ETAren desarmatzea. Ondorena

Powell Euskal Herrian izango da gaur berriro, eragileekin

Aieteko Adierazpenaren sinatzaileek eratua dute prozesuaren jarraipen talde bat

enekoitz esnaola
2014ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Lokarri herritar sareak, «prozesuari bultzada bat» emateko, uko egin behar izan dio gaur Donostiako Aiete jauregian konferentzia bat antolatzeari, baina Jonathan Powell, bederen, Euskal Herrian izango da gaur, bilera batzuk egiteko.

Atzo, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak zioen Powell etortzen bada Iñigo Urkullu lehendakaria harekin batzartuko dela. Ez zuen baieztatu Powell hemen izango dela, ezta beste alderdi edo eragile batzuek ere. BERRIAk jakin du Donostian eta Bilbon behintzat egongo dela, eta bilera asko izango dituela —ez dira jendaurrekoak izango—.

Zuhurtzia da nagusi. Igandean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kide Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabe-k Espainiako Auzitegi Nazionalera joan behar izan zuten Ismael Moreno epailearen aurrera deklaratzera, ETAren armagabetzeaz azalpenak emateko. Lokarrik deritzo hau ez dela «une egokia» konferentzia bat egiteko.

2011ko urriaren 17ko Aieteko Adierazpenaren izenpetzaileetakoa da Powell. ETAk berehala iragarri zuen behin betiko utzi zuela jarduera armatua. Handik hamahiru hilabetera, Aieten zen berriro Powell, bilera batzuk egiteko. «Denok bat etorri gara indarkeriaren behin betiko amaiera ikusi dugula eta aro berri bat dela hau», azaldu zuen. «Gertatu denari eta gertatu ez denari buruzko balorazioak jaso ditut», zioen, zehaztapenik eman gabe.

Hori bai, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro zen garaiko kabineteburuak jakinarazi zuen sinatzaileek jarraipen batzorde bat osatuko zutela Aieteko Adierazpena bete dadin.

Bi urte eta lau hilabete igaro dira 2011ko urritik, eta lehendabiziko puntua baizik ez da bete: ETAk jarduera armatua utzi du.

Larunbatean izango da beste hitzordu bat, Baionan, Bake Forumaren saio bat izango baita, Lokarrik eta Bake Bideak antolatutakoa. Han egongo dira Brian Currin bitartekaria, Pierre Hazan Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea eta Aaro Suonio Ipar Irlandako armagabetze batzordeko arduraduna.

Harremanetarako Nazioarteko Taldearen osaeraren berri 2011ko otsailean eman zuten —Silvia Casale, Pierre Hazan, Raymond Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowski dira kide—, eta haren eginkizuna da eragileen artean konfiantza ereitea, alde askotako negoziazioa bultzatzea eta prozesua gizarteratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.