Powell Euskal Herrian da, nazioartean egindako kudeaketen berri emateko

Aieteko Adierazpena onartu zenetik eman diren pausoak aztertuko ditu eragile politiko eta sozialekin, asteartean

edurne begiristain
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Nazioarteko Bake Konferentzia egin zenetik eta ETAk armak utzi zituenetik urtebete igaro denean, Euskal Herrian da berriro Jonathan Powell konferentziaren sustatzaileetako bat. Joan den urtean Aieteko Konferentzian parte hartu zuten eragile politiko eta sozialekin batzartzeko etorri da Powell Euskal Herrira. BERRIAk jakin duenez, adierazpen horren edukien bilakaera aztertu eta egungo egoera politikoari buruz iritziak trukatu nahi ditu eragileekin. Datorren asteartean egingo du bilera hori.

Hartu-emanak diskrezioz egin nahi ditu Powellek, eta, horregatik, ez da zabaldu batzar hori non egingo den eta nortzuk parte hartuko duten. Egunkari honek jakin du Hego Euskal Herriko zein Iparraldeko alderdi eta eragile sozialekin batzartzeko asmoa daukala, modu pribatuan. Hainbat hedabide eta albiste agentziek ere bilera horren berri eman dute azken orduetan, eta, horien arabera, Eliza, patronala eta sindikatuetako ordezkariak ere gonbidatu ditu Powellek.

Hainbat komunikabidek zabaldu dute NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kide bat ere Powellekin etorri dela Euskal Herrira, baina BERRIAk jakin du hori ez dela horrela. Laster etortzekoak dira, hala ere. ETAren su-etena egiaztatzeko iaz sortutako nazioarteko batzordea eratu zenean, sei hilabetean behin etortzea erabaki zuten kideek: maiatzean izan ziren azkenekoz Euskal Herrian, eta, beraz, datozen asteetan bueltatuko dira.

2011ko urriaren 17an egin zuten Euskal Herrian bake prozesuari bultzada eman eta bide orri bat finkatzeko nazioarteko bilkura, Donostiako Aieteko jauregian. Han onartutako agiriaren bitartez, ETAri eskatu zitzaion jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta Frantziako eta Espainiako gobernuei ETArekin elkarrizketa prozesu bat hasteko. ETAk hiru egun geroago jakinarazi zuen jardun armatua behin betiko etengo zuela, eta konferentzia egin zenetik urtebetera, hori da ebazpenetik bete den puntu bakarra.

Hala, ordutik bake bidean egindako urratsen inguruan jardun nahi du Powellek euskal eragileekin. Halaber, adierazpena sinatu zenetik eta ETAk jarduera armatua bertan behera utzi zuenetikbake prozesuaren alde nazioartean egindako kudeaketen berri eman nahi du Powellek. Etorkizunean egin beharreko urratsak ere aztertu nahi ditu bilera horretan, eta litekeena da mahai gainean izatea ETAren desarmatzea, presoen egoera eta biktimen auzia.

Datorren astearteko bilera ez ez ezik, hainbat alderdi eta elkarteekin alde biko hartu-emanak ere izango ditu Powellek. Atzo, esaterako, Iñigo Urkullu EAJko presidente eta lehendakarigaiarekin bildu zen, eta Aieteko Konferentzian adostutako adierazpeneko puntuen balantzea egin zuten bi aldeek. Bilera modu pribatuan egin nahi zuten, baina horren berri eman zuten hainbat hedabidek. EAJko burua haserre agertu zen bileraren berri eman zutelako. Sabin Etxeko iturrien arabera, Urkullu bizikidetzaren eta normalizazioaren inguruko eztabaidari ekitearen alde agertu zen bileran, baina adierazi zuen Eusko Legebiltzarra dela toki aproposena horretarako, areago legegintzaldi berrian alderdi politiko guztiak egongo badira.

PP ez da joango

Powellek egindako gonbidapena alderdi guztiek onartu dute, PPk izan ezik. Alderdi horretako iturriek albiste agentziei jakinarazi dietenez, ETAren ibilbidea «ezkutatzeko» asmoa dago egitasmo horren atzean. Duela urtebete Aieteko Konferentzian parte hartzeari uko egin zion PPk, eta orduan emandako argudio berberak eman ditu orain astearteko batzarrera ez joateko:«ETAren historia duina defendatzen duen edozeinek ez luke parte hartu behar», azaldu du.

Powellen deialdiaren atzean«Batasuna» dagoela uste du alderdi horrek, eta salatu du egitasmo horien bitartez oztopatu egiten dela «terrorismoari justiziarekin eta memoriarekin amaiera emateko aukera».

EArentzat, ordea, garrantzi handikoa da bilera hori, nazioartea Euskal Herriko prozesuarekin «engaiatuta» dagoela erakusten duelako. Pello Urizarren ustetan, «oso larria» litzateke Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalek norabide horretan lan egingo ez balute eta euskal gizartearen gehiengoaren nahiari bizkar emango baliote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.