Duela urtebeteko argazkirik ez da izango, baina orduan zehaztu ziren edukietan sakontzeko balioko du gaurko bilerak. Aieteko konferentzia sustatu zuten nazioarteko eragile taldeko Jonathan Powell hainbat eragilerekin bilduko da gaur Donostiako Aieteko jauregian. Duela urtebete bertan egindako adierazpenaren edukien bilakaera aztertu, berak egindako kudeaketen berri eman eta egungo egoerari buruz iritziak trukatuko ditu Powellek eragileekin. Bilera 10:00etan hasiko da, eta, eguerdian, Powellek berak adierazpenak egingo ditu komunikabideen aurrean. Nazioarteko eragile taldeko ordezkari bakarra izango da bera.
2011ko urriaren 17an egin zuten bake prozesuari bultzada eman eta bide orri bat finkatzeko nazioarteko konferentzia. Tony Blair Erresuma Batuko gobernuburu ohiaren kabinete buru izandakoarekin batera han izan ziren Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia eta Gerry Adams Sinn Feineko presidentea. Han onartutako agirian, ETAri eskatu zitzaion jarduera armatua amaitzeko eta Frantziako eta Espainiako gobernuei ETArekin elkarrizketak hasteko, gatazkaren ondorioei buruz hitz egiteko. ETAk hiru egun geroago jakinarazi zuen jardun armatua behin betiko etengo zuela. Konferentzia egin zenetik urtebetera, hori da ebazpenetik bete den puntu bakarra. Hori hala, litekeena da gaurko bileran adierazpeneko beste puntuak lantzea: ETAren desarmatzea, presoen egoera eta biktimen auzia, besteak beste.
Duela urtebeteko konferentzian parte hartu zuten Euskal Herri osoko eragileak daude deituta gaurko bilerara: alderdi politikoetakoak, Elizakoak, patronalekoak eta sindikatuetakoak. Gaurko bilerak bat egingo du Eusko Legebiltzarraren osaketarekin eta, beraz, duela urtebete izandako eragile politiko batzuk ez dira han izango. Hori da, hain zuzen ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiaren kasua. Urkullu joan den astean bildu zen Powellekin.
Jeltzaleen zalantzak
Jeltzaleek jakinarazi dutenez, EAJren EBBko Joseba Aurrekoetxea eta Txaro Goikolea izango dira gaur, nahiz eta garrantzia kendu nahi izan dioten bilerari. Prest azaldu dira edozein ekimenetan parte hartzeko, baina konponbide prozesuari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarretik kanpo ateratzeko saiorik ez dutela onartuko esan dute. Halaber, EAJk azaldu du Aieteko konferentzian parte hartu zuela ETAk jardun armatua iragarri zezan laguntzeko. Orain, ETAk «desegin» behar duela nabarmendu du.
Antzeko iritzia dauka PSE-EEk. Hala ere, bilerara ez joatea erabaki du oraingoan, parte hartzeko «arrazoirik eta baldintzarik» ez duelako ikusten. PP ere ez da bileran izango. Duela urtebete emandako argudio berberak eman ditu: esan du bileraren atzean ezker abertzalea dagoela eta ETAren ibilbidea «ezkutatzea» duela helburu. Ezker abertzaleak, berriz, berretsi egin du bileran parte hartuko duela. Aieten izango dira Rufi Etxeberria, Pernando Barrena eta Anita Lopepe.
Powell eragileekin bilduko da gaur, prozesuaren egoera aztertzeko
EAJk ere parte hartuko du, baina esan du ez duela onartuko Eusko Legebiltzarretik kanpo uztea konponbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu