Potasa meatzea ireki nahi du Undion Geoalcalik

Kontzejuak proiektu horren aurkako iritzia agertu du, aurretik eremu horretan izandako meategiak eragindako kalteengatikBaztanen Magnak Erdiz eremuko egitasmoa berriz pizteko aukeraz ohartarazi dute

Zilbetin egin nahi duten harrobiaren aurka iaz egindako mendi martxa. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Bertze bat. Bertze meategi bat martxan jartzeko proiektua jarri dute mahai gainean Nafarroan. Potasa ustiatu nahi du Geoalcali etxeak, Undioko kontzejuan. Hango herritarrak ere abian jarri dira, enpresaren egitasmoaren berri jaso bezain pronto, eta argi utzi diete konpainiako arduradunei beren iritzia zein den: ez dute meategirik nahi beren herrietan.

Undioko eta inguruko herrietako biztanleek badakite zer den potasa ustiatzeko azpiegitura baten ondoan bizitzea. Duela hogei urte eskas itxi zuten denbora luzez martxan izaniko meatzea. Hark eragindako ondorioak fresko dituztelako, oraindik ere, ezezko biribila eman diote oraingo egitasmoari.

Geoalcali enpresak «Australiako eta Espainiako kapitala» du, konpainiak bere webgunean azaltzen duenez. Ebroren arrorako hiru proiektu ditu, informazio horren arabera, eta haietako bi daude Nafarroan: bat Undiokoa da, eta bertzea, berriz, Xabierren dago. Xabierren, hain zuzen, zundaketak egiten hasi da enpresa. «Haien arabera, sakonera gutxira potasa hobi zabala dago», Geoalcaliren arabera. Xabierren, bai eta Undio eta inguruko herrietan ere, zundaketak egiten jarraitu nahi du enpresak, urtea amaitu arte.

Erdiz, berriz ere

Undion, potasa. Nafarroako bertze hainbat tokitan, magnesita. Meategiak eta harrobiak egiteko mehatxuak ez du bakarrik Erreniega ingurua ukitzen: Baztanen ere, ibar horretarako Magnesitas de Navarra enpresak dituen asmoei so dira herritarrak. Etxe hori Baztan aldera begira jarri baita, berriz ere, Erdiz Bizirik plataformak ohartarazi duenez.

Magnak 2008. urtean iragarri zuen bertan behera utziko zuela Erdiz eremuan harrobia egiteko proiektua; duela hilabete inguru, ordea, proiektu hori bultzatzeko eskatu zion Baztango Garapenerako Elkarteak bertako udalari.

Baztango Garapenerako Elkartearen eta Magna enpresaren arteko lotura argia izan da beti harrobiaren aurkako Erdiz Bizirik plataformako kideentzat. Hori dela eta, elkarte horrek Baztango Udalari egindako eskaera enpresak berriz ere proiektua mahai gainean jartzeko lehen urratsa izan daitekeela uste dute plataformako kideek.

Erdiz eremua Aldude mendiaren zati da; eta Aldude mendia babes bereziko eremua da. Gainera, Natura2000 sarearen barruan dago eremu hori. Europak babestutako tokia da, beraz. Horrek, hala ere, ez ditu geldiarazi Magnaren asmo guztiak, orain arte. Izan ere, 2008an Baztango proiektua alde batera utzi eta gero, Zilbetira begira jarri ziren enpresako arduradunak. Hango Antzeri pagadian ere harrobia egiteko asmoa du etxe horrek. Aldude Mendia Koordinakundeak auzitara jo zuen asmo hori salatzeko, eta epaileen erabakiaren zain dago. Europaren babesa eskatzeko prest dira koordinakundeko kideak.

Zilbetiko proiektuari eutsi dio, oraingoz, Magnak. Enpresak beti utzi du argi, hala ere, harrobia egiteko tokirik egokiena Erdiz eremua dela. Horregatik egin du gora proiektuaren kontra diren herritarren kezkak, proiektua berpizteko aukera mahai gainean jarri dutenean. Aldude mendia ukitzen du, halaber, Aurizberrin silizea ustiatzeko egin nahi duten harrobiak. Han ere, plataforma osatu dute, proiektuaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.