkariak: «Ziur nago behar izan duen bakoitzean berehala hartu dutela». Hilabetean gutxienez lau bilera egin dituztela jakinarazi zuen Florianok.
Presidentearen dimisioaren ondoren, Madrildik izendatutako batzorde kudeatzaile batek gidatuko du Nafarroako PP. Florianok berak aurkeztu zuen tarte horretan Martin ordezkatuko duena: Pablo Zalba eurodiputatua. Nafarroako PPk kongresua egin eta presidente berria hautatu bitartean arituko da lan horretan.
Biek utzi dute argi zein izango den lehentasuna: alderdi «indartsu eta sendo bat» egitea, «[euskal] nazionalismoari eta independentismoari galga jartzeko». Datorren urteko maiatzeko hauteskundeak dituzte begi bistan. Zalbaren hitzetan, horixe galarazi nahi dute: abertzaletasuna gobernuko indarra izatea. «Horretarako, zentro-eskuineko hautesleak akuilatu behar ditugu». Harago ere joan zen buruzagi berria; «ahalik eta denbora laburrenean» PP gobernuko alderdi bilakatzeko oinarriak ezarri nahi dituela esan zuen.
PP, lekua aurkitu ezinda
Ez du erronka makala jarri. 2008tik, UPNrekin zuen akordioa hautsi zuenetik, argi ikusi da leku gutxi duela PPk Nafarroan. 2011n, 1987tik lehen aldiz foru bozetara bakarrik aurkeztu zenean, bosgarren indarra izan zen, 23.500 botorekin —UPNk 111.500 lortu zituen—. UPN aurkeztu ez denean soilik lortu ditu emaitza onak; adibidez, Europako Parlamenturako bozetan. Horrek erakusten du alderdi erregionalistaren pisua zein den. 1991tik, eskuin espainiazaleak UPNn bat egin zuenetik, inork ez dio irabazi UPNri Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan.
Azken sei urteetan burua ezin altxaturik dabil PP. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren (PSOE) aurrekontuak aurrera ateratzea ahalbidetu izana aurpegiratu zion UPNri orduan —abstenitu egin zen Miguel Sanzen alderdia—. Santiago Cervera buru jarrita, Nafarroako PP eraberritzea eta sendotzea zen helburua. Halakorik lortu gabe utzi zuen kargua, 2012ko udaberrian, eta baita politika ere, hilabete gutxira. CAN auzia pil-pilean zegoen ordurako, eta Cervera ere harrapatu zuen: CANeko presidente ohi Jose Antonio Asiaini xantaia egitea leporatu, eta atxilotu egin zuten. Cerverak iruzurra egin ziotela salatu zuen, baina politika uztera behartu zuen afera hark.
Martinek hartu zuen haren ondorengoa. Bi urte iraun du. Orain, «jarrerak, eta, are gehiago, pertsonak» aldatzea beharrezkoa dela dio. «Gure hautesleak mobilizatzeko proiektu bat diseinatzea ahalik eta azkarren», gaineratu du. Horretarako, irekita utzi duUPNrekin akordioa egiteko aukera. «Zentro-eskuineko botoa [haiekin] partekatzen dugu, desabantailan».
UPNk ez du koaliziorik nahi
Florianok ere ez dio aterik itxi Yolanda Barcinaren alderdiarekin koalizioa egiteko ideiari. UPNk, ordea, azkar eta argi erantzun du, Oscar Arizkuren idazkari nagusiaren ahotik: «UPN da erreferentziazko alderdia, eta bakarrik aurkeztuko da hauteskundeetara, inongo koaliziotan sartu gabe».
Badu, noski, PPri hori esateko adina indar, UPN ere krisian egon arren. Bost hilabete eskas pasatu dira Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiaren salaketek Yolanda Barcinaren gobernua kolokan utzi zutenetik. Barcinak hainbatetan esana errepikatu zuen atzo Arizkurenek: UPNk bertan hartzen dituela erabakiak, «ez Bilbon, ez Madrilen». Halaer, Madrilera joan zen Barcina babes bila, zentsura mozioaren arriskua zela eta. PPren gobernua haren alde azaldu zen, eta, nolabait, baita PSOE ere, PSN emandako hitza jatera behartuta.
Duela hiru urteko bozetan, PSNren babesarekin hautatu zuten Barcina presidente: 50 bototik 28 haren alde. PPk lau parlamentari zituen, eta aurka agertu zen—ezer aldatzen ez zuelako, ziurrenik—. Denera 32, beraz. Geroztik, ordea, gauza asko pasatu da Nafarroan. Orain, UPN badabil, abertzaleen igoeraren arriskua haizatuta, espainiazaleei aukera bakarra bera dela esanez. PSN aldaketa prozesuan dago, baina behera eginez oraingoz. PPk ere tarte gutxi du buelta emateko. 2015eko maiatzera arte dute hiruren artean 26ra iristeko. Bestela, gauzak asko alda litezke.
PP ere, buelta ezin emanda
PPk ez du baztertu UPNrekin koalizioan aurkezteko aukera, baina argi erantzun dio hark: «Bakarrik aurkeztuko gara».Zalba jarri dute behin-behinean Nafarroako PPko presidente
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu