Bizipenak

«Pozak saminari irabazi dio»

Eutanasia gertutik bizi duten lau lagunen bizipenak jaso ditu BERRIAk: Txema Lorente, Mario Unamuno, Juanjo Uria eta Joan Mari Irigoien dira.

Uria emaztearekin, familiaren argazki batean. BERRIA
Jone Bastida Alzuru - Maria Ortega Zubiate
2021eko ekainaren 20a
08:37
Entzun

Txema Lorente: «Pozak saminari irabazi dio»

Desio izandako heriotza izan zen Maribel Tellaetxerena, «luzaro desiratutakoa». Horrela jaso zuen idatzi zizkion olerkietako batean haren senarrak, Txema Lorentek (Portugalete, Bizkaia, 1942), emaztea hil eta urtebetera. Horregatik, esan du «lasaitua» ekarri diola hainbeste denboran espero eta desio izan zuen eutanasia eskubidetzat onartzeak. Haren ahotsa, Lorente-Tellaetxe sendiarena, Euskal Herrian eutanasia zigorgabetzearen alde izandako ezagunena da egun, halabeharrak horretara behartuta izan bazen ere.

2018an, guztiz ezustean, eutanasiaren eztabaidaren lerroburuetan agertu zen Tellaetxeren sendia. Ordurako jada 11 urte zeramatzan gaixo, alzheimerrak jota, eta etxekoak ezagutzen ez zituenean eutanasia egiteko eskatua zuen. Legeak, ordea, ez zuen horrelakorik baimentzen. Familiakoek heriotza eragiten laguntzea izan zuten buruan, baina horrek ekarriko zituen zigorren ondorioz, baztertu egin zuten ideia; patua onartu zuten: beste aukerarik ez zieten utzi.

Baina, haren eskaerari jarraikiz, zetorkion gainbehera behartuaren aurka egin zuen borroka sendiak. Haren seme Danelek egoeraren ezintasunaren aurrean idatzitako gutun batek eman zion hasiera egun gauzatu berri den eskubidearen alde familiak egindako borrokari. Bertan azaldu zuen, hain zuzen ere, amak eskatutakoa, eta berak hitzeman ziola haren sufrimendua ez zela luzatuko. Zenbatezinak dira ordutik hona eman dituzten pausoak. Portugaleteko Udalak eutanasia legeztatzeko Espainiako Gobernuari egin zion eskaera, familiak bultzatuta: Bizkaiko lehen udala izan zen eskaera hori egiten. Madrilera ere egin zuten osterarik, eta Espainiako Kongresuan milioi bat sinaduratik gora aurkeztu zituzten 2019an, egoera bertsuan zeuden beste zenbait eriren senideekin batera. Kontzientziazioa xede, dokumental bat ere aurkeztu zuten, La promesa (Agintza), semeak idatzitako gutuna oinarri.

Orain, borroka luzearen ostean, eutanasia legezkoa da. Legea hor da. Eta haren emazteak bere nahia azaltzeko idatziak zituen tankerako testuek, aurretiazko borondateen agiriek, berebiziko garrantzia izango dute. Horren jakitun dago Lorente, eta etxeko guztiek agiria betea dutela esan du, beren egoerak okerrera egiten badu heriotza «lasai» bat izateko eskatu dutela: «Lasaitasuna ematen dit lege honek. Okerrera doan gaitz bat badut, badakit ez dudala neure buruaz beste egin beharko egoerak okerrera egin aurretik». Aurrerapausotzat dauka legea, eta, denborak aurrera egin ahala «hobetu» beharko dutela uste badu ere, lasaitua nabaria da haren ahotsean.

Ia hiru urteotako prozesua gogoratzean, hasperen egin du Lorentek. «Gogorra» izan da. Lerroburuetan egoteak ere arrasto sakona utzi die, eta zama horretatik ihes egin nahi izan dute sarri haren semeek, batez ere lehen urtean: «Behin eta berriro atzamarrak begietan sartzea bezala zen». Baina argi du beharrezkoa zela egindako guztia. Emaztearekin zuten «konpromisoak» derrigortu zituen horretara. Prozesua gogorra dela errepikatzen du, baina jasotako fruituak sorrarazi dion poztasunak nekeari irabazten dio. Eta emaztearen azken eskaera eskubide bilakatuta ikusi ez izanak samina eragiten badio ere, haren nahia, haren desioa bete izanari ematen dio lehentasuna. Horrela jaso zuen emaztea hil eta urtebetera idatzitako olerkian ere: «Luzaro desiratutako/ heriotza bat izan zenez,/ betetzen diren desirei/ orain jada ahuenik ez».

Mario Unamuno: «Eskubide zibil bat irabazi dugu»

Nik jasoa dut eutanasia nahiko nukeela, eta uste dut inor ez dela gauza hori ukatzeko. Orain arte, legeak ukatzen zuen, baina iruditzen zait hori ez dela justua». Argi du Mario Unamuno EAEko DMD elkarteko kideak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1966). 55 urte ditu, baina dagoeneko hausnartua eta pentsatua du nolakoa nahiko lukeen izatea bere bizitzaren amaiera; zer nahi duen eta zer ez. 2014an egin zuen aurretiazko borondateen agiria, eta dokumentuan bildu zuen ezen, inoiz legezkoa izango balitz, eutanasia egiteko era nahi lukeela. Hasieratik izan zuen argi: «Bai, dudarik gabe».

Hainbat izan ziren agiria egitera bultzatu zuten arrazoiak. Ramon Sampedroren kasua ekarri du gogora, eta, amorruz, azaldu du nola behin eta berriro ukatu zioten eutanasia aplikatzea. «Oso gogorra egin zitzaidan, eta halako jakin-min bat piztu zitzaidan DMD elkartearen gainean». Urratsa, ordea, lagun baten aita hil ondoren egin zuen; aurrena lagunak egin zuen dokumentua, eta, jarraian, berak. Bazuen tartean beste kezka bat ere: 2013an kiste bat diagnostikatu zioten, buruan, «oso leku txarrean». «Momentu hartan, ikusten zen kistea txikia zela, eta ez zirudien arazo handirik emango zidanik. Handitzen bazen, agian bai. Baina bueno, hor bazegoen kezka bat».

Eta azaldu du: «Batetik, argi adierazi nahi nuen zer nahiko nukeen azken momentuetan, eta, bestetik, eutanasia legezkoa bada eta halako egoera batean banago, nik niretzat nahi nuela».

Medikuek kistea atzeman ziotenetik, hazten joan dela esplikatu du, eta aurten ebakuntza egin behar izan diote. Bazituen arriskuak operazioak berak ere. «Egundoko lasaitasuna ematen dit, ikaragarrizkoa, operazio horren aurrean jakiteak eutanasia legeztatu dutela. Ebakuntzara bestelako lasaitasun batekin joaten lagundu dit. Irtenbide bat emango lidake zerbait gaizki atera balitz».

Orain agiria berridazteko asmoa duela argitu du, nahiz eta bertan jasoa izan eutanasia nahiko lukeela. «Ja legezkoa da, eta moldatu egingo dut; hori eta beste detaile txikiago batzuk». Dokumentuak hausnarketarako bidea ireki diola adierazi du. «Guk ulertzen dugu heriotza bizitzaren gertakari bat dela; azkena, baina bizitzaren zati bat da».

Unamunok azpimarratu du norberaren askatasunak izan behar duela oinarri. «Gaixotasunaren gainetik, aldarrikatzen dugu askatasuna dagoela. Eutanasia eskatzeko zilegitasuna ez du ematen gaixotasunak: nire askatasun pertsonala da. Uste dugu norberaren askatasuna dela norberaren duintasunaren oinarria, eta, horrexegatik, agur esan nahi badut, alde egin nahi badut, onartu egin behar didatela».

Legea, aurrerapausoa

Eutanasia arautuko duen legea onartzea «aurrerapauso ikaragarria» dela iritzi dio Unamunok. «Poza sentitu nuen, eskubide bat irabazi dugulako. Eskubide zibil bat irabazi dugulako». Dena den, abiapuntu bat baino ez dela dio, «asko kostatu dena». Eta argi esan du: «Askorentzat berandu iritsi da».

Legea lorpentzat jo duen arren, hauteman dizkio ahuleziak ere. «Ez zaio ematen behar besteko garrantzia eskatzen duenaren eskaerari, eta gehiegizko bermeak jartzen dira prozesua aurrera eramateko. Espero dut denborarekin, pixkanaka, arintzera egingo duela, eta gero eta gehiago onartzera eskatzen duenaren askatasuna».

Juanjo Uria: «Erabakia berea da, dudarik gabe»

Oso emakume indartsua da. Ez dut uste ezagutu dudanik beste emakume edo gizonezkorik Anak duen indar horrekin». Juanjo Uriaren hitzak dira (Zarautz, Gipuzkoa, 1965), eta miresmenez dihardu Ana Mosquera bere emazteaz. Hamasei urte daramatza Mosquerak AEA alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatuta, eta, zer moduz dagoen galdetuta, honela erantzun du Uriak: «Badoa, poliki-poliki. Gaitza oso motel doa, eta dituen mugen barruan, dezente ondo dago».

Ondo iltzatua du Uriak nola hasi zen guztia; gogoan ditu gaitzaren lehen zantzuak. «Garbiketa lanetan ibiltzen zen, eta oso nekatuta iristen zen etxera. Akituta zegoen, indarrik gabe bezala. Gero, pixkanaka, oreka galtzen hasi zen. Ez genekien zer, baina zerbait bazuen». Probaz betetako bide zail baten ostean, iritsi zen diagnostikoa: AEA, sendaezina den gaitz bat. «Nik uste dut berarentzat ere hori izan zela okerrena: esan ziotenean zer zuen, eta zer etorriko zen».

Uriak gogora ekarri du bere emaztearekin kontsultarako bidean izandako elkarrizketa: «Esaten zidan: 'Juanjo, ez dut, ba, zerbait txarra edukiko?'. Nik erantzun nion ezetz, birus arraro horietakoren bat izango zela». Eta hortxe iritsi zen kolpea: medikuak esan zien gehienera bost urtez biziko zela; bi eta bost urte arteko bizi itxaropena eman zioten: «Puf, hori izan zen momenturik gogorrena. Umeak txikiak ziren, eta berak esaten zuen: 'Orain ez'». Hamasei urte pasatu dira ordutik, «eta hemen jarraitzen du, borrokan. Berak dio egunero-egunero borrokatuko dela, eta bihar, bueno, ikusiko dugu». Irribarrea ez du galdu.

Adela elkartearen bidez berearen moduko esklerosia duten jende asko ezagutu dutela azaldu du Uriak. «Oso-oso gogorra izan da. Jende asko ikusi dugu hiltzen». Pairamen latzak ikusi dituztela onartu du. Eta, horrexegatik, Mosquerak hausnartua du noiz amaitu nahiko lukeen, noiz jarri muga, azken puntua. «Ezin duenean hitz egin, tragatzeko arazoak dituenean, eta besoak-eta ezin dituenean mugitu. Berak esaten du hortik aurrera ez duela nahi bizi». Beraz, horra iritsitakoan, eutanasia eskatzeko asmoa du, eta argi adierazi dio familiari. «Norberaren erabakia izan behar du. Erabakia berea da: hor ez dago dudarik». Azaldu du bera laguntzeko prest dagoela: «Nik ez dut nahi sufrimendu hori Anarentzat».

Eutanasiak, arnasa

Uriaren arabera, eutanasia legeztatu izanak «barruak askatzea» ahalbidetu die, «lasaitasuna» eman die. «Oso pozgarria izan da; guretzat, eta mundu osoarentzat». Tellaetxe familiaz akordatu da: «Eskerrak eman behar zaizkie: egin duten borroka izugarria izan da». Eta gaineratu du: «Eskubide bat da».

Izan ditu hitz batzuk eutanasiaren kontra egin dutenentzat ere: «Horiei esango nieke bost minutu begiak ixteko. Eta imajinatzeko lepotik behera egoera begetatibo batean daudela. Ea gustatuko litzaiekeen horrela bizitzea. Errespetatzen ditut kontra daudenak, baina iritzi horrekin bat etorri, ez».

Uriak argi du azkenera arte emaztearen alboan egongo dela. «Gogorra izango da, bai, baina bueno. Berak dio alabak eta ni alboan izanda nahi duela agur esan, eta horrela izango da». Duela gutxi egin du aurretiazko borondateen agiria, eta bertan argi adierazi ditu bere nahiak zeintzuk diren. Uriak ere emaztearekin batera egin du dokumentua.

«Prest gaude, iristen den momenturako. Bueno, prest, komatxo artean».

Joan Mari Irigoien: Amodiozko gutuna

2019ko abenduan, BERRIAri emandako elkarrizketa batean, eutanasiaren aldeko aldarria egin zuen idazleak: «Errespetua eskatzen dut; duinki hil nahi nuke, besterik ez». Alboko esklerosi primarioa du. Berriz haren atea jota, bere-berea duen eran azaldu da: «Ispiluaren aitzinean paratzen zaidanean, sudurrak bere tokian segitzen duela egiaztatzen dut, eta nire bi belarriek ere halatsu!» Bere poema bat oroitu du.

Printzesa urrun baten izena duzu, Eutanasia,

baina nik hurbilago nahi zintuzket,

maite-maite baitzaitut,

eta ez baitut burutik baztertzen

zu neure egitea noizbait,

edo ni zeure, hobeki…

Zu, Eutanasia, ene azken orduko esperantza;

zu, ene azken hatsa;

zu, ene Buda errukibera;

zu, ene balizko sufrimenduen aringarri;

zu, ene maitaleen maitale.

Barkatu atrebentzia,

hurrengoan Eutanaxi deitzen badizut…

'Letra txikiaz bada ere' (2002).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.