Desio izandako heriotza izan zen Maribel Tellaetxerena, «luzaro desiratutakoa». Horrela jaso zuen idatzi zizkion olerkietako batean haren senarrak, Txema Lorentek (Portugalete, Bizkaia, 1942), emaztea hil eta urtebetera. Horregatik, esan du «lasaitua» ekarri diolahainbeste denboran espero eta desio izan zuen eutanasia eskubidetzat onartzeak. Haren ahotsa, Lorente-Tellaetxe sendiarena, Euskal Herrian eutanasia zigorgabetzearen alde izandako ezagunena da egun, halabeharrak horretara behartuta izan bazen ere.
2018an, guztiz ezustean, eutanasiaren eztabaidaren lerroburuetan agertu zen Tellaetxeren sendia. Ordurako jada 11 urte zeramatzan gaixo, alzheimerrak jota, eta etxekoak ezagutzen ez zituenean eutanasia egiteko eskatua zuen. Legeak, ordea, ez zuen horrelakorik baimentzen. Familiakoek heriotza eragiten laguntzea izan zuten buruan, baina horrek ekarriko zituen zigorren ondorioz, baztertu egin zuten ideia; patua onartu zuten: beste aukerarik ez zieten utzi.
Baina, haren eskaerari jarraikiz, zetorkion gainbehera behartuaren aurka egin zuen borroka sendiak. Haren seme Danelek egoeraren ezintasunaren aurrean idatzitako gutun batek eman zion hasiera egun gauzatu berri den eskubidearen alde familiak egindako borrokari. Bertan azaldu zuen, hain zuzen ere, amak eskatutakoa, eta berak hitzeman ziola haren sufrimendua ez zela luzatuko. Zenbatezinak dira ordutik hona eman dituzten pausoak. Portugaleteko Udalak eutanasia legeztatzeko Espainiako Gobernuari egin zion eskaera, familiak bultzatuta: Bizkaiko lehen udala izan zen eskaera hori egiten. Madrilera ere egin zuten osterarik, eta Espainiako Kongresuan milioi bat sinaduratik gora aurkeztu zituzten 2019an, egoera bertsuan zeuden beste zenbait eriren senideekin batera. Kontzientziazioa xede, dokumental bat ere aurkeztu zuten, La promesa (Agintza), semeak idatzitako gutuna oinarri.
Orain, borroka luzearen ostean, eutanasia legezkoa da. Legea hor da. Eta haren emazteak bere nahia azaltzeko idatziak zituen tankerako testuek, aurretiazko borondateen agiriek, berebiziko garrantzia izango dute. Horren jakitun dago Lorente, eta etxeko guztiek agiria betea dutela esan du, beren egoerak okerrera egiten badu heriotza «lasai» bat izateko eskatu dutela: «Lasaitasuna ematen dit lege honek. Okerrera doan gaitz bat badut, badakit ez dudala neure buruaz beste egin beharko egoerak okerrera egin aurretik». Aurrerapausotzat dauka legea, eta, denborak aurrera egin ahala «hobetu» beharko dutela uste badu ere, lasaitua nabaria da haren ahotsean.
Ia hiru urteotako prozesua gogoratzean, hasperen egin du Lorentek. «Gogorra» izan da. Lerroburuetan egoteak ere arrasto sakona utzi die, eta zama horretatik ihes egin nahi izan dute sarri haren semeek, batez ere lehen urtean: «Behin eta berriro atzamarrak begietan sartzea bezalazen». Baina argi du beharrezkoa zela egindako guztia. Emaztearekin zuten «konpromisoak» derrigortu zituen horretara. Prozesua gogorra dela errepikatzen du, baina jasotako fruituak sorrarazi dion poztasunak nekeari irabazten dio. Eta emaztearen azken eskaera eskubide bilakatuta ikusi ez izanak samina eragiten badio ere,haren nahia, haren desioa bete izanari ematen dio lehentasuna.Horrela jaso zuen emaztea hil eta urtebetera idatzitako olerkian ere: «Luzaro desiratutako/ heriotza bat izan zenez,/ betetzen diren desirei/ orain jada ahuenik ez».
Eutanasia arautzeko legea. Bizipenak. Txema Lorente
«Pozak saminari irabazi dio»
Maribel Tellaetxe emaztearen hitzaren ordezkaria izan zen haren gaitasuna, alzheimerrak erasanda, guztiz joan zenean; eutanasia ozen eskatu zuen sendiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu