Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile ugarik poza adierazi zuten atzo, Udalbiltza auziko akusatu guztiak errugabetzat jo zituen epaia jakiterakoan. Poza, ez zutelako beste epairik espero, Udalbiltzaren lana legezkoa eta agerikoa zelako eta haren aurkako prozesua zio politiko hutsengatik abiarazi zutelako. Horregatik, zio politikoek bultzatutako prozesu guztiak amaitzeko ere exijitu dute, «dena ETA da» tesia lurperatzeko eta aro politiko berrira egokitzeko.
Ezker abertzalearen ustez, epaiketan auzipetuak eta haiekin batera Euskal Herria «garaile atera dira». Dena den, Udalbiltza zazpi urtez «legez kanpo» ezarri izana salatu du, Auzitegi Nazionalak onartu bezala «horretarako inolako arrazoirik egon gabe». «Akats politikotzat» jo du ezker abertzaleak auzibide hori, egunotako polizia operazioak oker politiko diren bezala. Horregatik, Espainiako Gobernuari dei egin dio «prozesu demokratikoa sustatzeari begira urratsak egin ditzan, errepresioa eten dezan, atxiloketa gehiago egin ez ditzan».
«Erabateko poztasuna» adierazi du, berriz, Aralarrek, epaia «bat datorrelako giza eskubideekin eta justiziarekin». «Politika egiteagatik auzipetu zituzten, eta politika egitea sekula ezin da delitu izan», adierazi du. Auzipetuei eragindako kaltea «konpontzeko edo arintzeko» ekimena hartzeko eskatu dio Aralarrek Espainiako Estatuari. Epai hori eta Egunkaria auzikoa «jurisprudentziatzat» hartzeko ere eskatu du.
Eusko Alkartasuneko Komunikazio idazkari Ikerne Badiolak ere poza azaldu du epaiarengatik, baina auzibide hori sekula ez zela abiarazi behar nabarmendu du. «Epaiketa hau herri honetako independentziaren aldeko edozein egitasmo ETArekin lotzeko kate horren katebegi bat zen. Bada, gezur hori jausi egin da, eta agerian geratu da auziaren asmo politikoa». Badiolak gaineratu du EAk eraikuntza nazionalean lanean jarraituko duela eta Udalbiltzaren tankerako erakundeak bultzatuko dituela.
PSE-EEko legebiltzarkide Oscar Rodriguez Vazek ere berri ontzat jo zuen epaia: «Nire aburuz, berri ona da hau, eta argi eta garbi uzten du gobernuaren irizpideak ez direla beti justiziaren irizpideekin bat etortzen».
Erantzukizun eske
Poza adierazi du Alternatibak ere, baina Oskar Matutek «erantzukizunak» eskatu dizkie «hau dena hasi zuten guztiei». Zio politikoa duten prozesu judizial guztiak gerarazteko eskatu du Matutek «ez dutelako bakea lortzen laguntzen», eta PSOEri eta PPri «egungo aro berrira moldatzen hasteko» eskatu die.
Hamaikabaten iritzian, berriz, epaiak amaiarazi egin beharko luke euskal erakunde eta herritarrek jasan duten kriminalizazio kanpaina.
Abertzaleen Batasuneko Peio Etxeberri-Aintxarten aburuz, epaiak agerian utzi du Espainiako Justiziaren «heldutasun falta», eta hori kezkagarria da. «Zer pasatuko da Aurore Martinekin? Espainiaratu eginen dute, kartzelatu eta ondotik zuritu? Epai horren irakaspena kontuan hartu behar du Frantziak, zuhurtziaren printzipioa burutu behar du, Martin babestu beharko du, zernahi egiten duen justiziaren esku ez uzteko», esan du.
Dominique Duhalde Udalbiltzako kideak gogorarazi du «bihotz onez» lan egin zutela Euskal Herri mailako lehen instituzio horren barnean. «Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko trukaketa horiek aberastu gintuzten. Berriz antolatu beharko dugu hasi lana jarraitzeko».
«Erabaki posible bakarra absoluzioa zen», iritzi dio ELA sindikatuak, eta salatu du PPren gobernuarekinhasi zen auzibideak alderdi horrek eta PSOEk duten Estatu itunaren babesa izan duela urteotan. LABek, berriz, galdetu du orain nork erreparatuko dien auzipetuei eragindako kaltea eta sufrimendua. «Euskal Herriaren aurkako jazarpen eta kriminalizazio estrategiaren barnean abiarazi zuten Udalbiltza auzia», dio LABek, baina egun ireki den aro berriak garai horiek betiko atzean utziko dituen itxaropena agertu du.
Lokarrik, berriz, salatu zuen auzi hori «dena da ETA» doktrinaren ondorio izan dela eta auzipetuek konpondu ezin diren kalteak jasan dituztela, eta uste du epaiak jarreraz aldaraztera bultzatu beharko lukeela gobernua, iraganeko estrategiei eutsi beharrean.
Poza, eta iraganeko estrategia baztertzeko eskaera
Alderdi, sindikatu eta eragileek azpimarratu dute Auzitegi Nazionalak ebatzitakoa epai posible bakarra zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu