Ikurrinak, Nafarroako banderak eta urte hasieratik banatzen ari diren Etxera lelodun banderatxoak. Horiek eskuan hartuta iritsi dira Sare Herritarra plataformako kideak Andoaingo (Gipuzkoa) Juanita Alkain plazara. 11:30ak, eta inguruko kafetegietan hamaiketakoa egiten ari ziren zenbait lagun gerturatu dira haiengana, Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Etxera Egunerako bideari ekiteko prest. «Albiste on bat jaso dugu», esan die Euken Villasante plataformako kideak bideari ekin aurretik, Espainiako Gobernuak sakabanaketa politika eten izanari erreferentzia eginda.
Ikusi gehiago:DISTANTZIAK ZAILDUTAKO BIZITZAK
Sarek udaberrirako prestatu dituen lehen Etxera Egunetako bat izan da Amasa-Villabonakoa. Aurrez prestatua, baina ostiralean iritsitako berriak blaitua. «Pozik gaude, batez ere senideengatik. Karga handi bat izan da; baina, 35 urteren ondoren, bukatu da», azaldu du Villasantek. Haren hitzen erreplika izan dira Zubimusu ikastolan egindako ekitaldiko adierazpenak ere. «Tamalez, errepideetan galdutako hamasei bizitzaren giza kostua izan du, laurehun istripu baino gehiago, gastu ekonomikoa, fisikoa eta psikologikoa... Baina, gaur, esan dezakegu urruntze politika amaitu dela».
Ikastolara iritsi aurretik, baina, billabonatarrek Andoaindik bertarako bidea egin dutenei harrera egin diete, Oria ibaia gurutzatu bezain pronto. Haiekin batera, Oriotik (Gipuzkoa) iritsitako zenbait kuadrilla. Iaz billabonatarrak eta andoaindarrak izan ziren kostalderako bidea egin zutenak, Sare Eguna zela eta. Oraingoan, alderantziz izan da.
Idoia Arruti izan da Oriotik joan diren lagunetako bat. Haren esanetan, Etxera Eguna aldarrikapen eguna zen, baina «ospatzeko» egun bilakatu da sakabanaketaren amaiera dela medio. Izan ere, Gregorio Eskudero oriotarraren Euskal Herriratzea ere iragarri zuten Espainiako Espetxe Erakundeek ostiralean. «Ostiral goizean hizketan aritu ginen, esanez ez bazen iristen zerbait egin behar genuela. Arratsaldean, lanean ari nintzela iritsi zitzaidan Whatsappera. Kostata, baina iritsi da».
Ikusi gehiago:Jaurlaritza: «Sakabanaketaren amaiera kapitulu baten itxiera da»
Horiek hala, Orion ere Etxera lelodun banderatxoa balkoietan jartzeko eskaera egingo dutela azaldu du Arrutik, orain arte ez baitziren halakorik eskatzeko moduan ikusten: «Ostiral honetan egingo dugu aldaketa, hilabeteko azken ostiralarekin».
Madrilek sakabanaketa politikari amaiera eman izana, ordea, ez da bidearen amaiera, eta antolatzaileek kontuan izan dute hori, andoaindarra baita egun urrunen dagoen euskal presoa: Ainhoa Ozaeta Reaun dago (890 kilometrora, Frantzia). Herrikidea da Asier Oiartzabal presoa ere. Lannemezanen dago (290 kilometrora, Okzitania), baina, haren bikotekide Ainhoa Arrutik azaldu duenez, hura ere poztu da Espainian zeuden azken presoen Euskal Herriratzearekin —Jaione Jauregik Alcalan (411 kilometrora, Espainia) jarraituko du, behin-behinean—.
«Oxigenatu egiten zaitu, eta indarra eman aurrera egiteko», adierazi du Arrutik, eta gehitu beste pauso batzuk emateko bidea ireki behar duela: «Poztasun handia ematen du, baina jendarteak ikusi behar du oraindik ere ia dena dagoela lortzeko».
Beste fase batera
«Bigarren fasea» hasiko da orain, Joxe Mari Olarra euskal preso ohiaren esanetan. Sakabanaketak ekarritako sufrimendua zein eragin ekonomikoak atzean utzita, «etxeratze prozesuari» ekin behar zaiola azaldu du hark.
Fase berria izan dute hizpide Sareko kideek ere eguneko ekitaldian. Salbuespen politiken ondorioek indarrean jarraitzen dutela azaldu dute; hala nola zigorrak batzeak, hirugarren graduak eta baimenak eskuratzeko oztopoak. «Herri honetan bizikidetzaren eta bakearen alde egiten ari diren urratsak oztopatzeko asmo argia dute», azaldu dute. Hala, Etxera Egunetan zein antzeko egitasmoetan parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute: «Horrelakoekin ere euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldarrikapena lau haizeetara zabaltzen dugu».
Ikusi gehiago:Kontsentsuak traben kontra
Sakabanaketaren amaiera. Etxera Eguna
Pozak blaitutako aldarria
Sare Herritarrak antolatuta, Etxera Eguna ospatu dute Villabona-Amasan. Aldarrikapenei sakabanaketaren amaierak eragindako «poza» batu zaie ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu